E eguna egutegian kokatzeko ahalegin bat
Pastorrentzat baikorregia da Egigurenek Batasunaz duen iritzia, baina Aizarnan jaiotako PSEko buruak La Sextan iragarri zuenez, urtea amaitu baino lehen ETAk adierazpen berri bat egingo du.
Urtea amaitzeko hiru aste besterik ez dira falta.
Egigurenen iragarpenak egia balira, denboraz urri dabil urtea amaitu baino lehen adierazpena egin nahi duena. Orain artean ia ohituraz egin izan duen bezala, asteburuan egingo du? Asteburuan iragarri nahi badu, bi asteburu geratzen zaizkio eskas. Datorren hau, abenduaren 18-19koa eta, hurrengoa, abenduaren 25-26koa. Prentsa idatziaren bidez egin nahi badu, gogoratu, abenduaren 25ean ez dela egunkaririk izaten.
Urrutikoetxeak atzoko zutabean honakoa zioen: “beste aldean, azken urrats bat gehiago ere komeniko litzateke. Aldebakarreko prozesuari ekin dio ezker abertzaleak, eta argi dago kalterako dela horrelakoetan epeak jartzen eta iragarpenak egiten hastea. Baina onartuko didazue umekeria puntua ere baduela egin beharreko urratsak atzeratzea, norbaitek egin beharrekoa iragarri duelako. Egitear zeunden, baina Urliak hori egitea eskatu dizunez, oraingoz ez egitea erabakitzen duzu. Eta gauzak doazenetan, baliteke hau idatzitakoaren gaurtik biharrera zentzurik gabe geratzea berbak.”
Egigurenek egindako iragarpena betetzeko hiru aste falta dira. Edo-eta hura zapuzteko atzeratuko da balizko adierazpena?
Estrategia eta komunikazio arrazoiak egongo dira alde batetik, baina jendearen pazientzia eta legeztapenerako denborak ere kontuan hartzekoak dira, eta Urtzik aipatu bezala, horiek alde baten aurka doaz.
Porra bat egin daiteke. Nire apustua, baietz ETAk agiriaren bideoa argitaratu Espainiako erregea gabonetako mezua irakurtzen ari den bitartean!
Honi lotuta idatzi du gaur Paul Riosek bere blogean.
Nik pentsatzen nuen ba A B D E F G…egunen esperoan genbiltzala zenbaitzuk; pasioz eta bizigrinez herri zahar honi arnas berri bat emateko egunen xerka… Ekibokatua ni antza…edo beste askotxo.
Hona hemen erantzunaren hasiera izan daitekeena.
[…] den ETAren komunikatuak hautsak harrotu ditu euskal zein espainiar politikan. A.Etxanizek bota zuen “e” eguna egutegian jartzeko erronka… bakoitzak egin ditu bere kalkulu eta joko (i)logikoak eta zain gaude ea nork asmatzen duen. […]