Wikipediak 15 urte: ezagutza poztasuna da

Wikipediak 15 urte: ezagutza poztasuna da

Gaur Wikipediak 15 urte bete ditu. “Ezagutza poztasuna da” izenarekin mundu osoan hainbat ospakizun egingo dira, baita gurean ere. 15 urte igaro dira lehen ideia ero bat sortu zenetik: edozeinek bere ezagutzarekin osatu dezakeen Entziklopedia aske bat. Ezagutza librea, ez besterik.

Euskarazko Wikipedian urte pare bat gutxiago daramatzagu sarean. Eta entziklopedia dei zitekeen zerbait sortu arte beste pare bat behar izan genituen. Hamarkada bat pasata inoiz euskaraz egindako lanik mardulena osatzeko. Entziklopedia Britanikoaren formato beran inprimatuko balitz 85 liburuki izango zituen gure Entziklopediak. Entziklopedia Britanikoak 32 liburuki ditu.

221.500 artikulu pasatxo genituen atzo gauean, horietako asko edizio automatizatuak egiten dituzten errobotei esker. Beste asko eskuz, itzulpenak eginez, ikerketak eginez, datu-base zein komunikabideak aztertzen. Eguneroko lana, Euskaltzaindiaren aurretik doana, Berriaren estilo libururik gabe leku urrunetako geografiari buruzko artikuluak egiten. Izan ere Euskarazko Wikipedia da inoiz euskaraz egin den atlasik osatuena. Eta hamarkada batean egin dugu, doan, auzolanean, militante.

Baditugu, hala ere, erronka handiak:

Emakumerik ez

Dena ez da ona, noski. Wikipedia editatzen dugun gehiengoa gizonak gara. Ez Euskal Herrian bakarrik. Mundu osoan zehar gizonen lana dela ematen du. Agian hobbie bat delako (Honen gaineko teorirarik baduzue, iruzkinetan utzi ezazue), agian ez dugulako komunitatea behar bezain ondo zabaltzen.

31. postua, gehienez

Euskarazko Wikipedia 33. hizkuntza da orain dauden 291 hizkuntzen artean. Ziurenik aste honetan 32.a izatera helduko gara, bot baten bidez bakarrik (hau da, komunitaterik gabe) sortutako artikuluak dituen Minangkabauera hizkuntza gaindituko dugunean. Aurretik izango dugu Esperantozko Wikipedia, 3.000 artikuluko aldearekin. Atzetik ditugu kazakera edo daniera, adibidez. Baina oso zaila egingo zaigu 31. postu hori gainditzea gaur egun dugun indarrarekin. Edo gehiago gara, edo ez gara haziko. Eta badakit askoz gehiago direla, hizkuntzaren egoera ezberdina dela… baina katalanek hor dute, gertu, 500.000. artikulua, 17. hizkuntza Wikipedian.

Gaiak

Artikulu geografiko asko ditugu, baita animalia ezberdinen artikuluak. Erroboten laguntzarekin Frantziar estatuko udalerri (ia) guztiak sortu genituen. Berdina eginez ornodunen katalogo osoa dugu bertan. Baina oso flojo gaude bestelako gaietan: anatomia, kimika… baita historia ere. Entziklopedia oso bat izan nahi badugu, horra hor erronka handia.

 

Asko dira, esan bezala, ditugun erronkak. Baina gaur ospakizunerako eguna da. Horregatik Wikipediak gonbidapena luzatu ditu: “Zer esan nahi du Wikipediak zuretzat?”. Erantzunak, hemen.

Wikipediak 15 urte: ezagutza poztasuna da

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...

Zer duzu buruan “Wikipediak 15 urte: ezagutza poztasuna da”-ri buruz

  • ZuZeu

    Eskerrik asko Wikipedia egiten duzuen guztioi ZuZeuren izenean. Eta euskarazkoarekin ari zaretenoi, besarkada estu bat, ez baitago zuen ekarria ordaintzerik. Animo!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude