Cameronek eta Salmondek sinatzear dute erreferendumaren akordioa: galdera bakarra eta 2014 urtean

Ia egin dute. Eskoziarrek Erresuma Batutik independiente izateko erabakia haien esku izango dute. Edinburgon bilduko dira aste hasieran Erresuma Batuko eta Eskoziako lehen ministroak, David Cameron eta Alex Salmond, Westmisterrek Eskoziari erreferenduma egiteko ahalmena emango dion eta galdeketaren baldintzak zehaztuko dituen ituna sinatu eta argitara emateko.
David Cameron eta Alex Salmond

BBC bart zabaldutako albisteak dioenez, bi gobernuek galdeketaren baldintza gehienak hitzartuta dituzte, azken zertzeladak falta diren arren. BBCko Nick Robinson kazetariak azaldu duenez, “bi aldeetatik kontzesioak” izan dira. Cameroren gobernuak nahi bezala, independentziari baiezkoa edo ezezkoa ematea izango da erreferendumean eskainiko den aukera bakarra. Holyroodeko legebiltzarrari autonomia zabaltzeko bideak, Devo+ eta Devo Max izenekoak, ez dira bozkagai izango, SNPren hasierako nahia baztertuz. Aldiz, eskoziarrek eskatutako zenbait baldintza beteko direla iragarri du BBCk, hala nola, 16 urtetik gorakoek bozka emateko eskubidea eta galdeketa 2014 urtean egitea.

Nicola Surgeon Eskoziako bigarren ministroak eta Michael Moore Eskoziako idazkariak iragarri dute bart “aurrerapen nabarmenak” izan direla negoziazioetan. The Guardian egunkariak “akordio historikoa” dela azpimarratu du.

Independentziaren babesa gainbeheran

Erresuma Batuak Eskoziarekin hitzartuko duen ituna iragarri baino egun bat lehenago Scottish Herald egunkarian argitaratu dute independentziari buruzko inkesta. Eskoziako estatuaren aldekoek kezkatzeko arrazoiak dituzte. Erresuma Batuan jarraitzearen aldekoak dira eskoziarren %53. Aldiz, independentistak %28ra jaitsi dira. Inkesta hau plazaratu duen etxe berak urte hasieran egindako inkestak biztanleen %38a jotzen zuen independentziaren aldeko; 15 puntu egin du behera hilabete gutxian. Kontrako jarrerak nabarmen egin du gora %44tik %53ra. Eskoziarren herenak Devo+ edo Devo Max aukeren alde zeuden urte hasieran, eta, datuak eskuan, pertsona horiek  Erresuma Batuan mantentzea nahi dutela ondoriozta daiteke.

Galdeketa 995 pertsonen artean egin dute, etxez etxe. Inkesta egin duen TNS-BMRB enpresako arduradun Chris Eynonek zera azaldu du emaitzen inguruan: “Erreferenduma bi urtera denez, asko alda daiteke. Halere, ez dago zalantzarik une honetan independentziaren aurkakoak gehiengoa dira”. Aldaketaren faktoreetako bat Erresuma Batuak olinpiadetan izandako emaitza bikainak izan daitezkeela aipatu du TNS-BMRBko Chris Eynonek. Glasgow-en -Eskoziako hiri handiena da 600.000 bizanlerekin- du independentziak Eskoziako babes urriena, %21 besterik ez.


Inkesten datuak

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Cameronek eta Salmondek sinatzear dute erreferendumaren akordioa: galdera bakarra eta 2014 urtean”-ri buruz