Euskomorfosia

Zaila izaten da normalean, gaurko egunez pozik egoteko moduan gaudela irakurtzea. Aurten baina,  pozteko arrazoirik badugula esatera ausartuko naiz. Ez naiz euskararen egoeraz ari noski, oraindik ere bide luzea -eta nahi baino malkartsuagoa- baitaukagu aurretik. EHUko ikus-entzunezko komunikazioko, publizitateko eta kazetaritzako lehenengo mailako ikasleek -kapukoek- egin duten euskomorfosia izeneko kanpainak eman dit goiza alai hasteko aitzakia.

kalapitxixatu hadiAzkenean, badirudi beldarrak zutitzen hasi direla Leioan. Ez duzue imaginatu ere egiten, EHUn euskararen egunerako inoiz egin den kanpainarik polit eta berezienaren atzean daudenak, lehenengo mailan dauden ikasleak direla jakiteak zelako poza eman didan.

Duela aste batzuk gaurko egunerako beren beregi prestatu duten kantua jaso nuenetik, makina bat lan egin dute. Leioako campuesean antolatu duten egun osoko egitaraua zein argazki lehiaketa dira horren adibide. Egunerokotasunean euskara erabiltzen ez duten horiei -EHUn badago nondik hasi- metamorfosi antzeko bat egin eta euskaraz biziko diren tximeletak sortzea da helburua. Beraz, badakizue, liburuzain, kantari, lorezain, idazkari, sukaldari, mediku, kazetari, autobusen gidari, zelaian botata egoten zaretenok, fisio, pregoilari, futbolin jokalari… kalapitxixatu zaitezte!

Duela urte batzuk, gu ginen proiektu berriei ilusioz ekin genien kapuko haiek. Gaur, ez daukat inongo zalantzarik, oraingo kapukoei -alboan egoten dakiten irakasle, zoritxarrez gutxi, horiek lagun- laster hasiko zaizkiela hegoak.

IZAN ALA EZ IZAN