Kanpotik begiratu?
Kanpotik begiratu? –
Fermin Etxegoienen Autokarabana liburua irakurri dut, harriduraz irakurri ere. Perfekziotik urrun egonagatik, txinparta askoko liburua da, zertzelada ederrak dituena, distiratsuak. Ideologikoki ‘alde’ egon ez arren, errespetuz jaso nituen bertan gordetako hainbat iritzi, euskarari buruzkoak adibidez, probokatzaileak eta azalekoak nire gusturako, baina errespetagarriak, eta fikzioaren testuinguruan ongi txertatzen zirenak. Idazle ezohikoa da Etxegoien, eta niri, ohiko idazleen galbahetik mundua ikusten dudan honi, zalantza asko sortu zizkidan bere liburuak. Katerik gabeko testua, hala definituko nuke, konplexurik gabea, eta, beraz, ongi hegaz egiten duena. Ez lagunei, ez kritikoei, ez idazleei: inori ez dio begiratzen liburuak, inori ez dio araurik edo molderik zor… hain da ezberdina, ze oso indartsua suertatzen baita, nobedosoa. Horrek zera pentsarazi lezake: zeri begira bizi gara idazleok? Norentzako idazten dugu? Noren beldur? Zeren izu? Azkar erantzun genezakeen, betiko errezeta erabiliz: ezetz, guretzako egiten dugula, guk nahi erara: gezurra!
Euskal literatura, nire ustez, formari begira bizi da. Asko kostatzen zaigu esaldi soilak erabiltzea, hizkuntza laua. Goi-mailako literatura izaten dugu maiz helburu, geure buruari natural hitz egiteko eskubidea ukatuz. Esaten ari naizen hau ustea da, noski, errezeloa, sentipena, baina Autokarabana irakurri ahala indartzen joan zaidana, hain justu horrexegatik, Autokarabanak ez duelako halako loturarik batere. Lastre gabe dabil, eroso, airos.
Denok hala idatzi behar dugunik ere ez naiz esaten ari. Bakoitzak bere estiloa du. Baina ongi dago kilate askoko nobelak halako moldez ondu daitezkeela ikustea, bati baino gehiagori beldurrak uxatuko baitizkio. Hitz batean, paradigma polita da, zurruntasun gramatikalarekiko eta alferrikako apaindurekiko beste muturrean koka dezakeguna, bien arteko erdibide bat aurkitzeko egokia.
Liburua bezain deigarria egin zait, ordea, liburuari buruz Javier Rojok idatzi duen kritika, eta batik bat esaldi bat: “Alaba bat dauka, eta banatuta dago gizona, eta, kanpotik begiratuta behintzat, patetiko xamarra dirudi bere jokaerak”. Kanpotik begiratuta? Esaldiari ertz guztiak begiratu arren, ezin dut liburu bat (eta are gutxiago pertsonai bat) barrendik begiratzeko modua asmatu; “kanpotik” begiratu? Halabeharrez! Fikzio bat nola begiratuko dugu, ba, barrendik? Norbaitek erantzuna balu, esan diezadala. Akaso beste paradigma baten aurrean egon gintezkeen, nahiz eta inor ohartu ez… ezta kritikoa bera ere!
(Javier Rojok eta H. Etxeberriak ere idatzi dute liburu honi buruz)
Ez bakarrik Javier Rojok eta Hasier Etxeberriak. Lehenbizi, Hasierrek eta gero Rojok, bai, baina bien artean (Berrian, urriaren 25ean) bertze batek uste izan zuen komentariorik merezi zuela Etxegoienenak. Badakit ez zitzaiola bereziki gustatu egileari komentario hori, eta egileak jakinen du zer espero zuen, baina ez dut uste hain iruzkin negatiboa izan zenik, ezta hurrik ere, nahiz eta iruzkingileak ez zuen aurkeztu kanpaiak jotzen hasteko moduko eleberri gisa. Aski duina, nolanahi ere, komentario bat merezi izateko.
Bixente Serrano Izkorena, Urriaren 25eko hori, ez dugu esteka jartzeko moduan aurkitu.
Bide batez, esan dezagun, Katixa Agirrek ere aipatu zuela: http://paperekoa.berria.info/iritzia/2009-11-14/006/003/Hemeroteka._Miretsi_&_gorrotatu.htm
Hor dago Serrano Izkoren kritikara nola heldu. Gune berean gaur bertan zintzilikatu dute beste kritika bat, Garan aterata.
http://kritikak.armiarma.com/?p=4673
[…] zerbait liburu horrek” idatzi du Lander Garrok berriki. Zer ote da? Irakurri duzu zuk? Zer iruditu zaizu? Zer galdetu nahiko zenioke Etxegoien […]
[…] Lander Garro, Zuzeu, 2009-12-08 […]