ETB1eko “Euskaldunak” saioaren izenaz
Abenduaren 30ean emango du ETB1ek EUSKALDUNAK izeneko saioa, gaueko programaketaren barruan. Besteak beste, SAUTRELA eta HIZKAMIZKA saioak egin ditugun lantalde berak egindakoa da, jende gehiagoren laguntzaz, jakina.
Zalantza handiak ukan genituen saioarentzat izen bat hautatzerakoan, EUSKALDUNAK deitzea anpuloso xamarra gerta baitakioke bati baino gehiagori, baina Nikola Ormaetxeak, Orixek, eman zigun horretarako baimena edo aitzakia. Berak 1950. urtean argitaratu zuen izen bereko poemategi zabal bat eta gogoan dugu, oroitzapen zaharren laino artean galduta bada ere, geure nerabezaroan irakurri egin genuela liburi hori edo, behintzat, esku artean eduki genuela: a ze liburu txarra!, horixe geratu zitzaigun oroitzapenean iltzatuta.
Iritzi horrekin bat dator Ur Apalategi azterketa zorrotz batean. Gure aldean gaiztoa da Apalategi, zorionez, eta ironiaz dio EUSKALDUNAK liburua Orixe berak ere ez zukeela atseginez irakurri ahal izango: “Zaila dirudi aldi berean ikasia eta gustu literario atzerakoiak lituzkeen irakurle ideala aurkitzea lehen argitalpenaren garaikideen artean… ez bada Orixerengan berarengan”.
Izan ere Orixek epopeia nazional bat idatzi nahi izan zuen bere bakardade abertzale eta ultrakristauan aterpeturik eta, Apalategik dioen bezala, ezer baino lehen “masa” bat, kopuru bat sortu zuen: “Epopeia zaharren antzo hamabost kantutan, bi mila bat ahapalditan eta hamabi mila bat bertso-lerrotan zatituriko obra poetiko zabala”.
Egia esan, Orixe berandutxo etorri zen Europan hain zabalduta egondako herri-epopeiak idazteko moda erromatikora: tiroa gaizki bota zuen eta oso berandu, gainera. Hala ere guk irakurri egin genuen, edo eskuetan eduki, lehenago ere esan bezala, oraindik dohakabe ginen garaietan. Eta orain dator oso maiz neure buruari egiten diodan galdera: zertarako balio du ahaztuko diren liburuak irakurtzeak?
Kontua da Orixeren EUSKALDUNAK hartatik gogoan genuen bakarra, txar-usaina zela eta harekin batera, estrainekoz berari ikasi genion hitz gerora aski erabilitako bat: goi-arnas. Bai, hitz hori, behintzat, Orixeri ikasi nion. Zorretan naiz, bada.
Sarrerako poeman aurkituko dugu kontzeptu hori, liburua idazteko arrazoiak aitortzen dituen berorretan. Izan ere, Orixe erreminta zerutar bat da, trepeta jainkotar bat, euskaldunon benetako izaeraren lekukotza fintasun mistikoz kontatzeko sortua:
ZATOZKIDA, GOI-ARNAS.
EIZU NEREKIN LAN,
ERRI BATEN ARNASA.
MAMITU DEZADAN.
GEROAK ESAN BEZA:
ERRI BAT IZAN ZAN;
EDO-TA ATS EMAIOGUN.
ONTAN IRAUN DEZAN.
Masokismoa irudituko zio agian baten bati, baino aitor dut nolabaiteko atsegina eragiten didala liburuaren sarrera horrek, gainerako guztiak ez bezala. Izan ere, saioa egitera gindoazenean, berriro hartu baikenuen eskutan gure epopeia paregabea. Eta bai, orainkoan ere, ezin amaieraraino heldu, hainbestekoa baitzen pastela bidean!
Baina ez esan niri ez denik Santa Teresaren parekoa, edo San Juan Gurutzekoaren adinakoa, Orixeren hitz horiei darien mistizismoa eta zeregin ezinbestekoa!
Seguru asko, Joxe Mari Aranalde maitea bizirik balitz, ez nukeen sarrera hau honela idatziko. Baina kontua da, honengatik edo hargatik, geu ere zerutik agindutako zereginean murgildu ginela, Blues Brothers-ak bagina bezala. Gainera bagenekien, Orixeri ez bezala, inork ez zigula goi-arnasarik leporatu ahal izango gure eginkizunean. Izan ere, epopeietatik oso urruti, gaur egungo euskaldunon katalogo moduko bat baizik ez genuen ekarri nahi EUSKALDUNAK saiora. Gaurko egunean geure hizkuntzan bere sentimentu, bizipen eta pentsamenduak arazorik gabe adierazteko gai den euskara jendea erakutsi nahi dugu. Ez besterik. Ez gutxiagorik.
Saio bat egin dugu, dotorea gure ustetan. Ez dakigu atal gehiago izango den, hain dira harrigarriak gaur egunean telebistako langintzaren bideak!
Jendearen aldetiko harrera ikusi beharko da, baina nahiago genuke asmatzea. Izan ere, geroak esan beza, herri bat izan zan, edota hats emaiogun, hontan iraun dezan.