Tabakalerako Zuzendariak, Joxean Muñozek, gutun publikoa

Gipuzkoatik kanpo bizi zaretenok, ez duzue agian ulertuko Donostia hiriburu probintzianoan Diario Vasco egunkariak daukan pisua. Egia esatera, instituzio bat izateaz gain, hiri honetan erregeak jarri edo ken ditzake Vocento taldeko egunkari gipuzkoarrak.

Inork ez dauka, nire iritziz, berak hainako gaitasunik polemikak pizteko lurralde honetan eta hala, inork argi ez daukan Tabakaleraren proiektuaren inguruan piztu du azkena, Odon Elorza alkatearen adierazpen batzuen bitartez. Horiek argitaratu zituenetik, beste berbabiderik ez da inguruetan

Urteak daramatzagu Tabakalerak hiriarentzat guztiz beharrezkoa dela entzuten, baina zalantzak eta erantzunik gabeko galderak ez dira falta izan gurean sekula, Kultura garaikidearen Zentro bikain bat gustatuko litzaigukeen arren, ez baitugu uste demografia askirik denik horretarako, besteak beste. Jakin nahiko nuke ganorazko ezertan hasi baino lehen, zenbat gastatu den.

Gaiarekin supiztu izan gara, batez ere, erabateko hitz ponposo eta letra larridunez esan izan direlako gauzak, eta handik gutxira beste gauza bat, eta gero beste bat… Askotan aurrez esan izan denaren guztiz aurkakoa eta, jakina, alfa eta omega esaten denean, ezin da bietan eta beti arrazoi izan. Aho txikiarekin entzun ditugu  gero politikariak hizketan, batak hau eta besteak hura, egin behar dela eta ez dela egin behar, olioa eta ura bailiran…

Oraintxe bertan, esaterako, alkateak egitasmoa birpentsatu egin behar dela dio, lehen ukaezinezkoa eta behar-beharrezkoa zen bitartean, eta Diputazioko Kultura Zuzendariak, egin egingo dela dio, Blanca Urgellek ostera auskalo

Ez dago erraza jakiten, eta gogaikarria ere gertatzen da halako indefinizioa hainbesteko dirutza eskatzen duen gauza batean. Dakigun bakarra da, aste honetan bertan egin behar dutela zirt edo zart, lanak hasi ala ez erabakitzeko hitza emanda baitaukate ugazabek, Jaurlaritzak, Diputazioak, Udalak. Ostiralean biltzen da patronatoa, oker ez bango, Olano Ahaladun Nagusia delarik presidente.  Zain egon beharko.

Testuinguru honetan dator Joxean Muñozen karta.

Muñoz fitxaje moduan sartu zen, gizon zentzudun/dotorea baita izan, eta politikoki marka handi gabekoa izanik, gai izan baitzen euren artean oilo loken antzera zebiltzan instituzioen arteko bakearen pipa pizteko. Oroitzen: Txabarri, Azkarate eta Elorza zarataka kanpotik ekarritako lehe koordinatzailearen proiektua hutsaren hurrengo izan zenean, hainbeste ordaindu ostean?

Hala ere, oker ez bagaude, atzera bota dizkiote Muñozi ere aurkeztu dituen egitasmo guztiak, eta ez da gozoa izango biziduen egoera, ez baita ulertzekoa egitasmoak atzera bota eta konfiantza gordetzea. Orain, alkatearen adierezpenekin eta Diario Vascoren jokabidearekin areago zaildu zaio egoera, ematen baitu lehen aliatu nagusi zituenetako batzuek, bizkar eman diotela.

Seguru asko idazki hau bere lanpostua gorde eta egitasmoa ez bertabeheratzeko ahalegin bat izango da, baina, alkatearen gezurtxo  bat bederen agerian geratzen da bertan eta, jakina, handiak ikusteko gaude oraintxe, Elorzaren aldarte piperminezkoa ezagututa.

MjMyNg==

“Azken egunotan argitaratutako berrien inguruan Joxean Muñozen zehaztapenak

Ohar honen helburua Tabakaleran garatu diren prozesuen inguruan komunikabideetan zabaltzen hasi diren zenbait datu oker argitzea da. Nabarmena da Donostiako alkateak prentsan egindako adierazpenek, Tabakaleraren berritze arkitektonikorako obren hasiera zalantzan jartzen zutenak, kezka handia eragin dutela eta egoera delikatu batean ipini dutela proiektuaren geroa. Baina Administrazio Kontseiluko kideak dira horri buruz iritzia eman behar dutenak eta ez naiz ni izango lan esparru hori hautsiko duena. Alde batera utziz nire iritzi propioak, proiektua aurrera eramatearen premiaz eta gure hirian eta gure herrian kultura eta sorkuntza bultzatzeaz, are gehiago mutazio eta krisi garaiotan, zenbait datu zehaztu beharrean aurkitzen naiz:

  • Obraren erabateko kostuak ez du aldaketarik jasan arkitektura lehiaketaz geroztik (2008). Beraz, hiru erakundeek ezin hobeto ezagutzen zuten obraren erabateko zenbatekoa, eta erritmoak eta finantzaketa moduak hitzartuta zeuden. Lehenik batzorde betearazlean, eta ondoren Administrazio Kontseiluan, prozesuarekin lotutako dokumentu guztiak onartu eta balioztatu dira, lehiaketaren esleipena eta arkitektoen kontrataziotik hasi eta kudeaketa bateratuaren pleguen esleipenera, baita eraiste eta desegite lanen esleipena, obraren asegurua, proiektu teknologikoa, etab.
  • Hiriko alkateak eta batzorde betearazleko kideek Tabakalerako Negozio Planaren eta gastu eta diru-sarreren aurreikuspenen hainbat zirriborro jaso dituzte. Horietan azkena, apirilaren 27an entregatua, batzorde betearazleak hala eskatuta 2009ko abenduaren 28an aurkeztutako dokumentuaren gainean egindako doikuntza bat zen, azken zenbakietan aldaketa handirik ez zekarrena.

Aipatutakoak laneko dokumentuak dira (horregatik ez dira publiko egin oraindik), eta Tabakalerako proiektu kontzeptualaren eta arkitektonikoaren erretratu ekonomikoa egiten dute. Bi dokumentu horietan planteatzen diren kopuruek ez dute funtsezko diferentziarik suposatzen 2007ko abenduan aurkeztutako dokumentuarekiko ( Administrazio Kontseiluan aurkeztu zen lan-zirriborroa), ezta 2005eko martxoan, hau da, nik proiektuaren zuzendaritza hartu aurretik, Bearing Point aholkularitza enpresak aurkeztu zituen kopuruekiko ere. Beraz, inolaz ere ezin da azken orduko ezusteko bat izan.

Tabakalerako lantaldetik bertatik eta erakundeetatik lanean ari gara, ezin bestela izan, krisi ekonomikora egokitzeko eta bideragarri izateko formulak bilatzeko. Gaia ez da maiatzaren 16an planteatu lehen aldiz, hau da, hiriko alkateak “atzerapena” proposatu zuen egunean.

  • Azaldu beharra daukat nik ez nuela alkateak Tabakalerarentzat “luzamendu” bat eskatu nahi zuelako berririk. Maiatzaren 16an, igandean, berri horrekin egin nuen topo egunkarian eta makina bat deirekin; eta baita bezperan, gauez, alkateak bidalitako SMS batekin ere, non komunikatzen baitzidan seguru asko aipatu berria Diario Vascon argitaratuko zela aipatutako bere erabaki hori. Alkatearen proposamena egunkari hori irakurtzen duten hiritar guztiek ezagutu zuten une berean ezagutu nuen nik ere.
  • Tabakalera proiektuaren garapenean lanean ari den lantaldearen arduradun naizen aldetik, beharrezko ikusten dut baieztatzea uneoro Administrazio Kontseiluko ordezkarien onespenarekin lan egiten dela, eta argitzea, beraz, fabrikaren itxieraren eta obren hasieraren datak, eta une hori Tabakaleran kolaboratu duten pertsona eta erakunde askorekin partekatu eta ospatzeko asmoa batzorde betearazlean eztabaidatua eta onartua izan zela. Ekimen horien buru hiru erakundeetako ordezkari gorenak izatea zegoen aurreikusita.

Duela hamar urtetik hona Donostian Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro baten ideia bultzatzen ari diren erakundeetako ordezkariak diren neurrian, beraiei dagokie orain Tabakaleraren berehalako etorkizunari eta proiektuaren jarraipenari buruzko erabaki bat hartzea. Nabarmendu nahi dut berriz ere, hori negoziazio eta akordio bilaketa-prozesua dela, hau da, DVko kazetari batek bere artikulua ixteko erabili zuen “gerra” terminoaren erabat kontrako prozesua.”

Irudia | Tabakalera auzitan | zz | Creative Commons By SA

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Tabakalerako Zuzendariak, Joxean Muñozek, gutun publikoa”-ri buruz