Erlijioen birusa

Erlijioen birusa –

Rikardo Arregik Noticia de Gipuzkoa hedabidean.

Italiako iparraldean elizak irekita egon dira (eta ez museoak edo zinemak, adibidez) koronabirusak sortutako larrialdi egoera dela eta. Neurri bitxiak hartu dituzte, ez beti berdinak, eskualdearen arabera: leku batzuetan mezak, hileta-elizkizunak eta abar bertan behera utzi dituzte aste betez; beste batzuetan ur bedeinkatua kendu dute edo mezetan eskua ematearen erritoa desagertu da; azkenik, apezpiku batzuek agindu dute jaunartzean ostia eskuan utzi behar dutela apaizek eta ez ahoan. Badirudi fededunek ez dutela konfiantza handiegirik beren erlijioak errepikatzen dituen egiatan (agian erlijioa faltsua delako, baina utz ditzadan biraoak une batez). Saudi Arabiako agintariek ere antzera jokatu dute eta Mekan antolatzen diren erromesaldiak bertan behera gelditu dira, atzerritar musulmanei herrialdera sartzea debekatu dietelarik; badirudi islamarentzat ere erlijioak eskaintzen dituen ziurtasun guztiak ez direla ezer une larrienetan (agian erlijioa faltsua delako, baina…).

Erlijioen birusaHorregatik ulertezina bezain hunkigarria (edo) iruditu zait Sevillako kofradia bateko arduradunak adierazi duena, Ama Birjinari, Ama Birjinaren estatuari hobe, egiten dizkioten eskumuinak betiko moduan mantenduko dituztela Ama Birjinaren eskuak garbi-garbiak direlako (estatuarenak?). Ez dago horiek bezalako fededunik, fanatikorik hobe. Gaixotuko dira, baina pozik. “Tantum religio potuit suadere malorum”, zelako astakeriak egitera bultza dezake erlijioak, Lukreziok idatzi zuena (kristautasuna jaio aurretik) errepika dezakegu orain.

Nolanahi ere, oraingo jainko berria maskara da, eskumuin eta intsentsu guztiak merezi dituen idolo bakarra (eta gel desinfektatzailea, baina gutxiago). Eta oraingo erlijio berria Komunikazioa-Hedabideak deitu ahal duguna, bere abadekazetari horiekin guztiekin, behar ez denean maskarak edo termometroak jartzen dituztenak, jendea beldurtzen dabiltzanak, enpresak horixe agindu duelako, aizu, audientziak horixe nahi duelako, aizu, edozein ergelkeriari informazioa deitzen diotenak. Salbuespenak daude, bai; gutxi. Erlijio berria, aurrekoak bezain faltsua.

Erlijioen birusa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Erlijioen birusa”-ri buruz

  • Kontua da honelako txoropito ergelek ematen digutela “ospea” kristauoi. Ematen du fedearen eta erlijioaren inguruan mugitzen diren gehienak honelakoak direla. Eta ez da horrela. Fedea partekatu daiteke edo ez; izan lezake bere irrazionaltasun-puntua eszeptiko eta agnostikoren begietara. Baina hortik honelako burugabekerietaraino bada tartea.

  • Irrazionaltasun puntua? Nik dakidala, fedeak ez du batere zerikusirik razionaltasunarekin.

  • dioniso gurtzaile 2020-03-13 09:25

    Egurrezko irudi bati musu emateak gehiago du fetitxismotik kristautasunetik baino (“ez dakit zein amabirjina oso mirakulutsua da” ere esaten dute, egur zati bera bailitzan garrantzitsua). Baina berdin dio, irrazionaltasunean sartuz gero, non jarri muga.

    Hori bai, pandemia garai honetan, irrazional horien esku utzi gabe kontu horiek, agintariek horrelako gauzak debekatu beharko lituzkete derrepentean (musu emate horiek, prozesioak eta abar).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude