Noiz egingo dute independentziaren galdeketa Katalunian?
Zazpi baldintzen arabera erabakiko dute Katalunian galdeketa noiz egin, beti ere 2014 urtea amaitu aurretik, ERC-CiU itunak jaso duen moduan. VilaWeb-en Pere Cardus i Cardellac-ek emandako arrazoiak laburtu eta euskaratuta daude hemen.
Galdeketa antolatzearen eginkizuna hartu duten CiU eta ERC alderdien ‘A’ planak independentziaren erreferenduma du helburu. 2013ko abenduaren 31 da galdeketa noiz izango den erabakitzeko epe muga, eta 2014a gauzatzeko urtea. Hainbat inguruabarren arabera mugituko da galdeketa egutegian zehar. Halere, Espainiak galaraztea erabakitzen badu, oso posiblea berau, ‘B’ plana ere badute batzuek buruan. Hauteskundeetan alderdi independentistak batera aurkeztuko lirateke, programan independentzia jasoz, eta plebiszitu liratekeen bozetan gehiengoa lortuz gero independentzia aldarrikatuko lukete parlamentuan.
Dena den, ‘A’ planak oraindik zutik dirau, eta hauek dira galdeketaren eguna erabaki dezaketen 7 arrazoi (Jatorrizko artikulua VIlaweb-en, katalunieraz)
- Eskoziako erreferenduma: 2014ko irailaren 18an izango da. Gaur gaurkoz eskoziarrek independentziaren aldekoak erdia baino gehiago izango ez direla aurreikusten dute inkesta guztiek. Hala balitz, Eskoziaren ezezkoa Kataluniako independentisten kaltean izan daitekeela pentsatzen dute batzuk. Aitzitik, egun berean ere egin daiteke Katalunian, hala nazioarteko gai gisa kokatuz bi auziak egun berean. Diada-ren balizko arrakastak, irailaren 11an, independentisten indarra hauspotu dezake.
- Europako hauteskundeak: Maiatzaren 25ean egingo dira Espainian Europako bozak. Galdeketa egun berean egiteak Europan zilegitasuna eman liokeela aipatu da. Baina, Europako instituzioek kataluniarren eskakizunekin izandako jarrera hotzak eta balizko Europatik kontrako erreakzioa jasotzearen aukerak hipotesi hau ahuldu du.
- Aurrekontua eta defizitaren helburua: 4.500 milioi euroko mozketa egin behar du Generalitateak, BPGren %0,7ko defizitaren helburua betetzeko. Murrizketak Kataluniako ongizate maila larriki urratuko luke. Katalunian helburua ez betetzeko aukera du, baina horrek Espainiaren esku-hartze zuzena ahalbidetuko luke. Erantzun azkarra behar lukete edo mozketaren erruz hedatutako krisiak edo interbentzio mehatxuak.
- Gizarte zibilaren presioa: Iazko irailaren 11n gerta bezala, gizarteak bultzatu ditzake agintari politikoak urrats bat aurrera egitera. 2013koan ANC eta Omnium erakundeek eta beste hainbat eragilek mobilizazio jendetsua lortu eta egitasmo zuzenak abiatuko dituzte. Gehiengo independentista zabaltzeko aukera du gizarteak instituzioak galdeketa aurreratzera behartzeraino.
- Espainiaren erasokortasuna: Bideorria osatzeko faktore ezinbestekoa da Espainiako estatuak izango duen erantzuna. Momentuz ezezko borobila argia da. Galdeketa gauzatzeko pausuak eman ahala Espainiak agintari politiko kataluniarrak epaileen aurrean jartzeko erabakia har dezake. Zenbat eta erasokorragoa izan Espainiaren jarrera, orduan eta handiagoa izango da galdeketa edo plebiszitu bozak aurreratzeko beharra.
- Gobernuaren kolapsoa: Generalitateari egonkortasuna ematen dion ERC eta CiUk hitzartutako bidea betetzen ez bada ituna pikutara joan daiteke, Artur Maspresidentea bakarrik utziz. Kasu horretan PSCn aurkitu behar luke CiUk makulua, edo bozak deitu. Hauteskunde emaitza berriek jakin ezin diren ondorioak lituzke. CiU eta ERCren hitzarmenak dio 2013ko abenduaren 31rako zehaztu egon behar duela egunak.
- Munduko futbol kopa: 2014ko uztailean Brasilen jokatuko da futbol kopa garrantzitsua. ‘La Roja’ taldearen balizko arrakastak Espainiarekiko atxikimendua adierazgarriago egingo luke, baita Katalunian ere. Estatu berriaren aldekoen kontra joka dezake futbol arrakasta batek.
Noiz egingo dute independentziaren galdeketa Katalunian?
http://t.co/NyEt9KIGws