Ekonomia berdearen asmoak eta kritikak Elhuyar aldizkariko ekaineko zenbakian
Ekonomia berdea Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Ingurumenaren Nazioarteko Egunerako proposatutako gaia da, eta ekainaren 20tik 22ra erakunde horrek Rion egingo duen gailurraren auzi nagusietako bat ere bada. NBEren esanean, etorkizunerako paradigma ekonomiko berria da. Alabaina, ekonomialari eta aditu asko oso kritiko dira proposamenarekiko, batez ere, ez zaielako nahikoa iruditzen. Haien ustez, aldaketak sakonekoa izan behar du, eta, horretarako, beste ekonomia berde bat aldarrikatzen dute. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko ekaineko zenbakiaren gai nagusia eskaini diogu ekonomia berdeari. Artikulu batean NBEren asmoa jaso dugu, eta beste batean, hainbat adituren kritikak; besteak beste, Unai Pascual ingurumen-ekonomialariak, Gorka Bueno ingeniari eta energian adituak eta Amaia Pérez Orozco ekonomialari feministak egiten dituztenak.
Ekonomia berdea da Elhuyar aldizkariaren gai nagusia, baina badugu azpimarratzeko beste gai bat ere: Alan Turingi buruzko artikulu-sorta berezia; ALAN TURING 100 urte: matematikari bikain hori konputazioaren teoriaren aita izan zen, eta mezuen deskodetzaile nagusietako bat ere izan zen Bigarren Mundu Gerran. Baina homosexuala zen, eta garaikideek zigortu egin zuten horregatik. Ekainean ospatuko da Alan Turingen jaiotzaren mendeurrena, eta haren bizitza eta ekarpenak jaso ditugu artikulu-sorta berezi batean.
Beste erreportaje hauek ere landu ditu Elhuyar aldizkariak: Elkarrizketa, Kepa Altonaga, ikertzaile, zoologo eta idazlearekin. Gai bati buruzko ikerketa bera bezainbeste interesatzen zaio ikerketa jakin horren inguruko garaia, pertsonak eta pentsaerak ikertzea. Eta horixe frogatzen dute idatzi dituen liburuek; Internet legearen mehatxupean. Internet ia araurik gabeko lurraldea izan da orain artean. Baina azken urteetan, gobernu eta bestelako lobbyak Interneten beraren izaera arriskuan jarri eta oinarrizko eskubideen aurka doazen legeak bultzatzen ari dira; Amnesia elektronikoa. Gure bizitzak grabatzeko obsesioa dugu gure gizartean: mezu elektronikoak, argazkiak, bideoak… Baina ez ditugu gorde oroitzapen horiek deszifratzeko gai diren gailuak. Bateragarriak dira formatu elektroniko modernoen abantailak eta erabilgarritasun unibertsala? Edo amnesia elektronikora kondenatuak gaude? Cosima Dannoritzer dokumental-egilearen gogoeta jasoko dugu; Ekotoxikologia: matematika ingurumenaren erreskatera. Bizidun batzuk ekosistemen kalitatearen adierazle izan daitezke. Gainera, bioadierazleen ikerketa estatistikoa giltza izan daiteke erasandako ekosistemen azterketan, garapen jasangarriaren mugak errazago ezartzeko aukera ematen baitu. Gai hau oinarri hartuta, Josune Urien eta Rodrigo Gil ikertzaileak aritu dira gai librean.
Elhuyar aldizkaria dagoeneko salgai dago, liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org webgunean.