#Resist8 Euskal Udaberriak kaleak eta sareak irabazi ditu
Txiokatze antolatuenak ere ez du lortu gaur #Resist8 hashtag-a Twitterren izaten ari den oihartzuna. Donostiako Boulevardeko herri harresiak, kaleak mukuru betetzeak ez ezik, Espainiako Twitterra gainezka egin du eta goizetik arratsaldera arte gai iruzkinduena izaten ari da.
Euskal Herritik sortutako TT arrakastatsuena izan da #Resist8. Segiko kide izatea egotzita atxiloketa mehatxuan egon diren gazteen erresistentzia deia jaso duen ingelesezko hitzak erdietsi du hedapen zabalena. Askegune-ko komunikazio taldeak (@askegunea,youtuben bideoak) abiatu zuen etiketa hori; aurretik #Askegunea, #Basque8 edo #HerriHarresia hashtag-ak Euskal Herriko erabilienak izan dira Umap-en arabera. Sareko kanpaina soila izan ordez, maiz azken aldian abiatu izan diren bezala, kaleko eta sareko gertakizunen zubiak lortu du hedatze komunikatibo efizienteena. Boulevardeko sirena erreala digital bihurtu da.
Euskal hiriburu guztietan leku gorena izan dute Euskal Udaberria/Primavera Vasca deitzen hasiak diren fenomenoak (Garak azala eta edizio berezia eskaini dio). Euskal Herriko txoko guztietako jendea hunkitu du Donostian ehunka gaztek burutu duten erresistentzia zibileko ekintzak. Gau eta egun zortzi auziperatuei babesa eman diete, Ertzaintzaren 400 poliziek 3 orduko lanaren ostean atxilo hartu dituzten arte. Erresistentzia erabat baketsua izan da, auzitegi espainiarren eskakizuna betetzeko ertzainek erabili duten indarra aldebakarrekoa izan dela agerian utziz. Arrakastatsuena izan da herri harresia egitasmoa, batetik, behin behinean atxiloketa saiakerak bertan behera uzteko gaitasuna izan duelako, eta, bestetik, mobilizazio uholdea jaso duelako 24 orduz, aste betez, kalean eta internet-eko sare sozialetan.
Twitterreko ekarpen pertsonalez gain, bereziki herri hedabideei esker eskaini da informazioa unez une, Argia, Berria, Naiz, Info7, Topatu… bertako gertakizunen berri ematen aritu dira etengabe. Nabarmentzekoa da Lander Arbelaitz Argiako kazetariak egindako lan eskerga (sarea astindu dute bere bideoek), baita Askeguneak berak ere abiatutako estrategia komunikatibo azkarra, efizientea eta argia. Demostratu da beste behin ekintzak bezain besteko garrantzia duela (gehiago ez bada) ekintza horri buruz esaten denak, eta nork duen komunikazioa bideratzeko rola. Bestalde, EITBk, telebistak bereziki, kritika gogorrak jaso ditu, batez ere atxiloketen bezperan eguerdiko albistegietan informaziorik ez ematearren, gainontzeko hedabideak eta internet bor-borka zeudenean. Egun bereko gaueko albistegietan Askeguneari buruz hitz egin beste erremediorik ez zuten izan, eta atxiloketen egunean bertan albistegiak horrekin zabaldu zituzten.
Twitter bidez argazki eta bideoen hedapena sekulakoa izan da, eta unean uneko jarraipena egiteko balio izan du, aurrez horrelako kale ekintzetan inoiz gertatu ez den bezala Euskal Herrian. Horren erakuslea da #Resist8 Espainiako TT nagusia izatea. Mezuak nagusiki Euskal Herrian sortu diren arren, esaterako, Sevillan bigarren lekuan izan da #Resist8. Elkartasun mezuak eta gertakizunen salaketa politikoak izan dira mezuetan nagusi (irainak heldu dira gero), behean ikusi daitekeen moduan.
Zurrunbilo handia sortu da eta gogoetarako hainbat erpin agerian uzten dituela dirudi. Horietako bat egun komunikazioaren inguruan gertatzen dena, teknologia berriek bultzatuta, izan daiteke. Donostian jazotakoaz bi erreakzio hartu ditut:
EAJ (Donostia): “Bulebarra okupatu dute, eta Donostiako alkateak beste leku batera begiratu du. Egoera ezohikoa eta onartezina izan da azken egunetakoa, erabat kafkiarra, eta udal gobernua ez da behar zuen mailan egon. Izagirre da sortu den egoeraren erantzule, eta azalpenak eman beharko ditu. Ertzaintzak lan zaila izan du, baina neurriz aritu da, eta emaitza ona izan da. Donostiarrok ezin gara egon azken egunetan pairatu dugun egoerak menperatuta”.
Idoia Mendia (PSE-EE): “Antzerki handi horrek ez du ezertarako balio. Oso mezu nahasgarria bidaltzen du. Justiziarekin zerbait zintzilik baldin baduzu, aurkeztu egin behar duzu zeure burua. Horrelako agerraldiek ez diote laguntzen ezertarako klima politikoari”.
Ez dakit nire ustea okerra den baina iruditzen zait diskurtso mota horiei iraungitze-data iritsi zaiela jada. Gaur egun gizarteak bere horretan barnera ditzakeen esapideak dira? Norberaren ortua nola edo hala zaintzeko soilik eginak? Badirudi pasa direla komunikabide nagusietatik, besterik ez balego bezala, jasotako kredoa sinesteko garaiak. Oroitzen dut “eta Francok zer dio?” galdetzen zuen amona hura… Komunikazioa beste modu batean lantzen dela dirudi egun eta klik batean eskura dago edonon, edonoiz eta edonorentzat. PNV eta PSEren erreakzioak patetiko bihurtzeraino modun gainera.
Nonbait irakurri dut “Aske Gunea” eta gero ezer ez dela berdina izango. Horrek ez dirudi halako zorakeria handia denik…
[…] Sare sozialak bere potentzial osoa hartu eta erakutsi du ingelesezko hashtag-ak sortzean: #basque8 eta #resist8. Espainiako estatuan TT izan dira bi egunez (goiko postuetan gainera). Euskarazko, hashtag-ak (#herriharresia #askegunea…) TT izan dira Euskal Herrian egunero egunero. […]
[…] estrategia comunicativa de AskeGunea ha estado basada en un buen uso de la web, partiendo de casa y moviéndose con fundamento en las redes sociales (Iñaki Larrañaga en Zuzeu, […]