Epailea epailearen aurrean

Justiziaren balantza, by srqpix, Flickr
Justiziaren balantza, by srqpix, Flickr

2008an Memoria Historikoa berreskuratzenaren alde lan egiten duten erakundeek eginiko salaketak ikertzea erabaki zuen Garzonek. Egia da Espainiar Estatuan, gerra zibil bat eta diktadura bat erabateko zigorgabetasunaz igaro direla. Trantsizioan, behin eta berriz esan izan den bezala, barkamena eta ahanztura nahasi baitzituzten.

Erantzukizunik ez, eta inolako zigorrik ere ez dute jaso kriminalek. Garzonek bere burua auzia ikertzeko gai ikusi zuen. Mundu guztia, ordea ez zegoen bat epailearen erabakiarekin. Espainiako Falangeak, PP alderdiak eta beste hainbat erakundek, guziak Frankismoaren ondorengoak, eskuak burura eraman zituzten. Hautsak harrotzea egotzi zioten eta gaur Auzitegi Gorenean inputatu gisa esertzea lortu dute.

Fiskaltzak kasua artxibatzearen alde egin zuen, baina Auzitegi Goreneko bost magistratuek bat egin zuten Garzonen aurkako kereila onartzean. Egozten zaion delitua, ebazpen bidegabeak ematea, hala zirela jakinda.

Justiziak hala funtzionatzen du espainiar estatuan. Politikarien eta gizarte eragile jakin batzuen nahien arabera. Garzonek inork baino hobeto jakin beharko luke hori. Egozten zaion delitua xelebrea da, agian bidegabea, baina gaur batek baino gehiagok pentsatuko du epaile mediatikoari berak gainontzekoei egiten diena frogatzeko ordua ailegatu zaiola. Batek baino gehiagok bat egingo du ultraeskuindarren gurariekin eta epailea gaitasunik gabe uztea desiratuko dute. Halakorik ordea, ez da gertatuko ziurrenik.

Baltasar Garzon
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude