Karramarroaren hegaldatzea

Karramarroaren hegaldatzea – Lete

Lete

Xabier Lete oso poeta fina da. Eta sakona, gizaberearen katramilei dagokiela.

Musikari bezala ere, bikaina.

Ez horrenbeste, akaso, kantari moduan, nahiz eta haren estilo hautsia geure-geurea egin dugun eta, jadanik, ona ere iruditzen zaigun haren ahots lakarra.

Filosofo bezala, berriz, zalantza gutxi: pentsamendua garatzeko, egokiago alemaniar erromantikoak hautatzea. Eta zer esanik ez filosofia politikoaren esparruari bagagozkio.

Bada, ebidentziari ifrentzua bilatuz edo, filosofia ongi ikasia behar zuen Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Lete nahiago du filosofo politiko gisa bere eguneroko jardunerako. 

Azken Bat. Soziolinguistika aldizkarian kaleratutako artikuluan aitortua (43-55).

Eta aitortzeaz gainera, kolonialismo eta inperialismoaren aurkako borroketan etengabe injektatu nahi izan ohi den erresignazioaren filosofiaren estiloko bat garatu du gero lau lerrotan. “Amets txikien iraultza” deitu dio asmakuntzari. 

Eta kontua behar bezala argitzeko, Leteren “nik ez dut amets haundirik” bertsoak baliatu ditu, filosofia berriaren muina ondo ikasi beharreko katixima baten modura lerrokatuta emanez: 

Ametsik bai? “Bai”, litzateke erantzuna, ezbairik gabe emana (…) Nolako ametsak, ordea? Handiak? “Ez”, litzateke erantzuna, hau ere ezbairik gabe. Ametsak bai, amets txikiak baina (50)

Profetikoa? Apokaliptikoa? Dogmatikoa? 

Zalantzarik gabeko axioma dibinoen parekoa behintzat, bai. 

Baina gauza txikien jainkoa asko poztuko balitz ere adierazpen horiekin, bihurri samarra ere izan daiteke irakurlea zenbaitetan eta, halabeharrez edo, hiru asmo ilun susma litzake ezkutaturik apaltasunaren filosofia horrekin garatutako diskurtso laburrean.

Lehendabiziko susmoa, ea filosofia aingerutiar horrek ez ote duen hogeitaka urteko hizkuntza politika odolgabea zuritu nahi izango, egindako eta egin gabeko guztia taxuzko, naturazko eta logikoena bezala agertuz. 

Ildo horretan, “hazkunde jarraitu baten kronika da euskararen gizarte bilakaerarena azken hiru hamarkadotan” esaldia kontzientziak lasaitzeko asmakeria azkarra da, autokonplazientea eta errugabetzen duena, hain zuzen. Eta berdin-berdin jokatzen jarraituko dutela adierazteko esapide perfektua, alegia. Eta ondorioz, aise pentsa lezake irakurleak politikagile horien pairatzaileei ere jardun politikoa eta linguistikoa lasaitasunez hartzeko gonbita egiten zaiela aldi berean, “hazkunde jarraitu” bat izango baita etorkizunekoa ere.

Baina “hazkunde jarraitu” horren kronikariari –pentsa dezake irakurle maltzurrak– segurua da ahaztu zaiola euskalduntze-alfabetatzeaz arduratzen ziren euskaltegien kontrako jokaldi ofizialak apuntatzea, eta euskarazko lehendabiziko egunkariaren aurkako kanpaina instituzionalak, euskarazko telebista publikoa inanizioz hiltzen uzteko arduragabekeria ziruditen erabaki politiko trinkoak… Eta seguru-seguru da ahaztu egingo zaiola kronikari horri aurrekontu berriekin euskarak (eta tartean, euskarazko egunkari nazional bakarrak) pairatu beharko duen murrizketa ere kontatzea.

Are gehiago, egindako eta egin gabeko guztia zuritzeko ahalegin horretan irakurle madarikatuak irakurri du kronikak islatuko ez duen esperpentoraino iristen direla kontuak. Esate baterako, euskara administrazioan normaltzeko deitu duten Plangintzaldi horietako azkenaren ebaluazioak ezin hobeto erakusten du zer-nolako zafarrantxoa (kaosa, hobe) duten Eusko Jaurlaritzako agintarien esku dauden erakundeetan ere. Ebaluazioa ere horralakoa atera omen da, oraindik ez baitakite “administrazioetan euskararen erabilerari buruzko helburuak zein neurritan bete diren”. 

Arrazoiak ezin garbiago mintzo dira “amets txikien iraultza” horren hizkuntz politikaz eta planifikazioaz: “administrazio guztiek ez dituzte erabilera planak definitu”, “erabilera planak definitu dituzten guztiek ere ez dituzte helburuak modu berdintsuan kuantifikatu”, “entitate guztietan erabilera planak ezartzeko erabilitako irizpideak ez dira beti berdinak izan”, “batzuek entitate osorako plana egin badute ere, beste batzuk lehentasunezko ataletan eragitera mugatu dira”. 

Duela urte eta erdi kaleratutako IV. Plangintzaldiaren Ebaluazio txostenetik atereak guztiak (12. orria).

Baina horren guztiaren segidan, irakurle gaiztoak lehen begiratuan ikusten ez den beste kontu bat ere atzeman lezake amets txikien iraultza horren azpian, euskaldunon gogoan sibilinoki eta subliminalki beste zerbait ere injektatu nahi duen xedea agian. Hots, bestelako proiektuetarako ere amets handietan ez sinesteko filosofia geureganatu behar dugula defendatzen duena, errealismoaren filosofia erabili behar dela dioena, iraultzak pausoz pauso egiten omen baitira, inor ere haserretu gabe, guztiok elkarrekin eta eskutik loturik, denak lorez inguraturik… Izan ere, gauza txikien eta haundien Jainkoak ez molestatzeko eta haien irribarre paternalista sorrarazteko moduan jokatu behar da beti.

Eta gaizto-gaiztoa balitz irakurlea, beste mezu bat ere antzeman lezake aipatu lerroen artean gordeta, orain arteko agintariek sistematikoki jorratu duten estrategiaz mintzatuko litzatekeena. Mezu garbia: amets txikien filosofiarekin kudeatu dira politika guztiak eta hala kudeatukdira aurrerantzean ere.

Eta berrikuntzen premia maiz eta asko aipatzen duten arren, denboraren larritasunaren nozioa galdua duen adore narrastari horrekin segituko dute politika guztiak inplementatzen, hizkuntzaren ingurukoak zein gainerakoak, amets handiek kolapsatu egin baititzakete gurea bezalako Herri txiki baten burua, gorputza eta arima. 

Subiranotasuna, Herri bateratua, Herri normaldua… gauza handiegiak dira baita amets izateko ere.

Baina zer esan liezaioke irakurle xumeak, erdal elebakarrez inguratuta eta haien lobby monolingueek (baldin lobbytzat har badaitezke lege espainolak, armada espainiarrak, gobernu zibilak eta beste) kolonizatuta egonik, “gaur egun ez dago euskaldun elebakarrik gure artean –zorionez, gaineratuko nuke nik” baieztatzen duen Euskararen Normalkuntzarako Politikako arduradun bati? Zer aholka lekioke euskaldunak elebidun gaztelaniadun (baina ez ingelesdun, arabieradun, alemanieradun, txineradun…) ikusteagatik pozten den amets txikiko iraultzaile horri? 

Akaso, paulocoelho gutxiago eta hausnarketa pausatuagoak egiteko, Machiavelli eta Hobbesen laguntzarekin hasita, nahi bada; eta noizean behin, ez derrigorrez Fannonekin, jakina, baina bai agian Person, Calvet, Cabrera eta besterekin… hondartzaratzeko eta amets egiteko.

Ametsen zerumuga zabaltzeko lehen urratsa, nonbait.

                                           (K.S.)