Zer dakite Estatu Batuetako unibertsitate ikasleek Euskal Herriari buruz?

Zer dakite Estatu Batuetako unibertsitate ikasleek Euskal Herriari buruz?

Zer dakite Estatu Batuetako unibertsitate ikasleek Euskal Herriari buruz?

Lau hilabete eman nituen Kaliforniako unibertsitate batean ikasten eta, lehenago edo geroago, galdera konplexu hori erantzun behar izan nuen: Where are you from? (Nongoa zara?). Zer erantzun ozeano zabal baten beste muturrean zeuden gazte horiei? Izango ote zuten gure herri kuttunaren berri? Are gehiago, nola azaldu euskal identitatearen gaia Europa munduko beste herri baten maila berean jartzen dutenean? (“Europar ero hauek!” entzun behar izan nuen behin baino gehiagotan).

Beraz, azalpenetan galdu nahi nuen denboraren arabera, erantzun bat edo beste ematen nuen: “Espainiarra naiz”, soilik, edo “euskalduna naiz; badakizu, Frantziako eta Espainiako lurralde zati batzuk hartzen dituen herri hartakoa” edo, “Euskal Herrikoa, ezagutzen? Espainiako iparraldeko herri txiki hartakoa”, edo “Bai, espainiarra naiz, iparraldekoa; Euskal Herrikoa, alegia, “ eta abar. Erantzun sorta horren aurrean, erreakzioak mota guztietakoak izan ziren: batzuk espero nituen; beste batzuk, ordea, harritu eta biziki poztu ninduten.

“O! Euskal Herria! Bai, bai, ezagutzen dut. Eta zu zer zara, Iparraldekoa ala Hegoaldekoa?”

“Euskal herria? Ez dut sekula horri buruz ezer entzun”.

“Nola ez dugu ezagutuko! Gure pisu-kidea Zarauztarra da eta! Aupa Athletic!”

O! San Fermin! Bullfights! Kalimotxo! Bai, bai, duela urte pare bat izan nintzen Iruñean. Kristoren festa!”

“Euskal Herria? Nola da hori? Baina, beste herri bat da? Espainia barruan beste herrialde bat? Kuriosoa”.

“A bai, ezagutzen dut. Hor izan zen Gernikako bonbardaketa, ezta?”

“Ezagutzen dut zure herria, bai; baina, zoritxarrez, ez entzutea gustatuko litzaidakeen berri motengatik. Pena da terrorismoak horren propaganda txarra egitea”.

“Euskal Herria! A ze kasualitatea! Nire amona euskalduna zen, baina ez dut abizena oroitzen… oso arraroa zen. Duela urte pare bat euskal festa batean izan nintzen hemen, Estatu Batuetan. Nola da musikari hori? A bai, Fermin Muguruza. Hark jo zuen. Oso ona da!”

“A bai! Ez al da hori beste hizkuntza bitxi bat hitz egiten duten tokia?”.

–Kate! Do you know Noemi, our new roomate? She’s from Basqueland.
–It’s the Basque Country.
–Yeah, that’s it. The Basque Country

Han eman nituen lau hilabeteetan, oso jende gutxik esan zidan ez zuela Euskal Herria ezagutzen. Unibertsitate giroan nenbilelako akaso –jende jantzi eta ikasiaren artean–, baina oso sentsazio onarekin itzuli nintzen etxera. Tira, azken batean, estatubatuar guztiak ez dira bertako telebistak erakutsi ohi dituen bezain ergelak.

Zer dakite Estatu Batuetako unibertsitate ikasleek Euskal Herriari buruz?

UDAZKEN KOLOREAK

3 pentsamendu “Zer dakite Estatu Batuetako unibertsitate ikasleek Euskal Herriari buruz?”-ri buruz

  • Noemi, gakoa EEBBetako ze tokitan galdetzen duzun dago. Seguru egon Oklahoma edo Arkansasen galdetu izan bazenu %99ak ez lukeela jakingo Basque Country zer den. Gainera Kalifornian euskal diaporari esker ezangunagoak gara. Ameriketako bi errealitateak ezagutzen ditut, Seattleen eta Kansasen pasa dut nere bizitzako urte mordoxka bat. Seattleen esaten duzun bezela askotxok ezagutzen zuten EH, Kansasen berriz, unibertsitateko irakasle gutxi batzuek besterik ez zekiten gutaz.

  • Arrazoi duzu, testuan aipatzen dudan bezala, unibertsitate giroan nenbilen, Estatu Batuetako toki guztietako gazte jantzi askoren artean. Normala da Euskal Herriari buruz noizbait zer edo zer entzun izana, baina bakoitzak emandako erantzuna da kuriosoena egin zitzaidana. Egia da ere kanpusetik eta Kaliforniatik irtetean, askok tutik ere ez zekitela guri buruz.

  • Eskerrik asko artikuluarengatik, Noemi. Ez dizute inoiz esan, Basque Country izena “country” (herrialde independiente bat beraien buruan) bat izatea nahi duzuelako jartzen duzue. Ondo izan.