Hekimen: Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen eztabaidaren aurrean

Eusko Legebiltzarrean egunotan egiten ari den 2015erako aurrekontuen proposamanaren inguruko eztabaidaren harira, Hekimenek bere irakurketa plazaratu nahi du.

Aurrekontu horietan, euskal hedabideak sustatzeko diru laguntza saila 4.875.000 €koa da, 2012ko, 2013ko eta 2014ko bera. Esan behar da euskararentzako aurrekontuek, eta, ondorioz, hedabideen finantzazio publikoak, beheranzko joera hartu dutela azken urteotan, 2008tik hona, eta bereziki 2010etik 2012ra. 2012tik 2014ra eustera jo dute administrazioek, baina ez diote egoerari buelta eman.

grafika1

Hedabideetan euskara sustatzeko sailak aurrekontu orokorrekiko daukan pisua azken hamar urteotako bigarren baxuena izango da 2015ekoa, 2012koaren ondotik. Hizkuntza politikarako dirua, berriz, aurrekontu osoaren %0,46koa da, azken hamar urteotako txikiena.

Honen aurrean, euskal hedabideak biltzen dituen Hekimen elkarteak ahalegin berezia eskatu nahi die aurrekontuak eztabaidatzen ari diren alderdi politikoei, egoerari buelta eman diezaioten, eta ados dezaten gutxieneko aurrekontu bat euskararen biziberritzerako ezinbestekoak diren hedabideentzat. 2008ko egoerara bueltatzeko, hau da, murrizketak hasi aurreko egoerara itzultzeko, milioi bat euroko diru laguntza gehigarria beharko lukete hedabideek.

Azaroaren 24an Legebiltzarrean bertan egin genuen agerraldian azaldu genuenez, sektorea prest dago finantzazioari buruz gogoeta sendo eta partekatua egiteko, etorkizunera begira. Baina euskal hedabideek ezin dute murrizketa gehiago jasan. Aurten bertan, urratsak egin behar ditugu norabide horretan.

2014ko abenduaren 12an

hekimen

 

Hekimen: beste norabide baten beharraz – 2014-11-15

Alberto-Barandiaran, hekimeneko zuzendariari egindako elkarrizketa

 

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.