Oztopo guztien gainetik, euskaraz bizitzeko nahiari irmo eusten
Apirilaren 25era bitarte, Kontseiluaren baitan biltzen diren eragileek, gaur egungo egoeraren inguruan hausnarketa egin eta herritarrekin partekatzeko asmoz, hainbat gairen inguruan bideo laburrak landuko dituzte. Irailean helduen euskalduntze-alfabetatzearen ingurukoa aurkeztu ondoren, administrazio desberdinetan aurrekontuak negoziatzen ari diren momentuan, horren gaineko hausnarketa plazaratuko dugu.
Gaur egun Nafarroan euskararen normalizazioari bideratutako bitarteko ekonomikoen murrizketa izugarria gertatzen ari da, hainbat proiektu itotzera heltzeraino. Egoera pertsonal oso gogorrak sortu dizkie Nafarroako Gobernuak, berak hartutako erabakien ondorioz. Euskaltegiko langileen, euskarazko hedabideetako langileen familiak egoera ekonomiko oso prekarioan utzi ditu.
Euskaraz ikasi nahi duten herritarrak egon badaude, bideoko protagonistek agertzen diguten moduan, baina laguntzarik ez dago hauentzat eta duten nahi eta eskubide hori oztopatzen ari da Nafarroako Gobernua inolako gupidarik gabe. Dagoen eskaera ezin erantzun ere utzi ditu euskaltegiak zenbait lekutan.
Horrelako egoerak bizi dituzten pertsonen kontakizunen bitartez egoera ezagutzera ematen du gaur aurkezten dugun “11 egun oztopo guztien gainetik” dokumentalak. Baina, ez da hori bakarrik ikus daitekeena. Euskalgintza, herritarren lanari eta borondate irmoari esker aurrera egiten ari da, oztopo guztien gainetik.