Adimen artifiziala eta etika

Adimen artifiziala eta etika –

Zientzia fikziozko literaturak eta zinemak lan ugari sortu dituzte hamarkadaz hamarkada, adimen artifizialaren dilema filosofiko eta etikoak azaleratzen dituztenak. Hala nola klasiko diren MatrixBlade Runer… edo berriagoa den Her filmak, hainbat telesail (OsmosisThe One,…), dokumental eta liburu (Isaac Asimoven Robot bilduma, adibidez). Dagoeneko dilema horiek fikzioan ez ezik, gizartean daude eta jokabide etikoen aldarrikapena eta erregulazioaren beharra ezinbesteko bihurtu dira.

Adimen artifiziala eta etika

Adimen artifizialaren (AA) garapenak aukera berriak sortu ditu, hala nola: osasun diagnostikoak erraztea, gizarte sareen bidez giza loturak ahalbidetzea, eta lan eraginkortasuna areagotzea, lanak automatizatuz.

Hala ere, aldaketa handi horiek dilema etiko sakonak ere sortu dituzte, izan ere, AAn oinarritutako sistemek aurreiritziak errepikatzeko, klima hondatzen laguntzeko eta giza eskubideak mehatxatzeko ahalmena baitute. Horiekin batera, lehendik dauden desberdintasunak areagotzeko arriskua handitu da, eta historikoki baztertutako taldeei besteei baino kalte handiagoa egiten diete.

Adimen artifizialaren teknologiak onura handiak dakartza eremu askotan, baina hesi etikorik gabe aurreiritziak eta mundu errealaren diskriminazioa errepikatzeko, zatiketak elikatzeko eta giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak mehatxatzeko arriskua dago.

Algoritmoen alborapenak

Adimen artifizial sortzailearen sistemak (adibidez, GPT txata, Bard txatbota…) testu luzeak, irudiak edo galderentzako erantzun egituratuak sortzeko gaitasuna dute. Sistema horiek lengoaia eredu handiak (sare neuronal deritzenak) dituzte oinarrian eta testu kopuru handiekin entrenatzen dira, bere baitan dituzten txatbotek interpretazio gaitasuna izateko.

Algoritmoen alborapena, batez ere, datu historikoetatik dator eta ondorio okerrak ekar ditzakete datuen interpretazioan. Horiek horrela, hizkuntza alborapena; genero alborapena; alborapen politikoa; estereotipoak eta antzekoak gertatzen dira. Egungo hizkuntza eredu handiak nagusiki ingelesezko datuetan oinarritzen dira eta askotan anglo-amerikar ikuspegia hartzen dute sistemek egiatzat, beste ikuspegi batzuk baztertuz. Hizkuntza eredu handiek genero estereotipoak indartzen dituzte askotan, genero arau tradizionaletan oinarritutako rolak eta ezaugarriak esleituz. Era berean, eredu linguistikoek alborapen politikoak izan ditzakete. Ereduetan iritzi eta ideologia ugari egon litezke, baina sistemak datuetan nagusi direnak edo gehien azaltzen direnak ager ditzake eta erantzunak ideologia jakin batzuetara mugatu era horretara. Azkenik, generoaz, identitateaz eta jatorriaz harago, eredu horiek estereotipo ugari indartu ditzakete. Esate baterako: adinean, nazionalitatean, erlijioan edo lanbidean oinarritutakoak. Horrek pertsona-talde batzuk bidegabe orokortu edo horien karikatura egiten dituzten emaitzak ekar ditzake, batzuetan modu kaltegarri edo gutxiesgarrian.

Alborapenez gain, notizia faltsuak sor ditzaketen AAko sistemak ere egon litezkeela ikusten ari gara sare sozialetan. Sistema horiek irudi, soinu eta bideoak manipulatu edota sortzen dituzte,  deepfakes deituak.

Horiek horrela, gizakiaren esku hartzea ezinbestekoa da hainbesteko gaitasuna lortzen ari diren makinetan. Okerrak eta alborapenak zuzentzeko helburuz, ikerlariak lanean ari dira, era berean.

Erregulazioa Europar Batasunean

Erakundeek (ELGA, NBE, EB) eta herrialde askok AA erregulatzeko estrategietan dihardute, eta lege esparru egokiak aurkitzen. Horren bidez informazioaren gardentasuna eta giza erantzukizuna bermatu nahi dituzte. Eztabaidan bi ikuspegi agertu dira: batetik, batzuk kezkatuta daude berrikuntza erritmoa motelduko ote duen horrek; bestetik, beste batzuek uste dute erregulazioak epe luzera egonkortasun sistemikoa ekarriko diola berrikuntzari.

2021eko apirilean Europako Batzordeak Adimen Artifizialaren Legea proposatu zuen. 2022ko abenduan onartu zuen Europako Kontseiluak, 2023ko ekainean onartu zuen Europako Parlamentuak hura negoziatzen hastea. 2024ko martxoan EBko kontseiluak onartu zuen. Kide diren estatuetan eztabaidatu ondoren, 2025-2026 urteetarako egongo da.

EBko legeak bost arrisku kategoria jaso ditu, aplikazio motaren arabera: arrisku onartezina duenak; arrisku handikoak; helburu orokorreko AA (horren barnean daude GPT txata bezalakoak, besteak beste); arrisku mugatua dutenak. eta arrisku minimoa.

Euskara, AA eta araudia

Hizkuntzak bere baitan kultura bat, marko kontzeptual bat adierazten du, eta hori ez da AAko eredu handietan islatzen, ikusi ahal izan dugunez. Eredu horiek tokian tokikoak izan behar dute, errealitatera hurbilduko badira. Pentsa genezake, gainera, bertako ereduak garatzeak ekitatea, erantzukizuna eta inklusibitatea bermatzeko aukera hobeak eskain ditzakeela. Ur handi horietan euskara bezalako hizkuntza gutxitu batek mehatxuak adina aukera dituela pentsatu nahiko nuke.

Horrekin batera, hiritarren kontzientzia hartzea, jarrera aktiboa eta prestakuntza ezinbestekoak dira. Batetik, haiek jasotzen duten informazioa ebaluatu ahal izateko irizpidea izan dezaten, eta, bestetik, euskararen erabilerak duen garrantziaz jabe dadin euskaltzale oro. Baina, horrek lege babes on batek lagunduta joan behar du.

Azken hilabeteotan beste afera batek, han zuzen, euskara lanpostu publikoetan mugatu nahi duten ebazpen judizialek, Euskararen Legearen eta Administrazio Publikoaren araudiak berrikusi eta egokitzeko beharra jarri du agerian. Era berean, eta hemen azaldutako arrazoiak direla medio, adimen artifizialaren etikak galdera berriak ekarri dizkio euskararen normalizazioari eta haren legeriari.

berrian argitaratua

Adimen artifiziala eta etika  Adimen artifiziala eta etika  Adimen artifiziala eta etika

Berrikuntza eta kulturgintzako eragilea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude