Argazki gaizto baten kronika

Patxi Lopez, The Croods jokoa jaitsi nahian Argazki gaizto baten kronika

Une egokian leku egokitik ateratako argazki inuzentea egunkarietako portada bihurtu da. Patxi Lopez eta bere iPad-a protagonistak. Zer gertatu da ‘klik’ ataritik zabalkunde masibora arte? Argitaratzeko baimena eskatu ote dute egunkariek? Argazki gaizto baten kronika pertsonala da hau.

Legebiltzarrean eztabaida monografikoa, euskal gatazka politikoaren konponbidean eman beharreko urratsen inguruan. Goizez osoko bilkura segi nuen, legebiltzarreko ganbararen lehenbiziko solairuko eserlekuetatik, Berriako kazetari Edurne Begiristainen konpainian, eta baita Garako Iñaki Iriondorekin ere. Entzun, idatzi, argazkiren bat atera, eta horren kronika argitaratu nuen ZuZeun, arrakasta gutxikoa, bidenabar. Ez nuen gainera zetorkidana sumatu ere egiten.

Arratsaldeko 15:50. Eztabaida berrekin dute, ebazpenak bozkatuko baitira. Joseba Egibarrek du hitza. Zurrumurruak entzun dira eserlekuetan. Zerbait gertatu al da? Bizkarra barandara aurreratu dut eta buruarekin behera egin so, PSEko ordezkarien lekura. Ez da ezer arrarorik entzun edo ikusten. Baina… Patxi Lopez oso adi dago, iPadera adi. Zertan ari ote da? Gauza onerako, lanarekin zerikusia duen irakurketa edo idazketa bat kasu, koloretsuegia da bere pantaila. Jakin mina asetzeko atzera egin dut, makurtu, zorutik kamera jaso, besoa barandillatik kanpora luzatu eta itsu-itsuan ‘klik’ bakarra, argazkilari amateurrak.

Eta orain zer?

Begiratu dut Canon-aren pantailan. Zoom egindakoan dator sorpresa: The Croods aplikazioa deskargatu nahian harrapatu dut. Argi dago, zalantzarako lekurik apenas, fokatuta eta automatikoari esker argiz balekoa. Patxi Lopez jolasean, lanean beharrean. Bingo. Politikari bat tabletarekin despistatuta, beharrean egon ordez. Ez da harrapatu duten lehena, ezta azkena izango ere. Ez dira politikarien txikikeriak barkatzeko garaiak. Argazki ona da, zintzo ateratakoa, gaiztakeria bila, protagonistaren arduragabekeriak gaizto bihurtutakoa. Eta orain zer? Osoko bilkura amaitu arte lanean segi, eta gero gerokoak, ordenagailuan.

Albistea da ala anekdota? Kazetaritzan badago joera berri bat, anekdota notizia bihurtzen duena, eta notizia anekdota. Zer leku, zer tratamendu merezi du argazkiak?

Txio batean botatzea erabaki dut, nire inozentzian, izan dezakeen oihartzunaren zabalaz sinesgaitz. Gaztelaniaz bota dut, bertxio bidezko hedapena areagotzeko asmoz. Oier Aranzabalek euskaratu du txioa. Minutu bat, bertxio batzuk, bi, gogoko izar mordoxka, hiru: telefono deiak.

 

Atzera bueltarik gabeko akatsa?

Adiskide batek txioa ikusi eta ohartarazi nau argazkiak ekar diezazkidan balizko arazoez. Akaso legebiltzarreko araudiak ez duela baimentzen horrelako argazkirik, ganbararen goitik egindakorik, politikariekiko fair play gisa. Akaso. Kezkaz urduri. Nire Twitter “@” atalak timeline bizkorra dirudi. Argi bila, konfidantzazko argazkilari bati deia, baina ez du araudiaren arrastorik. “Lehertu egingo da Lopezena, 2.0 garaiko arrakasta iragankor bat”, pentsatu dut. Oker nintzen, hasiera besterik ez zen.

Berria egunkaritik deia: sarean eta paperean nahi dute argitaratu argazkia. “Eman 10 minutu pentsatzeko”. Argazkia ona da, merezi du, nahi dute. Baina, eta arazoak? Arauz kanpokoa bada zer ondorio ekar diezazkidake? Zalantzak. “Twitterren dabil bolo-bolo. Ez du atzera bueltarik”. Eta bapatean argia. Eskerrak Berriako kideek argitu dutela afera. Ez dago ganbarako goi-solairuetatik kazetariek argazkiak ateratzeko trabarik. Lasaitua. Arnasa.

Metxa hauspotu da. Beste edonon baino lehen ZuZeun behar dugu. Xigor Gezalak hartu du lana bere gain, 17:56an publikatuta dago. Argazkia txiokatu eta 50 minutura. Bisitak geureganatzeko beranduegi? Zorionez, ez. Bitartean Berriara jatorrizko argazkia bidali dut, e-postaz, sarean eta paperean erabil dezaten. Noticias taldetik hots egin dute, argazkia argitaratzeko baimen eske. Ados. Beranduago berriz deitu didate: ez dute hanka sartu nahi. Bermatu nahi dute argazkia ez dudala egin bilkurako atsedenaldi batean edo. Argazkia 15:51an hartutakoa da, eztabaidaren beroan. Usaindu dut Noticias-ek “ohorezko lekua” egingo diola argazkiari prentsan, ez dela izango balkoiko bandera bat gehiago.

ZuZeuko artikuluaren kontagailua etengabe doa gora, primeran ari da sarean haizatzen. Baina, bada gehiago ere. Beste dei bat: Madrilgo egunkari batetik, Iñaki Galarrana (sic) kazetariarekin hitz egin nahi dute, argazkia publikatzeko. Pare bat minutuko hizketaldiaren ostean telefonoa eskegi dute; baimenik gabe.

Biharamuneko prentsa

Deiak eta Noticias de Gipuzkoak azaleko argazkian jarri dute Patxi Lopezen jokaldia. Noticias de Alavak barruan argitaratu du, Berriak bezala. Horraino eman nituen baimenak. Eta pozten naiz.

lopez noticias

Argazkilari profesionalek ongi dakiten bezala, irudien egile eskubideak inoiz baino arinkeria handiagoarekin gutxiesten dira. Fair play-rik ez, teknologia berrien ondotik hedabideek bere egindako joko arau berriek argazkien lapurreta normal bihurtu dute. Eta Lopezen argazkiaren kasuan ere berdin: Euskal Herrian baliabide gehien dituzten egunkariek, salduenek, El Correo-k eta El Diario Vasco-k  egilearen baimena lortzeko ahaleginik egin gabe argitaratu dute (nirekin kontaktatzea ezin errazagoa da) eta autorea behar bezala jarri gabe. Ez nau harritu.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

4 pentsamendu “Argazki gaizto baten kronika”-ri buruz

  • Gari Garaialde 2013-03-25 11:16

    Besteek baimanerekin, baina pgatuta ala debalde?
    El Correo eta Diario Vscorekin zera egin dezakezu: Non eta nola argitaratu duten ondo begiratu (sarean, paperean non…) eta faktura bat igorri. Ordaintzen ez baduten zuk ikusi salaketa ipini nahi duzun ala ez. Gainera egilea ez badute ongi azaldu, horrekin ere presioa egin dezakezu…

  • Zorionak!
    Argazki bikaina. Baita hedabide batzuena eta besteena ere.

  • […] haritik tiraka. Ez nuen disimulu baldarrez argazkiak ateratzeko aukerarik galdu -beste batean Patxi Lopezekin egindakoa oroitarazi zidan- eta horixe bera jaso du Nathan Bevan kazetari […]