Euskararen strip-tease bat (VIII)

Jaurlaritzako langile euskaltzalez osatutako Tiraka taldeak euskaldun berriei bereziki zuzendutako kontaketa pertsonalen bilduma egin du. Hamar istorio pertsonal jaso ditu taldeak, eta ZuZeun argitaratuko ditu. Euskararekin bizi izandako pozak, tristurak…nahi adina nahastuz, pasadizoak, frustrazioak, ilusioak…

puertaroja

(VIII) Nire euskal Streep teasea

Kaixo hona hemen nire euskal streep teasea: familia arabar-patateroa dut %100ean, lehen abizena laburra, gainontzeko guztiak ezin luzeagoak ditut. Familia arabarra… familia erdalduna. Guraso euskaltzaleak, euskaraz tutik ere ez zekitenak baina gaiarekin oso sentsibilizatuta, zer egin? Garai hartan Gasteizen zegoen ikastola bakarrean matrikulatu gintuzten neba eta biok, jakin ezazue nekez ikasi nuela euskara, gurasoei esan zieten neba aurrera zihoala baina nik ikastolan ez neukala zereginik eta hobe nuela A ereduan ikasi beste ikastetxeren batean, baina azkenean moldatu egin nintzen zorioneko ikastola horretan. Lehen karrera amaitutakoan EGA gainditu eta euskara eskolak ematen hasi nintzen IKAn eta geroxeago HEGOALDE euskaltegian (biak esperientzia bikainak), hortik enpresa honetara egin nuen salto.

Gaur egun eta transmizioari dagokionez, giro ikastoleroari eutsi eta Armentia Ikastolan dabiltza nire bi bikingoak, ikastolatik kanpo oso giro erdaldunean bizi dira (nire erakinean ni naiz euskaldun bakarra, glups!), ni naiz erreferente euskaldun bakarra etxean, baina amok oso erabakigarriak garenez seme-alabentzat, euskara txipa betiko txertatu diedala espero dut. Beno, hobe esanda, ziur nago neuronen artean , hor nonbait, txip hori behar bezala dagoela kokatuta, grapatuta, giltzapetuta, erantsita; horixe baita niregandik jasoko duten herentziarik onena.

(Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko langile bat)

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

8 pentsamendu “Euskararen strip-tease bat (VIII)”-ri buruz