Osasunez gainezka, diruz urri
Gazteen Euskal Behatokiak “Aurrera Begira 2014” txostena eman zuen ezagutzera atzo, Gazteen Aurreikuspenei Buruzko Adierazleak jasotzen dituena. Miren Bilbao Gaztañaga, Nieves Corcuera Bilbao eta Oskar Longo Imatzek egin dute ikerketa; ondorioak? osasunez gainezka eta diruz urri ibilita ere, gaztea beti baikor.
Ikerketa urtero egiten da, eta EAE-ko gazteek oraina nola antzematen duten ezagutzea du helburua, baita epe laburrean, etorkizunerako dituzten aurreikuspenak ere. Kasu honetan, 2014ko azaroan egindako ikerketaren emaitzak dira ezagutzera eman direnak; 15 eta 29 urte bitarteko 1512 gazteri egindako (telefono bidezko) inkestatik jasotako erantzunekin.
Kontutan hartu dira:
– Norberaren poztasun indizea
– Bizitzaren alderdien balantzea
– Lana galtzeko edo baldintzak okertzeko arriskua
– Lana aurkitzea aurreikustea
– Prestakuntzari lotutako lana izatea aurreikustea
– Derrigorrez emigratu beharra aurreikustea
– Emantzipazioa zapuztuko dela aurreikustea
– Gazteen gaitasunekiko konfiantza indizea
– Etorkizunerako konfiantza indizea
Emandako erantzunetatik, orainak balorazio positiboa jasotzen duela ondorioztatu daiteke. Zerotik ehunerako eskalan, 62 puntu eman dizkiote inkestatuek egungo egoerari, iaz baino bi puntu gehiago; eta beraz, zertxobait baikorragoak dira egun gazteak. EAE-ko egoera orokorra eta gaztediarena hobeto baloratzen delako ei dator igoeratxo hori baina, hala ere, EAE-ren balorapena gaztediarena baino hobea da, eta norberarena EAE-ri dagokiona baino hobea egiten du gazte bakoitzak.
Pozik egoteari dagokionean baina, emaitza baikorrak lortu diren arren, apur bat behera egin dute 2013koekin alderatuta. Familia, osasuna, lagunak eta etxebizitzak -lehentasunezkotzat dituzte bi lehenak- eragiten die poza gazteei, eta diru-sarrerak gutxien, honekin ere orokorrean pozik diren arren. Desorekarik handiena, lanean eta diru-sarreratan antzematen da. Oso gai garrantzizkotzat jotzen dituzten arren, aspektu hauetan duten egoerarekin ez dira hain pozik gazteak.
Langabezian den hamar gaztetik seik urtebeteko buruan lana aurkituko duela uste du; itxaropenak gora egin du aurreko urteko datuetatik. Gainera, ikasketak bukatzear direnen %56ak formazioari lotutako lana aurkituko duela uste du, eta ezinbestean lanera atzerrira joan beharra izango duela uste duenaren ehunekoak behera egin du. Jaitsiera ez da migratzeko beharra ez dutelako antzematen, kanpora ateratzeko gero eta prestasun handiagoa dutelako baino.
Lanean diren gazteen kasuan, heren batek urtebeteko epean enplegua galtzeko arrisku altua ikusten du, eta erdiak arrisku baxua, ez baitu uste lan baldintzak okertuko zaizkionik. Azken multzo honen ehunekoa hamar puntu igo da urte beteren buruan; %53 da aurten.
Emantzipazioari dagokionean, aurreikuspenek ez dute hobera egin, gazteen aburuz ezin delako epe laburrean gauzatu, beraiek nahiko luketen moduan. Erdiek uste dute ezingo dutela gurasoen etxetik alde egin, edo gurasoenera bueltatu behar izango dutela. Aspektu honetan handia da gazteek pairatzen duten frustrazioa.
Gazteria baloratzeko orduan, prestakuntza maila eta lanerako gaitasuna da gazteek beraiek gehien nabarmentzen dituzten ezaugarriak. Etorkizunari begira, joera baikorra agertzen dute, bost urteko epean egoera hobetzeko konfiantza hamar puntu igo baita, norberarena zein gazteria osoarena.
Ondorioak
Txostenak gazteek, beren bizitzari dagokionez, poztasun handia dutela ondorioztatzen du, 2013koak egin zuen bezala. Epe laburrean lanarekiko dituzten aurreikuspenak lehen baino baikorragoak dira; lana aurkitzeko, enplegua ikasitakoarekin lotuta egoteko zein ez galtzeko. Aspektu negatiboan, emantzipazio, urte bete lehenago baino zailagotzat hartzen dena orain. Dena den, gazteek aurreko urtean baino konfiantza handiagoa dute etorkizunean.
Egungo egoeraren balorazio egiteko, hiru galdera egin zaio elkarrizketatu bakoitzari; bata egoera pertsonalari buruzkoa, gazteen egungo egoerari buruzkoa bestea eta, azkenik, EAE-ko egoera kontutan hartzen duena. Norberaren poztasun indizea neurtzeko, berriz, galdera bat egin zaie, eta aspektu ezberdinak baloratzeko eskatu: lana, prestakuntza, etxebizitza, familia, aisialdia, adiskideak, harreman sentimental edo sexualak, osasuna, diru-eskuragarritasuna eta independentzia pertsonala. Etorkizunarekiko konfiantza neurtzeko orduan, berriz ere hiru galdera egin zaizkie gazteei, bost urteko epean egoera hobetuko dela uste duten, maila pertsonalean, gaztediari dagokionean eta EAE kontutan hartuta.