Atxagaren behitik Ridley Scotten idietara

Paul Dutournier zenak, Sarako Auzapez ospetsuenak, abertzaletasunaren historiak Euskadi izenarekin akats handi bat egin zuela esan zidan behin. Berak abertzaletasuna aipatu bazuen ere, PNVaz ari zen, prefosta. Haren iritzirako Sabino Artana eta jarraitzaileek Euskadi esan ordez, Euskal Herria edo antzeko beste izenen bat erabili izan balute, gauzak hobeto joango ziratekeen naziogintzarentzat. Izan ere, Paulentzat eta, berak zioenez, Iparraldeko eta Nafarroako abertzale askorentzat, Euskadi izena Bizkaiaren sinonimoa baizik ez zen.

paul-dutournier(Paul Dutournier Sarako Alkate Zaharra)

 

Gure gaztaroan, tentaldi gorriak ezagutu genituen garaietan, Gora Euskadi askatuta!, oihukatzen genuen troskisten aitzinean, espainolisten aitzinean, txino maozaleen aitzinean, edonoren aitzinean… hainbeste ziren politikaren kolore eta tribuak gurean. Poliziaren aitzinean ere oihukatzen genuen Gora Euskadi askatuta!,  ziztu bizian antxitxika irten baino lehen… Oh tempora, oh mores!

Sekulako indarra zeukan Gora Euskadi askatuta! hark gure eztarrietan, sutautsak baino sute handiago pizten zekien gure artean. Nortasuna ematen zigun guda-oihu perfekto bat zen, izan.

Handik urte askotara troskistak, maoistak, sozialistak, poliziak… denak hasi ziren eurak ere Gora Euskadi askatuta! oihukatzen, eurak ere askatasunaren alde baitzeuden, nola ez bada. Baina ezin ukatuko dugu halako zirrara arraro batek egiten zigula kilikili bizkarrean behera sekula abertzale izan gabeko haien ahotan geure-geurea genuena entzundakoan. Politikariek, poliziek, soziologoek… denek hartu zuten Euskadi hitza ahotan, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoa antolatu zutenetik. Eta betiko oihu indartsua izan zena, gatzik gabeko salda hasi zen bihurtzen. Gora Euskadi askatuta! esatea jada ez zen ganorazkoa, izan ere,  ez niri esan serioa denik Gora Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa askatuta! -ren baliokidea den garrasia. Gure lehengo deiadarrak herri eta nazio oso baten aldarria egiten zuen, eta ez hiru probintziaren.

Eta halaxe hasi ginen Paul Dutournierri atsegin izango zitzaiokeen oihuarekin: Gora Euskal Herria Askatuta! Baina Paul Dutournierrek ezin zuen halakorik lurpetik entzun eta entzungo balu ere, ohartuko zen indar ahulagoa zekarrela asuntuak gure eztarrian. Nolabait esateko, Euskadi izena eta izana lapurtu, orokortu, mugatu edo lainotu zigutelako, hasi ginen Euskal Herria erabiltzen eta bere baitan, Iparraldea, Nafarroa eta Euskadi bereizten. Bakarra eta osoa izandakoa, puzzle bilakatu zen hiztegi aldaketaren menturaz.

Euskaldun hitzarekin ere gauza bera gertatu zaigula ere bistakoa da. Zenbat aldiz ez ote dugu entzun, hiru txirrindulari euskaldun sailkatu dira Giroan, futbolari euskaldunen artean Llorente nabarmendu zen, etc., aipatutako horiek euskaraz zipitzik ere jakin ez arren.

Orain Alfonso Alonso Osasun Ministroa dela eta hasi gara entzuten “euskaldun bakarra Rajoyren gobernuan” eta halakoak. Hobe bai hala balitz, hobe bai euskaraz baleki!

Eta beste hitz-guda bat galdu dugu, beste hitz bat lapurtu digute euskaldun izena euskal-hiritar bihurtuz, eta alderantziz. Munduaren banaketa oso bat suntsitu eta gaibeheratu digute. Lehenago euskaldunak eta erdaldunak baizik ez ziren munduan, eta orain auskalo, edonor izan baitaiteke euskaldun. Ez dakit nola adierazi beharko dugun aurrerantzean horrek bai, badaki euskaraz. Agian poetaren bati eskatu beharko diogu hitz egokieren bat proposatzeko euskaldunaren lekuan, berbaduna, ulertuna, hizkidea, edo halakoren bat, nik zer dakit ba.

Gainera gauzak ez dira hor amaitzen, degenerazioa askoz ere handiagoa da, gizakiez kanpokoak izendatzeko ere balio baitu euskalduna terminoak. Atxagak Behi euskaldun baten memoriak idatzi zuenean, hango protagonista adarduna, Mo izenekoa, euskaraz mintzo zen bederen eta ez dago batere txarto era figuratuan euskaldun hitzaren erabilera, orain arte euskaraz mintzo dena izan baita euskaldun, Atxagaren behia bezala, izan txori, arkakuso edo zizare. Elezaharretako abere eta sasiak ere, esaterako, euskaldun ziren. Baina Alfonso Alonsori euskaldun deitzeak, edo CAFek Mexikon saldu duen tren bat euskalduna dela entzuteak, zorabiatu egiten nau, zer nahi duzu ba esatea.

Hala ere azkena irratiz entzundako beste kontu bat izan da. “Idi euskaldunak agertuko dira Ridley Scotten azken filman“. Eta jarri nintzen pentsatzen, sekulakoa behar duela izan euskaraz mintzo diren idiak ezagutzea, Bermeokoak izanik, gainera, bizkaieraz mintzo direnak deskuidatzen bazara.

idiak(Idi euskaldunak, Rafa Alegria jabe bermiotarrarekin, Moisesena egiten)

Atxaga, Atxagaren
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude