Isolamendua. Wakhan arana (Afghanistan)

Wakhan arana

Wakhan aranaWakhaneko bailara Pakistan eta Tadjikistan artean kokatzen da, Afganistanen ipar-ekialdean. Eremu oso isolatua da, eta 12.000 biztanle inguru bizi dira bere mendi gogorretan, bere klima idorrean. Zer dela eta izan dudan honen berri? Dailymail egunkari britainiarrak aipatu duelako. Eta zergatik dakart hona? Bada esaten duena sinestezina egiten zaidalako.

Eric Lafforgue, Barcroft Images taldeko argazkilaria, bertan izan da, eta irudi zoragarriak lortu ditu, hemen ikusgai. Gerraren inguruan galdetu omen zien, eta bertako biztanle batzuek erantzun: ze gerra?

Egunkariak jakitera ematen duenaren arabera, Wakhaneko biztanle askok ez zekiten Estatu Batuek Afganistan bonbardatu eta okupatu zutenik, ezta aurretik talibanak agintean egon zirenik ere. Isolatuta dagoen eremua da, ados, baina hainbeste esatea ere… Sobietar Batasunak inbaditu zituela badakite, edo zer?

Wakhan aranaDemagun bailara osoan ez dagoela irrati bat, inongo uhinik ez delako iristen. Demagun urte guzti hauetan ez dela mugikorrik iritsi. Demagun bailarako inor ez dela Wakhanetik atera, munduan eta inguruan gertatzen ari zena ikusi eta itzuleran besteei kontatu. Ezin dut sinetsi talibanak boterea hartu zutenean ez zirenik bertara inguratu, edota Afganistan iparraldean azken hauen aurka ziharduen iparraldeko aliantza hura ez zenik hurbildu. Ez zait sinesgarria begitandu mendebaldeak lurralde osoa okupatu eta hara ez joatea; Wakhanek tamaina ederra dauka.

Orain, dirudienez, Afganistango gobernuak turismoaren sektorea landu nahi du, eta lurraldea mundu osoko bidaiaren helmuga bihurtu. Zaila dauka, aste honetako atentatu eta tiroketak ikusita. Baina dirudienez Wakhaneko bailarak sekulako pisua dauka eskaintza horretan, basatia, naturala eta lurralde isolatu gisa salduz gero. Bertako jendea 2000 urte luze omen daramatza bertan bizitzen, asko nomadak dira, beraien kultura propioa daukate, bizimodu gogorra eta sinplea. Herrixken batezbesteko altuera 4500 metrokoa da; bertako neguen gordina irudikatzeak hotza ematen du. Lurra lantzen dute, eta abereak hezi.

Ederki asko zeuden bakean orain arte, badakigu turismo masiboak nola alda dezakeen lurralde bat; eta bestela ez daude hain isolatuta, eta Dailymaileko idatzia albistea baino publierreportaia da.

Wakhan arana

 

 

afghanistan, isolamendua, turismo masiboa, turismoa, Wakhan arana

2 pentsamendu “Isolamendua. Wakhan arana (Afghanistan)”-ri buruz

  • euskaldun bat 2016-10-15 20:13

    Ba orain jende guztiak hara joan beharko du nazka ematera, ta ong ta txorakeri ugarirekin nazka ematen besterik ez. Gero Himalayan bezala “ni joan nintzen baina oraingo turistak ez bezalako errespetoarekin”… ni beti hobea… baina denak ere nazka ematen eta zertarako eta beraien egoa besterik ez. Hangoekin humiltasun aurpegia jarriz argazkiak

  • euskaldun bat 2016-10-15 20:17

    ateratzen faltsua baino faltsuagoa den espiritualtasun bat bandera hartuta… bere Euskal Herriko hizkuntzari ere jaramonik egiten ez dionak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude