Euskara alderdien egitarauetan: EAJ

Euskara alderdien egitarauetan: EAJ –

Euskara alderdien egitarauetan: EAJ

EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK ATE JOKA dauzkagula, alderdiek euskarari (euskaldunoi) zer eskainiko zain gaude Plazara! Taldean, eta alde onekin batera alde txarrak ere nabarmentzeko asmotan, kritika eraikitzailea burutzea xede dugula. EAEko Legebiltzarrean nagusi den alderdiaren(EAJ) azken egitarauari erreparatuko diogu lehenik, hots, 2016ko bozetarako aurkeztutakoari, hurrengoaren zain.

Programan euskarari dagokion atala irakurrita, atera dugun inpresio orokorra da kontinuista dela; orain arte abian jarritako hizkuntza-ereduak eta arlokako planak eta, ongi baloratzen direla -autokonplazentzia dosia ez da txikia-, eta horietan sakontzera eta eragitera gonbidatzen duela.

Alde onei dagokienez, aitortzen da hizkuntza-berdintasunetik urrun samar gaudela oraindik, eta hori lortu arte segi eta segi egin behar dela. Alde txar nagusia: zehaztasunik eza.

Zer da euskara? Honela dio programak: Euskadiko berezko hizkuntza da euskara, eta ez euskaldunok dugun bakarra izateagatik, euskaldunok bakarrik dugulako baino. Euskadiko beste hizkuntza batekin bizi da: gaztelera.”
Aitortzen da bizikidetza hori ez dela berdinen artekoa: “Bizikidetza hori erabat desorekatuta dago egun egoera gehienetan”, eta EAJ-PNVk hobetu nahi omen du bizikidetza desorekatu hori: “bizikidetza hori hobetu beharra dago, berdintasun, integrazio eta armonia gehiago lortze xedez,gizarte kohesio gehiago izango duen etorkizun bati begira”.

Haatik, ez da inon aipatzen zergatik dagoen desorekatuta. Ez da aipatzen mende luzeetako euskararen zapalkuntza, ez eta gaztelaniaren inposizioa ere (bertako elite zibil eta erlijiosoen konplizitatearekin gehienetan); orduan, memoria historiko-linguistikoa bazterrera utzita, justizia eta erreparazio historikorako lekurik ez dago, eta euskararen aldeko diskriminazio positiborako ere ez.

Baieztatu dugu gorago, 30 urteotako bilakaerari buruz autokonplazientea dela:
Euskararen suspertze prozesua eredugarria da eta erreferentziakoa nazioarte mailan, bai unibertsitatearen eta ikerkuntzaren foroetan zein era guztietako foro politiko eta sozialetan. Zalantzarik gabe, ezagutzen den berreskuratze eta indartze prozesurik aurreratuen artean dago.”

Gaineraorain arte egindako hizkuntza-politikaren balorazio oso positiboa egiten da:

“…hobekuntza nabaritu du hiru hamarkadotan garatutako berdintasun politiken gaineko jarrerei dagokienez, hezkuntza, nagusien euskalduntze, komunikabide, administrazio alorretan bereziki, eta gizartearen aldetiko erabileran oro har, IKTak eta esparru sozio-ekonomikoa barne.

Eta gizartearen oniritzia jaso omen du hizkuntza-politika horrek:

“Hizkuntza politiken multzoa 80. hamarkadaren hasieranaukeratutako bidearen ondorioz legitimatu du herritar elebidunez osatu gizarte elebidunaren gehiengo handi batek, bi hizkuntza ofizialen artean berdintasun baldintzetan euskararen erabilera normalizatuaz. Asko aurreratu da eginkizun horretan, halere, amaitu barik dago, hortaz, jarraitasuna eskatzen du, progresibitatea, aniztasun soziolinguistikoaren arreta eta lankidetza publiko-pribatua oinarri”.

Zer zehaztasun maila dago programan? Ezer gutxi. Salbuespena datu hauxe da: “2017-2020 eperako euskararen agenda berri baten planteamendua abiapuntutzat hartuta, 25 urtetik beherako herritarren %75 euskal hiztuna edo elebiduna izatea nahi dugu”.

Guri beste galdera hauek jaulkitzen zaizkigu barru-barrutik:
Euskal hiztuna zer da? Elebiduna zer da, euskaran duen gaitasunari dagokionez?

Programa horrek emandako ikuspegiari kontrajarririk, euskararen irakaskuntzari buruzko datuek zer esaten digute?
Duela gutxi irakurrri dugu Berria egunkarian: “
Euskarazko C1 mailako azterketa librera 2.000 lagun aurkeztu dira, EGAra baino nabarmen gutxiago, eta %23k eskuratu dute titulua. Gainerako mailetako probetan ere gehienek ez dute pasatu azterketa” (Garikoitz Goikoetxea. 2020-02-15).”

Aztergai dugun EAJren programa honi darion ikuspegi nagusia da poliki bada ere bagoazela aurrera, eta asalduak eta kezkek ez dute hor lekurik.

Musean galtzaile porrokatuak legez, beti txikira ordagoka gabiltzan pertzepzioa dugu, eta programa honi gorago esan bezala: autokonplazientea, memoria historiko-linguistikoaren ahazle, kontinuista, eta zehaztasunik gabea irizten diogu, eta euskarak behar dituen neurri ausart eta askotarikoetatik urrun, ametsezko hizkuntza-berdintasunetik mila legoatara.

.

Gilen Mejuto, Jonjo Agirre, Beñat Castorene, Martin Rezola, Gerardo Luzuriaga, Manex RallaYoli Viadero, Alberto Telleria, Pako Sudupe.

Plazara! ekimena

Euskara alderdien egitarauetan: EAJ