Egia diot: nik ez dut inor hil
Txikitandik eduki dut argi gauza bat: inoiz edo behin norbait asasinatzen banuen, banekien nora botako nuen gorpua. Madarixa inguruan ezagutzen dudan leize sakon batera. Mariputzu baino apur bat lehenago dago, Gazteluaitzera bidean, Izarraitz medilerroaren hastapenean. Pinadi baten ertzean, bidetik hamar metrora bazterrean. Jakin egin behar da non dagoen, pasaeran ez baita ikusten.
Ume-umetatik erakarri izan nau gure aitak erakutsitako zulo beltz horrek. Berak dio ez diola sekula ezagutu toponimikorik, baina deitzekotan, Hazurkigaineko zuloa, deituko liokeela berak, beheratxoago baitago Hazurki deitzen den parajea. (Ederra izena, Hazurki, hildako bat ezkutarazteko).
Ez dut sekula ikasi ingurutik pasatzen harritzar bat hartu eta zuloan behera bota gabe, zein hots egiten duen entzuteko. Klink eta klonk, eta klink eta klonk joaten da behera eta behera harria bazterretan joz, ia entzuten ez den arte. Batzutan pentsatu izan dut leizeak ez duela finierarik, eta hotsa urruntasunean txikintzen joateak, zuloaren beraren sakontasun handia baizik ez duela erakusten.
Orain neure seme-alabei erakusten diet non dagoen leizea, eta haiek ere badakite handitutakoan, inoiz edo behin Tom Ripleyrenak egiten hasi eta hilketa perfektua egin nahi badute, non bota behar duten hildakoaren gorpua. Leku aparta iruditzen zait lurraren aho hori halako gauza baterako, edo, behintzat, nik ez dut hoberik ezagutzen gorpu bat nonbaiten ahaztuta uzteko.
Behin, nire pertsonai fikziozko batentzat halako zerbait behar izan nuelarik, Eulien bazka izeneko eleberrian argitaratu nuen kontu bat: Arrasate aldeko espeleologo batzuek, gorpu bat aurkitu zuten nire leizean, plastiko gogorretan bilduta, eta gero Ertzaintza joan zen zuloan behera, ikerketa abiatzera. Horixe zuen ardatzetako bat nire eleberri hark.
Nahiz eta, ongi pentsatzen jarrita, berez ez izan hain leku perfektua leize hori hilotz bat jaurtitzeko orduan, baldin eta gaurko Berriak dakarrena egia baldi bada: gorpu bat aurkitu dute bertan espeleologo batzuek lona batekin estalita, eta Ertzaintza joan da zuloan behera ikerketa abiatzera.
Leizeari Bide Gorria deitu diote Berriakoek, pentsatzen jarri gabe leize bat ezin daitekeela sekula izan bide. Normala da Berriakoek ez jakitea Hazurki duenik izena inguruak. Egia esan, inork ez du hori jakingo 83 urteko gure aitaren moduko dinosauroren batek izan ezean.
Baina ez nadin hizkuntzakeriatan nahas: sinets iezadazue, itxurak itxura, ni ez naiz izan hiltzailea.
Gainera, esan bezala, ez da lehen aldia aurrez idatzitakoa errealitatean gertatzen zaidana. 1988 idatzi nuen Mugetan eleberrian, esaterako, amodiozko triangelu ezinezko bat asmatu nuen. Kontua da, hamar urte beranduago, han kontatzen nuen istorioa bera gertatu egin zitzaidala errealitatean. Halaxe dira kontuak literaturarekin: kasu egin behar duzu ero ez zaitezen eta errealitatea eta asmatutakoa nahas ez dakizkizun buruaren erdian
Autopsia egiten daukate oraintxe leizean aurkitutako gorpua. Ez da jakitera eman nor den hildakoa, ez eta ere espeleologoak Arrasate aldekoak ote direnentz. Seguru baten batek hartuko duela pena handia, sekulakoa, laguna, sendikoa, hilda dagoela jakindakoan. Doluminak eurei. Bene benetakoak.
Baina ez diezadala inork begietara era horretan begira, itxurak itxura, ni ez naiz izan eta.
Lasai egon, Hasier. Nik ere ezagutzen diat leize zulo hori – Izarraitz inguruko jende asko bezala – eta, txikitan, harria bota eta bere klinki klanka entzuten genuen bitartean zenbait pentsamendu ere izaten genizkian. Hi idazlea izanik, kontatu eta publikatu egin dituk hire ametsak baina ertzaintzak deitzen badik, eman nere izena ere. Manifestazioan joango gaituk ¡¡¡
Bidebatez: atzo, osteguna, Marikutzeko potzu inguruan, putre asko omen zabiltzaten eta bertako jendeak komentatu zuten, hemen bazegoek zerbait, ardi hildakon bat edo …
Berez, oker ez banaiz behintzat, Hazurki (edo Azurki?) gainetik Xuxula (Olaso) auzora doan bidearen hasierari deitzen zaio Bidegorri; eta teilaz sendotua dagoelako eman diote izen hori. Ez dakit leizezuloari ere hala deitzen dionik baden. Hazurkiko gaina, berriz, nahiko ezaguna bihurtu zuen garai batean Euskal Bizikletak; “Mortirolo Txiki” ere deitzen zioten, Itziartik harainoko bidean dauden aldapa pikoengatik. Kondairak dioenez, Hazurkiko koban botatako harriak Azkoitiko parrokiaren azpira iristen dira, zuloa harainokoxea baita. Niretzat ere paraje berezia da Hazurkiko ingurua. 13 edo 14 urterekin haraxe joan ginen lagun batzuek lehenengoz kanpinarekin. Oinez etxetik ordubetera zegoen arren, niri ia beste oso urruti nengoela iruditu zitzaidan.
Kontxo, kontxo, hara zer dioen gaur duela 70 urte Aitzoli energumenoa deitzen zion egunkari berak: “Elgoibarren hil zuten!”. Ni letratakoa nauk , Hasier, baina ez duk CSIko zientifikoa izan behar hari honen bi muturrak urka-bilurra itxura hartzen ari direla ohartzeko… Heuk ikusi!