X. Elhuyar Olinpiadaren sariak banatu dira BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroan, Zamudion
Gaur goizean amaitu da Elhuyar Olinpiada, sari-banaketarekin. Aurtengo sari-banaketa hamargarrena izan da, eta BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroan egin da, Zamudioko Teknologia Parkean. Elhuyar Fundazioak, http://olinpiada.elhuyar.org/ webgunearen bitartez, X. Elhuyar Olinpiada abiatu zuen 2011ko urrian. Ordutik, Euskal Herri osoko 38 ikasgela ibili dira zientzia-lehiaketa honetan hilero Elhuyar Fundaziotik proposatzen genizkien probak ebazten.
Sari-banaketako ekitaldian, lehenengo hiru postuak lortu dituzten ikasgeletako ikasleak eta haien irakasleak izan dira. Lehen saria Gasteizko Jesus Obrero ikastetxekoentzat izan da, eta Senda Viva natura-parkerarako bi eguneko irteera irabazi dute, eta natura-parkean zenbait jarduera egingo dituzte. Bigarren saria Lazkaoko San Benito Ikastolak irabazi du, eta saria bi eguneko irteera bat izango da, Lekeitiora, Trinkete Etxe aterpetxera; hainbat ekintza egin ahalko dituzte han. Hirugarren saria Lekeitioko R. M. Azkue ikastetxeko ikasleek eskuratu dute, eta Nafarroako Kortarixar aterpetxera egingo dute bi eguneko irteera; hainbat jarduera egiteko aukera izango dute.