Oteizari buruzko erakusketa San Telmo Museoan

Oriotarrak Ametzagainan euskal hilerria eraikitzeko sortu zuen proiektua erakusketan egongo da Donostiako udal-museoan urriaren 9tik azaroaren 11ra arte.

San Telmo Museoaren laborategi gunean zabaldu dute gaur Jorge Oteiza eskultoreari buruzko erakusketa. “Oteiza eta monumentalitate berria. Izarrak Alde, Donostiarako hilerri bat” izena jarri diote eta oriotar artistak Donostiarekin izan zuen harreman gazi-geza islatzea du xede. Honen sortzaileak Euskal Herriko Unibertsitatea eta San Telmo Museoa izan dira, Jorge Oteiza Fundazio Museoaren laguntzarekin. Azaroaren 11era arte egongo da bertaratzeko aukera, asteartetik igandera, dohain.

EHU-UPVko Arte Ederren Fakultateko Eskultura Saileko artistak lau urtez egon dira eskultorearen proiektua ikertzen. Orain, Oteizak Fullaondo arkitektoaren laguntzarekin garatutakoa dago ikusgai: proiektuaren aurkezpen eta azalpena, lan guztiaren memoria, zirriborroak, ikertzaileek berregindako maketak, eskultura eta grafikoak, artistaren argazkiak eta 1985ean, proiektuak aurrera jarraituko ez zuela jakitean, idatzitako artikulua.

Horrez gain, hilabete honetan zehar lau konferentzia eta mintegi bat burutuko dira eskultoreak hilerria eraikitzeko planaz, arteaz eta arkitekturaz jarduteko.

 

Jakingarria:

  • 1985ean Jorge Oteizak ideia-lehiaketa baten hartu zuen parte, Ametzagainan euskal hilerri bat eraikitzeko proiektuarekin. Baina, argazkirik aurkeztea debekatu ziotenetik irabazteko aukera urruntzen joan zen. Horrek artistaren gaitzondoa sortu zuen, trikimailuak zeudela iruditu baitzaion, eta hortik aurrera donostiar agintariekiko sentimendu gazi-geza geratu zitzaion. (Erreferentzia: Oteiza, Zarautz, 1985/12/31)

 

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...