Iñigo Urkullu: itxaropenez lurrindutako ezintasuna
Nahia baina ezina. Iñigo Urkullu lehendakariak itxaropenez lurrindutako ezintasunaren diskurtsoa erabili zuen atzo, Euskadi Galdezka saioan. EAJren know how hori izanagatik, maniobra politikorako espaziorik gabeko aginte makila irudikatu zuen, kirtenik gabekoa edo.
Xabier Usabiaga kazetariak gidatu zuen Euskadi Galdezka saioa. Bi ordu luzez, eta nekagarriz, aritu zen Iñigo Urkullu herritarren galderei erantzuten. Politikaren ideien munduko galderak baino, gehiago izan ziren arazo arruntak: erosketa ahalmena galtzea, langabezia, lehentasunezko interesen iruzurra edo ekintzaile berrientzako laguntzak. Krisiaren gogorrak girotutako diskurtsoan Urkulluk ez zuen kaperatik untxirik atera. Hala, su artifizialik gabe egin zuen hizketan, “itxaropena” hitza maiz erabiliz eta bizkarrean txalo adeitsu dialektikoak irudikatuz; konponbideak, aldiz, zailak baino zailagoak ziruditen, eta bide malkartsuetatik ibili beharrekoak beti ere.
Apaltasunez baina gaietan jantzia dagoela irudikatuz -datuetan sakondu gabe- hitz egin zuen gehienetan. Aitzitik, politikoen gaitz sendaezina dirudien dribling gaitasun aparta erakutsi zuen hainbatetan. Esate baterako, aipatzekoa da Mari Jose Pagazartundua 52 urteko nafarrak egin zion galdera. ETB Nafarroan ikus dadin Jaurlaritza zertan ari den galdetu zion. Urkulluk, UPNren gobernuaren lotsagabekeria agerian utzi zuen, Lopezekin hitzartutako akordioa bete ez zuela azpimarratuz. Gaineratu zuen, erantzun gisa, Nafarroako Gobernuarekin hitz egin eta akordioak lortzen saiatuko zela ETBren afera konpontzeko. Itxaropen faltsua, Eusko Jaurlaritzaren porrotaren hotzari berokia jartzea akaso.
Horrela aritu zen Urkullu lehendakaria 30 herritarren galderak erantzuten, analisi ekonomiko, politiko eta sozialetan zorrotz eta gordin (fededun ere bai), baina ekinbideetan herren. Edo ez zuen azalpenetan asmatu edo gutxi zegoen azaltzeko, baina galdegilerik apenas zegoen erantzunarekin gozo. Hamaika gai proposatu zizkioten: enpresei diru-laguntzak, euskaran murrizketak, fracking-a, Wert-en erreforma, presoen afera, status politikoa, lehentasunezko interesen iruzurra (une gogoangarria utzi zuen Bizenta Totorika 77 urteko emakumearen kontakizun biziak), animalien tortura, zaintza partekatua, Iparraldearekin harremanak (gaian jantzia dagoela demostratu zuen), enplegu planak… denak daude ETB Nahieran-en ikusgai.
Urkulluk bere planta serio eta arduratsuari eutsi zion programa osoan zehar, inork ez zuen besterik espero. Horretaz gain, galdetzaileekiko hurbil eta sentikor plazaratzeko gogoz aritu zen. Langabeei elkartasuna adierazi zien, lehendakari izendatu baino lehen ETB2ko Euskadi Pregunta saioan egin bezala. Konparaketa desegokiren bat ere egin zuen saioaren hasieran, Espainiatik eratorritako krisia Bermeoko sutearekin alderatuz, horren aurrean izan beharreko elkartasun jarrera nabarmendu nahian. Harridura imintzioa status politikoarekiko duen ideiarekin heldu zitzaion. Herritar batek ez ezik, internet bidez ere, bere independentzia zaletasuna zalantzan jarri zuten: “Nahi al duzu Euskadi independientea izatea? Zein litzateke zure botoa, bai ala ez?”
Berretsi zuen Urkulluk Eusko Legebiltzarrean lantaldea osatuko duela “autogobernu statusaren gaineko gogoeta” egiteko. 2015 urterako, “legegintzaldiaren barruan”, azpimarratu zuen, adostasun bat izateko nahia azaleratu zuen, eta, hori hala balitz, herritarrei “galdeketa” egiteko borondatea. Nola egin, arrastorik ere ez. Gai honi buruz beste ikuspuntu batzuetatik galdetu ziotenean (Ez al da Euskadi nazio libre bat erreferenduma deitzeko?), eta auzi ekonomikoetan ere beste hainbeste, “errealitatea horrelakoa da” aipatu zuen hainbatetan, edo “eskumenik ez dugu”.
“Errealitatea horrela da” mantra gai guztietan errepikatuko duten buruzagien garaia ote da? #euskadigaldezka
— mario zubiaga (@zuribia) 2013 apirila 17
Elkarrizketatuaren esanetatik haratago saioaren beraren izaera ere aipatzekoa da, eta arreta bereganatu zuen. Zenbait ikus-entzuleren mesfidantza eragin zuen bi froga aise gainditu zituen euskal telebistak. Bata, zuzeneko emisioa zen ala ez, bestea, galdera arantzatsuak kanpo utziko ote zituzten. Bietan nota ona erdietsi zuen Xabier Usabiagaren lantaldeak. Tiro batekin hil zituzten bi txori. Euskadi Galdezka hashtag-ean, gaurkotasun biziko galdera bat izan zen jaun eta jabe 22:30etan saioa hasi zenetik: Ertzaintzak Donostiako zortzi gazteak atxilotuko al ditu? Usabiagak saioaren ekuadorrean bota zion hori Urkulluri.
#EuskadiGaldezka Urkullu jauna, zure lan diskretoak, Ertzaintzak Donostiako 8 gazteak ez atxilotzea bermatuko du? #AskeGunea
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) 2013 apirila 17
Saioaren formatu itxiak, ostera, ez baita bigarren galderarik ametitzen, lana arindu zion Urkullu lehendakariari. Iker Armentia SER irratiko kazetariak aipatu zuen akats hori. Bide batez, zuzendu ez dena Euskadi Pregunta saiotik gaur arte igaro diren hilabeteetan.
El “Tengo una pregunta para usted” de ETB-1 con Urkullu, bien pero una pena que no se pueda repreguntar. Pierde fuelle. #euskadigaldezka
— Iker Armentia (@ikerarmentia) 2013 apirila 17
“Akatsa” izan zen Urkulluk erabilitako hitzen artean jendeak nabarmendu zuenetakoa. Hitz hori erabili zuen Iñigo Cabacas hil zuen polizia operazioa deskribitzeko, eta ez “istripua” Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak egin bezala. “Gaia delikatua” zela esanez hasi zuen Urkulluk galdera horri buruzko hizketaldia. Hortik aurrera ere tentuz aritu zen Urkullu, inor haserretu gabe, baina persuaditzeko armak zorroan gordeta.
Ertzaintzaren jarduerarekin segiz, eta Ekhi Erremundegik Donostiako gazteei buruz eginiko galderara itzuliz, argi mintzatu zen Urkullu: “Ertzaintzak epaileek agindutakoa bete behar du”. Gustuko ez zuela iradoki arren, betebeharra jarri zuen aurretik. Bere papera ez dela ertzainei agintzea, erantsi zuen. Hala, arratsaldean Donostiako bulebarretik egindako deiari horrela erantzun zion, Espainiako legediarekiko desobedientzia izpirik agertu gabe. Gaiaren harira, lehendakariak aipatu zuen Sortuk bere hitzekin egindako pankarta ikusia zuela, begi bistako narritaduraz esan ere. Beste hainbat gairekin egin bezala, itxaropena agertu zuen: garai berrietan ideia politikoak jasarriko ez diren itxaropena.
Hasieratik lehendakariak agerian utzi zuen, Patxi Lopezek bere garaian baino era nabarmenagoan, Espainiarekiko menpekotasunak sortzen dion ezina. “Giltza haiek dute”, aipatu zuen presoen aferan isilpeko lana egiten ari dela aitortzearekin batera, “hori presoen senideek ere badakite”, gehitu zuen. Hezkuntzan edo osasunean Espainiatik inposatzen ari diren neurriei dagokionez, lege helegiteen bidea aipatu zuen konpontzeko aukera modu bakar gisa. Beste gai batzuetan, fiskalitatean esaterako, orokorretik konkretura heltzeko zailtasunak izan zituen, galdegilea asetu gabe utziz. Hori gertatu zen fracking-ari buruzko galderan ere. Uko egin zion gas esplorazioaren aurkako konpromisoa hartzeari, baina ingurugiroa beti lehenetsiko zuela esan zuen, herritarrak eragotzi nahi zuen anbiguotasunean eroriz.
Aipamen berezia euskarari: Eneritz Albizu azpeitiarrak galdetu zion ea nolatan euskara lehenestuz halako murrizketa eragin dion Jaurlaritzak. Urkulluk azaldu zuen lehen mailan jarri dutena gizarte gastua izan dela, aurrekontuaren %74, eta hortik aurrera euskarari ahalik eta min gutxien egiten saiatu direla. “Bataz besteko murrizketak %11koak izan dira, eta euskaran %9”, atera zuen datua hizkuntzarekiko konpromisoa inork ez zezan ezbaian jarri. Legegintzaldi amaierara arte euskarari presentzia handiagoa emateko guraria eman zuen aditzera.
Ez nuke amaitu nahi bereziki galderetako batean Urkulluk eman zuen erantzuna aipatu gabe. Demagogiatik urrun, maila erakutsi zuen Urkulluk. Esango nuke gainera behingoagatik galdegilearekiko desadostasuna erakutsi zuela. Galderaren ildoa hau zen: nolatan bertakoak atzerrira joan behar dira eta etorkinak gurera datoz eta laguntzak ematen dizkiegu? Saio osoan izandako tonuaz, baina kezka erantsizko itxuraz erantzun zuen: “Hemengoak eta kanpokoak diskurtsoan deseroso nago. Denak gara pertsonak. Etorkinek lan handia egin dute”. Hitzak besterik ez dira, baina etorkinenganako desaire hegemonikoa gutxiesteko balio du. Galdera horretan behintzat frogatu zuen eskuak eta oinak lotuta dituen lehendakari fededun batek mingaina eta burua libre izateko aukera duela.