Manoel de Oliveira: “Benetakoa den bakarra memoria da, baina memoria asmakizun hutsa da”

Manoel de Oliveira Zinema mututik gaurdaino, Manoel de Oliveira. Zendu berria den zuzendariari gorazarre egiten diogu Wim Wenders-en “Lisbon Story” (1994) filmari hiru minutu lapurtu eta hona ekarrita, bertan agertzen baita orduan 85 urte zituen portugaldarra, pantaila aurrean bizitzaz eta zinemaz berbetan: “Benetakoa den bakarra memoria da”.

Porton 1908an jaiotako zinemagilea eta Portugaleko zuzendaririk ezagunena, Manoel de Oliveira, atzo zendu zen, kamera atzean laurogei urte baino gehiago eman eta 60 lan filmatu eta gero. 106 urte zituen arren, adinak ez zion oztoporik jarri sorkuntzarako.

2014koa zuen azken lana, “El Velho do Restelo” -eta urtea bukatzear zela estreinatu zuen “Chafariz das Virtudes” film laburra-; 1931koa lehena, arrantzaleei buruzko “Douro Faina Fluvial” dokumentala. Zinemagintzan antzezle gisa murgildu zen eta geroztik bukaeraraino mantendu zuen bere lanetan agerpen txikiren bat egiteko zaletasuna.

Zinema mutuaren garaian lan egin zutenetatik aktibo zegoen azken zuzendaria ei zen Oliveira, zuri-beltzetik kolorera eta mututik soinudunerako bidea egin zuenetakoa.

 

Neorrealismoaren aitzindari, 1942an “Aniki Bobó” zuzendu zuen, eta Salazar-en diktadurapean igaro zuen artista gisa arorik ilunena, lan egiteko oztopoz betea. Estado Novo bukaeran, Krabelinen Iraultza eta gero, 1975etik aurrera -urte hartako “Benilde ou a Virgem Mãe” filmak ekarri zion nazioartean sona-, zinema estatiko baten hautua egingo du artista portugaldarrak, plano finkoak erabilita; bere filmetan etengabekoak dira gizakiaren konplexutasunari eta arteari buruzko gogoetak. Azken bi hamarkadatan, kasik film bat zuzendu du urtero!Manoel de Oliveira (Le Soulier de Satin)

1985ean Veneziako zinemaldian Urrezko Lehoia eskuratu zuen “Le Soulier de Satin” filmarekin, eta Cannes-en Urrezko Palma 2008an, bizitza osoko ibilbideari; ehun urte betetzear zen gizona. Tartean, 1995ean, “O Convento” filmean Catherine Deneuve eta John Malkovich zuzendu zituen, eta bi urte geroago Marcello Mastroianni “Viagem ao Principio do Mundo” lanean, italiarrak zineman izan duen azken agerpena.

Donostiako Zinemaldian ere behin baino gehiagotan izana da. 2001ean, esaterako -kronikek diotenez Zinemaldiko festatan ere ikusi zuten, goizeko ordu bata jota zirela-, Zabaltegik “Je rentre à la maison” proiektatu zuen -Eugéne Ionesco-ren Béranger I. taulen gainean antzezten dagoen protagonistarekin hasten da filma, sekuentzia-plano luzean; apunta dezala Lurrune Pelletier-ek-; eta orain hamar urte inguru, “Belle Toujours” aurkezten izan zen. Ordukoa da, 2006koa, sarrera hau irekitzen duen argazkia (Zinemaldiarena da).

 

“Lisbon Story”

Zinemak ehun urte bete zituenean 85 zituen portugaldar zinemagile itzaltsuenak. 1994a zen, eta Oliveirak“Lisbon Story” filmean agerpen txiki bat eginez ospatu zuen mendeurrena; 1933an “Cancao de Lisboa”, lehen portugaldar film soinudunean hartu zuen parte.

“Lisbon Story” Wim Wenders zinemagile alemaniarraren lana da, dokumental kutsuarekin zuzendutako fikziozko filma, zer eta zinemagintzan mintzo dena, memoriaz ere berba egiten duen Oliveiraren hausnarketetan entzun daitekeenez:

Bera ez dago jada Lurrean, baina zerk irauten du, ba, bere lekuan? Izango da benetan Santuentzako lekurik? Jainkoa existitzen da… unibertsoa Berak sortua da. Eta zer da unibertsoa? Gizakia… gizateria desagertuko balitz… alferrekoa litzateke unibertsoa. Edo beharbada egitekoren bat du gizakiaren existentzian?

Guk… guk Jainkoa imitatu nahi dugu, horra hor artistak. Artistak mundua irudikatzen dutenak, txikiagoak balira bezala. Eta egiten dituzte halako zera batzuk… etengabe birpentsatzen dute historia, bizitza, gertatu dela sinesten dugun guztia; sinesten dugulako soilik… bai, azken batean oroimenean sinesten dugulako. Dena bukatua baita. Eta nork ziurtatuko digu pasatutzat jotzen dugun hori benetan pasatu dela? Nori galdetu beharko genioke?

Mundu hau, hipotesi hau ilusio bat da orduan. Benetakoa den bakarra memoria da, baina memoria asmakizun hutsa da. Azken finean, memorian, zineman, esan nahi dut, kamerak zineman denbora bat ezar dezake baina denbora hori iragana da jada. Film bat egiten edo osatzen duena, azken batean, zera da: berpiztea denbora horren mamua. Eta ziur gara une hori filmetik kanpo existitu zela? Edo filma da bermea, denbora horren existentziarena. Ez dakit. Edo esan dezagun gero eta gutxiago dakidala. Azken finean, etengabeko zalantza batean bizi gara. Bitartean bizi gara, oin bat lurrean dugula, jaten, bizitzaz gozatuz…

ZUZEUko erredakzio kide