Ura, lilura, ardura
Horrelako zerbait esaten digu Urak, edateko txarra den urak, modu zinez ikusgarrian hemen:
Uraren Nazioarteko Egunaren inguruan egin zuten, joan den martxoaren 17tik 22ra. Edateko uraren inguruko kezka zabaltzeko eta oinarrizko premien inguruan lan egiten duen Solidarités International elkartea jende gehiagorengana hurbiltzeko.
Publizitate agentzia batek izan zuen ideia (BDDP), teknologia berri bat erabili zuten (Aquascript), ekoiztetxe batekin (Cosa) bideoan egoki jaso, eta sarean zabaldu dute.
“Performance”, “artekintza”… komunikazio ekintza indartsua atera zaie benetan. Gutxitan ikusten da halako ideia on eta berritzaile bat, aurreneko aldiz, irabazi asmorik gabeko erakunde baten edo halako oinarrizko kausa baten alde.
Eta argi dago, jakina, kontua ez da ekintza hori Parisen egon zen lauzpabost egunetan zenbat jendek ikusi zuen, gero ekintza horren berri ematen duen bideoa zenbatek ikusten (eta gomendatzen) dugun baizik.
Edateko uraren kontuaz dakitenek diotenez, arazoa ez da edateko ona den ur gutxi dagoela, baizik eta hura gaizki kudeatzen eta banatzen dela (dugula?).
Batzuek gai komertzial gisa ikusten dute ura, eta egunerokoan ura erosten eduki nahi gaituzte (dagoeneko farmazia-industriak baino irabazi gehiago mugitzen omen dituen merkatuan). Beste askok, aldiz, gehien-gehienok seguru asko, bizitzeko eskubidearekin lotzen dugun ondasun sozialtzat daukagu ura.
Estatuek kudeatzen zutena multinazionalek modu askean salerosiko al dute?…
Ezkorrenek diote ura izango dela hurrengo mundu gerraren arrazoi nagusia…
[…] urtero-urtero hiltzen diren haur eta helduen kopuruak. (Lehenago ere heldu diogu gai honi hemen).Edateko ur faltaren inguruan kontzientziazioa pizteko eta dirua biltzeko, garapen bidean dauden […]