Maialen Odriozola (Durangoko Azoka): “Bidelagun askoren babesari esker egin dugu aurrera”
Maialen Odriozola (Durangoko Azoka)
Durangoko Azokaren 49. edizioaren ateak zabaltzeko 48 ordu falta direnean, dena prest omen dute antolatzaileek. Aurtengo egitarauari errepasoa egiteko izan gara Maialen Odriozola (Zumaia, 1988), Durangoko Azokako komunikazioa arduradunarekin.
Testua: Saioa Baleztena @SaioB
Hastear da Durangoko Azokaren 49. edizioa, dena prest?
Ia dena prest dugu, eta irrikatan gaude heltzeko!
Errez erraten da, 49. edizioa. Nola laburtuko zenuke azokaren bilakaera, sortu zenetik?
Formaz asko aldatu da, nik ez nituen hasierako urte horiek bizitu, baina argazkiak ikusita argi ikusten da bilakaera; eliza baten arkupetan hasi zen, eta erabilera anitzeko pabiloi modernora pasa da, 19 standeko erakusleiho batetik 245 erakustoki hartzen dituen azokaraino. Dena den, badira hainbeste aldatu ez diren gauzak ere; Durangoko Azokak betidanik hartu baititu euskal kulturgintzaren joerak eta abangoardiak.
Berrikuntza gisa, auto ekoizleen plaza antolatu duzue aurten. Zein helbururekin?
Sektorearen errealitate berriak hartzeko asmoz sortu dugu autoekoizleen plaza. Sortzailea gero eta gehiago da ekoizle eta garrantzitsua da errealitate hori azokara ekartzea. Aurten 16 sortzaile izango ditugu autoekoizleen plaza deitu diogun eremuan. Eurek izan dira, erabaki dute, gainera, espazioa nola kudeatu: nola partekatu azpiegituraren kostua, bete beharreko txandak, diru-sarrera kontuak eta baita beraien lanak iragartzeko modua ere, eta blog bat sortu dute.
Honetaz aparte, zein izango dira berrikuntza nagusiak?
Gogoetaren Plaza aipatuko nuke nik berrikuntza nagusi gisa. Garrantzitsua iruditzen zait horrelako espazio bat izatea patxadaz kulturgintzak bizi duen momentuaz eta etorkizunen izango dituzten erronkez hitz egin ahal izateko. Horretaz aparte aurten Ahotseneak bi karpa izango ditu eta beraz, eskaintza inoiz baino handiagoa izango da gustukoen ditugun idazle eta musikariekin gozatzeko.
#Dazokat Instagram lehiaketa ere antolatu duzue aurten…
Kultur zaleen Durangoko Azoka ezagutu nahi dugulako egin dugu leihaketa. Zuetako guztion bizipen pertsonalak agertu nahi ditugu: nola zabiltzaten standetako pasilloetan, guneetako agertoki atzean, alde zaharreko kaleen artean, bueltako autobusa poltsaz beterik hartzerakoan… Zuen begiradek osatzen dutelako Durangoko Azoka. Hori bai, zuen elkarlana eskertzeko sariak izango ditugu!
Sariak aipatzen dituzula, zuek ere sarituak izan zarete aurten, Korrikak Durangoko Azoka omenduko baitu…
Korrikaren mailako ekimen batek gu saritzeak poztasun bikoitza ekarri digu. Azken batean, lotura handiak ditugu elkarren artean: herrigintzatik ateratako proiektuak gara bata zein bestea, eta bidelagun askoren babesari esker egin dugu aurrera.
Goazen orain egitaraua errepasatzera. Zenbat kontzertu izango dira guztira?
Ahotsenean 55 kontzertu egongo dira, eta Plateruenean, berriz, Vendetta, Hesian, Gatibu eta Kometa taldeek joko dute. Zuzenekoak ikusi eta bizitzeko gogoa daukanak badauka, beraz, hitzordua Durangon.
Irudieneak ere, egitarau interesgarria dakar. Zer azpimarratuko zenuke?
Euskal zinemaren izen handiak ekarriko ditu aurten ere ikus-entzunezkoen plazak; film labur zein luzeak eta Laburbira zikloa azpimarratuko nuke. Ordu erdiz azpiko piezak bata bestearen atzetik jarrraian izango ditugu, ikusi, gozatu eta bizitakoa sortzaileekin partekatzeko.
Maialen Odriozola, irakurri elkarrizketa osoa GAZTEZULO.COM-en