Presst jaio da, euskal prentsa idatzia sarean erosteko eta irakurtzeko plataforma
Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkarteak (Gara egunkaria duena, besteak beste), Berria eta Noticias taldeek Presst.net online zerbitzua jarri dute martxan. Hiru komunikabide taldeetako edukiak saltzeko kiosko digitaleko plataforma da Presst. Paperezko eduki bera eskaintzen dute, baina Issuu bisualizatzailearen bidez irakurriz. Finean, PDF formatuko dokumentuak irakurtzeko Flash esperientzia eskaintzen du Issuu-k (edukiak PDFn deskargatzeko aukera ere ematen du). Orrialdeak gainbegiratzeko tresna erosoa da, eta kalitate handian xehe xehe irakurtzeko zoom aukerak eskaintzen ditu. Tabletetarako eta smartphone-etarako egokituta dagoen formatua da Issuu-k eskaintzen duena.
Komunikabide talde bakoitzak kudeatzen ditu bere edukiak. Hala, Berria, Gara, Le Journal du Pays Basque eta Noticias taldeko egunerkoez gain, Zazpika edo lurraldetako Hitzak eros daitezke Presst kiosko digitalean. Egunerokoak goizeko bostetatik aurrera egongo dira eskuragarri Presst-en, izena ematen duten erabiltzaileentzako.
Prezioek alde nabarmenak dituzte. Esaterako, Gara egunkariak papereko prezio bera du 1,5 euro (urtean 480 euro ordainduta hamar zentimo merkeago da egunkari bakoitza). Berriak eta Noticias taldeko egunkariak merkeagoak dira. Gaur egun Berriak PDFn jaisteko duen zerbitzuaren prezioak mantendu ditu, alegia, 0,85 euro ale bakoitzeko eta urteko kuota 163 euro (50 zentimo inguru aleko); paperekoak 1,30 balio du astegunetan. Noticias taldeak 0,79 zentimotan salduko ditu Deia, Noticias de Alava, Noticias de Gipuzkoa eta Noticias de Navarra (paperean 1,30 euro). Le Journal de Pays Basque euro baten truke irakur daiteke, kioskoko prezio berberean (urtekoa 220 eurotan).
Momentuz Berria eta Gara egunkariek papereko edizioko testuak sarean doan eskegitzen jarraitzen dute.
Ohar garrantzitsua: Testu honen egilea ez da gai izan behin Presst.net-en izena eman eta gero, behar bezala logeatu eta edukiak ikusteko.
Euskal prentsa idatzia? Guztiak ere erderaz daude-eta!
Ez Joakin. Kasik erdiak euskarazkoak dira, hots hedabide euskalakariak, edo euskarahiztunak, edo euskararranopolak edo ez dakit zer.
Zeren hemengo eta hango politikari moderno eta koxmopolittei esker, guztiok baikara “euskal”. Guztiok gara “euskaldun”. Hemen bizi, lan egin edo argitaratu egiten duen oro. Euskal da berria, eta “euskal” dira Vocentotarrak, euskal da Argia, eta “euskal” dira Noticias, Gara eta Nervión.
Cosas veredes.
Oso ondo dago ZuZeun askotan ikusten dudan kritika, erdarazko egunkarien aurkakoa.
Hala ere kritika hauei, askoz ere pisu gehiago izateko, detalletxo bat falta zaie: euskarazko hedabideak ekonomikoki bideraezinak direla, dirulaguntzak izan ezean.
Beraz euskaldun guztiak euskal medioak erosten (ez dohainik irakurtzen Interneten) ikusi arte, ez nioke ezer leporatuko egunkaria erdaraz plazaratzea erabaki duen enpresari.
Egin aurre errealitateari: GARAk, euskaraz kaleratua, ez luke 6 hilabete iraungo. Adibide bezala, hemen askotan erdal medioak kritikatu dituen pertsona batek ez zekien GARAk euskarazko aldizkari bat kaleratzen duela astero (GAUR8, kioskoan erosi ahal duzuna). Zenbat saltzen du Argiak kioskoan? Zenbat GAUR8k? Zertaz hitzegiten ari gara? Prest al gaude euskaldunok “benetako euskal prentsa” (euskarazkoa) ordaintzeko? Prest al zaude zu?
Eta “euskal” eta “euskaldun” hitzei buruz, bai, argi dago arazo bat dugula. Akaso “euskal” (Euskaltzaindiak bere hiztegian adierazten duen bezala) euskarazko prentsarako utzi behar dugu. Eta bestea? Erderaz egiten dena nola deitu? “Euskal Herriko prentsa” erabiliko nuke nik Diario de Navarra, Gara, Le Journal eta Berria definitzeko. Baina bai, arazo bat dugu izenak jartzeko orduan…
“Euskal” deituraren erabileraz zen nire kritika, Darta.
Vocentotarrak, Noticiastarrak, edota Garatarrak erdal prentsa dira, batzuek unionistak eta besteak abertzaleak, baina prentsa erdalduna.
Eta euskal prentsa, hots euskarazko prentsa, ez da ekonomikoki bideragarria, egun, alderdi politiko abertzaleek ez dutelako apustu seriorik egin euskararen alde, gaurdaino. Euskaldun militanteen, gaztetxoen eta Unbeko Ama ustez birjinaren esku utzi dute euskararen berreskurapena. Eurak gauza serioagoetan dabiltza, espainolez eta frantsesez nagusiki.
Garatarrek eta Noticiastarrek erdareri egiten diote ekarpena eta euskarari eskupekoa, Gaurzortziak gaurzortzi eta Ortzadarrak eder.
Garatarrek eta Noticiastarrek erdal komunitatea sendotzen laguntzen dute, euskal komunitatearen lepotik, izan ere, euren irakurle fideletatik zenat dira elebidun edo “euskaldun” eta zenbat erdaldun?
Zenbat euskaldunek erosten du zintzo-zintzo soilik erdal prentsa egunero?
Baten batek esan beharko lioke Vocento taldeko egunkariak ere, eta salduenak direlako aipatzen ditut, ez direla bideragarriak ematen dituzten informazio eta albisteei esker, ezpada, gehienbat, prostituzio-iragarkiei esker.