“En tierra hostil” telebista saioa Arnaldo Otegiz galdezka

majaris-de-la-sorna

“En tierra hostil” Antena 3 telebista kateko saioa da, “munduko herrialde erasokor edo arriskutsuenetan” sartzen ei dena, kale-dokumentalak egiteko. Jalis de la Serna gidari dela, saioak Maroko eta Kolonbia eman ditu ezagutzera, besteak beste, eta kritika ugari jaso izan ditu “manipulatzailea” eta sentsazionalista dela-eta, Ipar Korea jomugan izan zuenean, esaterako. Horrela gertatu da, esaterako, Venezuela ahotan hartu zuen saioan; ezaguna baita Nicolas Maduroren Gobernua dela egun mendebaldeko gizartearen etsai gaiztoenetakoa.

Honakoan baina, kontua irauli eta Majaris de la Sorna izan da, Venezuelako telebista publikoko kazetaria, Iruñera etorri dena, euskal komunitateak pairatzen duen jazarpena bertatik bertara ezagutu eta mundura aireratzeko asmoz.

Opositoreak kartzelarazten dituela-eta, giza eskubideak urratzeaz salatua izaten den herrialde karibetarreko erreportariak, Majaris de la Sornak, Arnaldo Otegiri buruz argibideak eskatuko ditu, eta Euskal Herritik ehunka kilometroetara kartzelatuak diren presoez galdetuko du. Poliziaren indarkeria eta torturak zertan diren eta mugimendu sozialek jasaten duen errepresioa ere ezagutu nahiko ditu, espainiar erregimenak Euskal Herria zapalduta daukala Latino Amerikan erakusteko.

Bistan da “En Tierra Hostil: Violencia y persecución política en Pamplona (Basque Country)” ez dutela Antena 3 telebista katean botako, ez baita egia saioa Iruñean izan denik. Ahotsa.info gunetik egin duten parodia da jarraian dakargun bideoa.