Javier Naiz, Ezagut Nazazu

Javier Naiz

Frantziako eskola batean gogor kritikatu omen dute literatura irakaslea: nonbait, liburu gehiegi irakurrarazten die ikasleei, eta horrek, liburuak irakurtzeak alegia, elitismoa bultzatzen du. Kritika ezkerretik etorri da, eta susmagarritzat jotzen du ikasleei liburu onak ezagutarazteko tema hori.

Problema, neurri handi batean, exotiko samarra da guretako: lagun batek kontatu zidan berriki Toti Martinez de Lezearen nobela bat irakurtzen ari zela haren haurra eskolan, eta bertze lagun bati irakurri nion, duela guti, Jon Arretxeren libururen bat irakurtzen dutela ikasleek institutuan: euskal literaturaren irakaskuntzan, beraz, liburu onak bazter utzi eta kontu handiz uxatzen da balizko elitismoaren arriskua, gutieneko izendatzaile komun baten izenean.

Telebistan ere, marrazki bizidunetan hain zuzen ere, liburuak irakurtzeak eta, oro har, kulturak, ospe txarra dute. Boing eta Clan Espainiako kateetan ematen dituzten telesailetako protagonista batzuei erreparatu bertzerik ez da egin behar, ohartzeko gehien-gehienak –edo, haietarik franko, bederen–, tonto hutsak direla, edo ergel samarrak, inteligentzia ez dela haien ezaugarri nagusia; marrazki bizidunetako pertsonaietan bertzelako bertuteak nabarmentzen dira: ustezko irudimena, onberatasuna… Kulturak pertsonaien jatortasuna eta naturaltasuna –goi mailako dohain horiek– hondatzeko baizik ez du balio, eta liburuekin kontaktua duen pertsonaiak sufritu bertzerik ez du eginen, ingurukoak ulertzeko ezgauza den pedante bat bihurtuta, lagunak galduko baititu. Doraemon telesailean, adibidez, Nobitak, hondarrekoz inteligente bihurtuta, bere adiskideekin egoteari uko egin beharko dio eta, ataka horretan, betiko tontoa izatera bueltatzea erabakiko du; Bob Esponjaren adiskidetasuna galduko du Patrizio izarrak, burmuina handitu eta intelektual bilakatuko den kapituluan, eta, azkenean, betiko tonto dibertigarri eta xarmagarria izan nahiagoko du, jakintsu aspergarria eta elitista nazkagarria –barka erredundantziak– izan baino; Regular show-en –edo, espainolez, Historias corrientes-en– desastrea ekarriko du Mordecai eta Rigby protagonisten adimena handitzeak –inguruko kolega sinple baina jatorrekin harremana galdu eta, azkenean, latinez eginen dute beren artean–; Clarence telesail berriko kapitulu batean, protagonistaren amak antolatzen duen irakurketa klubaren zurikeria eta hutsalkeria agerian geldituko dira, izenburuko Clarenceren berezko ezjakintasun irudimentsuaren ondoan. Naturalki jaso ditugun ezaugarriak ilundu eta desitxuratu egiten ditu kulturak, benetan zer garen –gure esentzia aratza– estali bertzerik ez dute egiten liburuek. Haurrendako telesailek eta Frantziako irakasle hari haserre eman diotenek bat egiten dute, eta ederki ari dira elkarlanean mundu honetatik elitismoaren arrastoak desagerrarazteko.

Zenbait politikariren artean ere, naturaltasuna eta jatortasuna preziatzen dira gauza ororen gainetik: kontua ez da zer egiten duen politikari jakin batek, zer den baizik. Duela urte batzuk, PSNko politikari bati galdegin zioten Euskalerria Irratian, zer iritzi zuen Maria Chiviteri buruz. Erantzuna hauxe izan zen: “Beno, emakumea da, Senatuan dago”. Miresten dut iritzi horren finkotasuna, nik etengabe aldatzen baitut nire buruaz dudan iritzia: batzuetan gizona naiz, eta etxean nago, baina, bertze zenbaitetan, gizona naiz eta kalean nago eta, tarteka, gizona izatera ere ez naiz ailegatzen eta, aukeran, bertze nonbait egonen nintzateke.

Iritzi sakon hori adierazi zuen politikariari, Ainhoa Aznarezi alegia, elkarrizketa egin zioten berriki Argia aldizkarian, eta galgedin zioten Podemoseko zerrendan joateko prest egonen ote litzatekeen, Laura Perezek horretarako deituko balio. Erantzuna: “Aspalditik ezagutzen dut Laura. Oso jatorra da, zintzoa, koherentea, hemengoa”. Aipatzen dituen bertuteen artean, niri “hemengoa” izatearena gustatu zait bereziki; izan ere, hemengoa ez izatea funtsezkoa izan da, Aznarezen hitzetan, Podemoseko bertze hautagaiaren porrotean: “Joan Bosch ere ezagutzen dut. Hemen bizi da, baina ez da hemengoa” (eta gero, zera gaineratzen du: “agian oso ikuspegi paletoa da”, eta erran behar dut –nire kritika guziak hain negatiboak izan ez daitezen– nahiko ados nagoela iritzi horrekin: bai, oso ikuspegi kaikua da). Esentzia transzendentalen mundu zoragarrian bizi da Aznarez: izan ere, bera ere badakigu zer den, PSNko disidente ofiziala alegia –tira, eta emakumea, eta euskalduna, eta hemengoa–; zer egiten duen zehaztea, ordea, zailxeagoa litzateke.

Hori nolanahi den ere, interesgarria da PSN –edo, kasik berdin dena, PSNko disidentea– bat heldu dela –horretan ere– UPNrekin. Merkealdia ofizialki hasi baino lehen dendetan deskontu bereziak egiten diren bezalaxe, hauteskunde kanpaina ofizialki abiatu baino lehen, aurrekanpaina izaten dugu. Aurtengo aurrekanpainan, UPNk José Javier Esparza zerrendaburua aurkeztu nahi izan dio jendeari: UPNren web-orrian bada lotura bat “Javier naiz, ezagut nazazu” izenburupean –boz goxo batez ahoskatuz gero, anitz irabazten du esaldiak: “Javier naiz, baby [aukerakoa, hasperen edo intziri egitea], ezagut nazazu”–. Ainhoa Aznarezen iritziak sakonak diren bezain politikoak dira Esparzaren bertuteak: kirolaria da, Agoizkoa –hau da, hemengoa–, irakaslea –deus ere irakasten ez badu ere–, hurbila. Interneten publikatzen den agerkari baten arabera, UPN jende normalaren botoa bilatzen ari da: egunean hamabortz ordu Espainiako Gerra Zibilaren inguruan hausnarrean ematen ez dituen eta iraganera bueltatu nahi ez duen jendea; presoen argazkiekin ibiltzen ez den jendea; euskaraz mintzatzera behartua izan nahi ez duen jendea. Erran bezala, jende normala, kirolaria, hemengoa, hurbila. Esentzia finko eta tinko baten jabe den jendea. Pedantekeria da historiaz kezkatzea edo justizia aldarrikatzea; eta elitismoa nabarmentzea –diskretuki bada ere– hobe dela zure inguruan erabiltzen diren bi hizkuntzak ezagutzea, bati ezikusiarena egitea baino.

Baina hori guzia gauzak egitea da, eta, egia erran, jakin badakigu zer egin duten hondar urte hauetan UPNko eta PSNko politikariek. Esentzia fantasmagorikoak aldarrikatzea bertzerik ez zaie gelditzen.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

3 pentsamendu “Javier Naiz, Ezagut Nazazu”-ri buruz

  • Bale oso polita, benetan gustatu zait, BAINA: ez da barkagarria inteligente bilakatu eta berriz ergel izan nahiago duten pertsonaien zerrenda horretan Hommer Simpson sartu ez izana. Ez duk ikusi txikitan buruan torloju bat edo holako zerbait sartu zitzaionekoa eta geroztik adimen murritzekoa dela, eta azkenean torlojua berriro buruan sartzen duenekoa? (Aita jakintsuak tonto ber-bihurtu baino lehen Lisa alabari idazten dion despedida gutun hunkigarri eta guzti?)…

    • Santi Leoné 2015-03-11 21:00

      Zertarako balio dute haurrek? galdegiten zuten duela guti erosi (ezen -oraindik- ez irakurri) dudan liburu batean. Bada, gauza guzien errua leporatzeko, bertzeak bertze. Azken bolada honetan, semeak behartuta, artikuluan aipatu ditudan marrazki bizidunak bertzerik ez dut ikusten, eta Simpsondarrak aspalditik ditut alde batera utziak. Horregatik ez dut solasera ekarri gogoan dudan eta zuk egoki eta xarmantki gogorarazi didazun kapiltulua.
      Horrek, halere, ez du justifikatzen sartu ez izana, eta ez dizu bueltatuko coitus interruptusean galdu duzun plazera. Akatsa ez da barkagarria, baina, nire burua zuritze aldera, egiten ahal dudan gauza bakarra da esplikatu zergatik ez dudan sartu nahitaez sartu behar nuen erreferentzia hori. Clan eta Boing kateetako haurrendako marrazkien artean bilatu ditut nire adibideak, kanpoan ere bizitza badela atzenduta. Berriz diot, azaldu, baina inolaz ere ez justifikatu. Homerrek hor behar zuen.

  • jejeje orain berirakurri dut goizean azkarregi idatzi dudana eta ez “jeje” bat eta ez emotikono bat badirudi “kargu-hartze” bat izan dela, inondik ere ez! Ekarpentxo bat egin nahi izan diot asko gustatu zaidan zure artikuluari, bide batez, nahiko ados nagoena, nahiz eta gaztetxoei eskoletan ematen zaizkien liburuen gainean luze(ago) eta zabal(ago) jardun gintezkeen. Baina tesi nagusiarekin guztiz ados!