Araba[rtasuna], Gasteiztik haratago
“Ba al dago herririk Araban?”, galdetzen dute maltzur. Noski badaudela. Halere, maiz dirudi Gasteiz dela Araba. Lurraldeko populazio banaketa desorekatuak itzalean utzi ditu Gasteiz ez direnak. Zein harreman dute herriek Gasteizekin? eta arabar sentimenduarekin?
(Artikuluarekin segi bitartean entzuteko abesti egokia) Gorka Knörr-ek Arabari abestu zion 1974an.
Antzeko zerbait egin zuen Xabier Landaburu erbesteko Jaurlaritzako lehendakariorde izandakoak 1956an La Causa del pueblo Vasco liburuan:
“¡Alaba! Cada día la siento más. De Aramayona a Labastida; de Arzeniega a Oyon, de Balderexo a Araya. Y en el centro, la vieja Gasteiz, centinela del paso de la Península al Continente, camino de invasiones repelidas, cauce de ideas nuevas aceptadas.
Alaba que combina en sí la montaña con la llanura ondulada, es, por eso, resumen de la intransigencia en la defensa de lo propio y de la tolerancia en la estimación de lo ajeno. Nacional y universal, modesta y orgullosa, cristiana y liberal. Alaba es madre de maestros en Democracia que cuando eran estudiantes aprendieron en la vida alavesa más que en los libros.
Las oleadas de la existencia histórica han hecho de Alaba la fortaleza adelantada de la civilización vasca. Por las acometidas que sufrió, por lo que ella se desgastó en la común empresa, aún podéis seguir llamándoos euskeldunes, hermanos de Bizkaya, Gipuzkoa y de Nabarra.
En las batallas de hoy, cuando la geografía ya nada supone para las armas modernas, Alaba, con Euzkadi, lucha por la defensa de las libertades patrias y de la fraternidad humana”.
Aldarrikapen modernoak existitzen badira ere, badago sentsazioa arabar sentimendua ahula dela, aieru bat ez bada. Hala ote da? Zeintzuk dira arrazoiak?
Arabako biztanleria Gasteiztik kanpo
Ikuspegi demografikotik makrozefaliaren fenomenoa agerikoa da Araban: lau bizilagunetik hiru Gasteizen bizi dira, 322.500 lagunetik 242.200. Nafarroan, Bizkaian eta Gipuzkoan %30era ere ez da heltzen hiriburuan pilatzen den biztanleria. Egoera demografiko horren arrazoiak anitzak dira, baina bi aipa daitezke nagusiki: Gasteizek 60. hamarkadan egindako industrializazioak atzerritar asko erakarri zituen, Gasteizko biztanleria berrogei urtean hirukoiztuz; eta, bestetik, landa eremuen hustea, nekazariek hirira jotzea lan bila, alegia. Horrek esan nahi du Araban ez dagoela herririk? Ez. Baina bai, ordea, populazio handiko udalerriak salbuespenak direla, eta, gainera, geografikoki sakabanatuta daudela. Horiek dira Arabako 51 udalerriak eta ehundaka herriguneak askorentzat hain ezezagun izateko arrazoietakoak.
Zeintzuk dira biztanle gehien dituzten Arabako herriak?
Arabako demografia bitxia da ingurukoekin alderatuz. Gipuzkoan hamazazpi herrik dituzte 10.000 bizilagun baino gehiago, Nafarroan zazpik, Araban bik bakarrik: Amurriok eta Laudiok. Beste datu bat: Laudio Arabako herri handiena da, 18.000 biztanle ditu eta. Bizkaian hamaika herri daude Laudio baino handiagoak. Datuok eskuan ez da harritzekoa Araban herririk ba al da? galdera noizean behinka entzun behar izatea.
Arabartasuna Gasteiztik kanpo
Herri handienetako lekukotasunak dira datozenak, Arabarekiko eta arabartasunarekiko duten harremana.
80.000 lagun inguru bizi dira Arabako herrietan. Esan bezala, horietatik 29.000 inguru Aiaraldean bizi dira. Arabaren zati izan arren, Bilboko periferian hazi ziren bi herri hauek, Bizkaiko hiriburutik 20 kilometrora. Gasteiz, aldiz, Altubeko gaina tarteko, 40 kilometrora dute. De facto Laudiok (hemen) eta Amurriok (han) Bilborekin lotura gehiago dituzte Gasteizekin baino. Adibide xumeak aipatzearren: Bizkaiko egunkariak jasotzen dituzte, telefono aurrezenbakia Bizkaikoa da, edota Athletic zaleak dira jaun eta jabe. Eta sentimenduz? Aiaraldea.com webguneko Izar Mendigurenek azaldutakoaren arabera, aski errazagoa da bizkaitar sentitzen diren laudioarrak aurkitzea arabarrak baino.
Arabako Errioxako Oionen (hemen) 3.000 lagun bizi dira, Logroñotik hiru kilometrora. Mahastien lurretan hegoaldera begira bizi dira, Errioxan dute aisialdirako eta kontsumorako lekua. Klimari, ekonomiari edo orografiari erreparatuz gero, antz gutxi du ohiko Euskal Herriarenarekin, zeina kostaldeko estereotipoekin lotu ohi den. Andoni Landa, jaiotzez azpeitiarra, euskara irakaslea da Oionen. 20 urte daramatza bertan bizitzen. “Lagunak datozkidanean esaten didate: ‘hau ere Euskal Herria da, baina beste Euskal Herri bat'”. Azken hamarkadetan lan eskerga egin dute ebatsita egon zen hizkuntza Arabako Errioxan berreskuratzeko. Ikastolen eta euskaltegien mugimenduak lortu du euskararen ezagutza zabaltzea.
Lehenago aipatu dugu Laudio eta Amurrio Bilbora lotuta bizi direla. Zenbateraino dago lotuta Oion, eta Arabako Errioxa oro har, Logroñori? Egunerokoan bai, baina biztanleen ideologiari so egitea ariketa interesgarria da, usteak erdi ustel direla erakusteko. Urriaren 21eko hauteskunde autonomikoetan Arabako Errioxan alderdi abertzaleek 2.612 boto lortu zituzten, gainontzekoek 2.481.
Aramaio da (hemen) ziur aski Arabako herri euskaldunena. Debagoeinekotzat (Gipuzkoa) jo ohi da, nahiz eta ofizialki Zuiako kuadrillan dagoen. 1.500 biztanle ditu. Aramaioar ezagun batek azaldu zuenez, “hor Araban” esaten dute herriko adinekoek. Arabarekiko harreman sentimentala ez da batere estua. Badirudi Arabako Lautadan eta bereziki Gasteizen baino ez dagoela patatero sentimendua (nahiz eta patatarik ia landatu ez). Lautadako herri handienean ere badute gaiari buruz zer esan: Agurainen.
4.800 biztanle ditu Agurainek. Lautadaren ekialdean dago (hemen) eta izen bereko kuadrillaren burua da. Historikoki Sakanarekin (Nafarroa) harreman estua izan dute; Altsasua 18 kilometrora dago, Gasteiz baino laupabost kilometro hurbilago. Araba eta Nafarroa arteko korridorea industrialde oparoa izanik, lanbidea ere Nafarroan dute aguraindar askok. Amaia Gartzia herriko kazetariak zera dio: “arabarrak bezala definitu arren, ekialdekoak garela nabarmendu egiten dugu, Arabako nafarrak, eskualde horrekiko sentimendu sakonak baititugu”. Orain dela urte gutxi arte Sakanako eta Aguraingo gazteek ikasgelak eta laguntasuna konpartitzen zituzten.
Agurainen kokapenak alde onak eta txarrak ditu Amaia Gartziaren arabera: “alde batetik zonalde euskaldunago batekin harremana dugu, baina bestetik, Nafarroako proiektu kaltegarriek eragiten digute, adibidez, Olaztiko Portland Valderrivas zementu fabrikak aurrera eraman nahi duen errausketa proiektuak, zeinak Arabako Aldundiaren ez duen gaitzespen irmorik ez duen jaso”.
Itsasgarri bila
Txikitasunaren eta sakabanaketaren ondorioz ezezagunak dira euskal herritar gehienentzat Arabako herriak. Gainera, Araban ere, egunkariak ireki besterik ez dago herrien presentzia informatibo urria sumatzeko. Horrek ez du esan nahi inondik inora Arabak eta bertako herriek baliorik ez dutenik. Aitzitik, historia kitzikagarria aurki daiteke Arabako lurretan, hasi Iruña-Veleiako aztarnetatik edo Nafar estatua babestu zuten gazteluetara. Edo Zalduondoko inauterietatik Añanako Gatz Haranera. Halere, ezezagutzaz gain, arrazoi desberdinak tarteko (sakabanaketa demografikoa, inguruko lurraldeekiko pisu ekonomiko murritza, etorkin espainiarren uholdea, herrien hustea…) bistan da Arabarekiko atxikimendua edo kontzientzia ez dela oso zabaldua; hiriburuari lotzen zaiola batik bat. Euskal imajinarioan ere presentzia oso mugatua du Arabak. Halaber, baliteke Arabaren iragan hurbil erdal-hegemonikoak ere baldintzatu izana gainerako euskal lurraldeen interes gabezia hau.
Zortzi kuadrillak (Gaztela eta Leonen menpeko Trebiñu tartean) osatzen duten lurraldea jatorriz eta populazioz hetereogeneo eta desorekatua da. Hiriburutik kanpoko herriek txikitasunak dakarren benetakotasunean dute aberastasuna. Baina, tamainak gainontzeko lurraldean eta Euskal Herrian duten oihartzuna asko mugatu dute. Gipuzkoa eta Bizkaiko herrietan bizi den populazio trinkoa baino Nafarroarekin antza handiagoa du, baita alde linguistikotik ere; Ipar-Hego doa erabileraren gainbehera; Arabaren aniztasuna maiz hizkuntzak eta identitateak duen presentzia aldakorrarekin lotzen da. Zentzu batean hala da, ezin ukatu: iparraldea hegoaldearen aldean euskalduna (eta abertzalea) da. Paradoxikoki, aldiz, foralismo zaharkitu baina present dagoenaren (@somosalaveses) tristurarako, euskara eta euskaltasuna da arabar guztiak biltzen dituen ezaugarri bakanetakoa. Bedi luzerako.
Hala Bedi irratiko Zebrabidea saioan emititutako erreportajea, Jon Aranbururekin batera (@jonaranburu):