Tabernetan jo eta bizirik ateratzeko dekalogoa

Tabernetan jo eta bizirik ateratzeko dekalogoaAndoni Tolosa, Morau, Euskal Herrian zehar barreiaturik han eta hemen diren taberna zuloetan jotzen eskarmentua duen musikaria da. Iragan asteburuan Usurbilgo Irrati tabernan jo zuen, “eta majo disfrutatu”. Emanaldi horrek eman ei dio, “dekalogo hau osatzeko aitzakia”.

Lerroburua irakurrita ez dakigu zer etorri zaizuen burura, baina “tabernetan jo” esanda, musikaz ari gara, aizue!.

Noraino maite dudan tabernetan jotzea?… asko. Zein motako tabernetan?… edozeinetan; txikiak, handiak, zaharrak, berriak, zabalak, estuak, ezagunak, ezezagunak… Aldian aldiro tokatzen zaizuna ongi dago.

Nolanahi ere, baldintza “fisikoak” ez dira izan, sekula, muga. Baldintza “bizarroenetan” ere lortu dugu emanaldi txukunak egitea, etxetik kanpoko zelaietan hazitzen diren futbol-talde “modestuak” bezalakoak gara!

Ea baden kantatzen ari zaren bitartean entzuleria isilik dagoen tabernarik?… agian badago, baina ez dut ezagutzen. Zergatik egon beharko lukete isilik, zeu bazara haien espazioa okupatzera zatozena? Beraz, zeintzuk dira taberna batean gustura jotzeko nahitaezko baldintzak?

 

Hemen gida txiki bat:

  • Ezinbestekoa da tabernako nagusia musika-zalea izatea. Berdin dio zein joera, estilo, zaletasun… musikarekin arduratu beharra dauka. Ez bada horrela katastrofearen ahoan ibiliko zara beti.
  • Ez izan oso materialista. Ez begiratu bakarrik sosari, eta saiatu tabernetan jotzeko bestelako motibazioak bilatzen. Bestela ikusiko duzu zein azkar utziko diozun kantatzeari.
  • Behar teknikoak ongi definitu eta minimizatu. Zenbat eta trasto gehiago, orduan eta arazo gehiago.
  • Behar tekniko horiek tamainan asetzeko nahitaezko tresnak etxetik ekarri beti (beti, beti, beti). Tabernariak “ekipoa badago, lasai” esaten dizunean, ez dakizu zer topatuko duzun, beraz, badaezpada ere okerrenean jarri.
  • Noski, teknikari-lanak ere egitea toka dakizunez, tresna horiek ahalik eta erabilpen errazenekoak (teknologia) izan daitezela, eta oinarrizko atarramendua ateratzeko moduan zure burua jantzi.
  • Txikikeria guztiek dute garrantzia. Kontuz kableekin!! Era guztietako aleren bat eraman badaezpada ere, eta baita ere, nahitaezkoak dituzunen ordezkoak. Ez dakizu noraino baldintza dezakeen kable ziztrin batek zure jardun artistikoa.
  • Espazio, leku, jende, egun eta ordutegi kontuei erantzun irudimentsuak emateko gaitasuna zorroztu. Tabernariak gauza bat eduki dezake buruan, baina bera gutxitan jarriko da gure larruan, beraz, aholkuak eman eta proposamenak egiteko moduan egon behar dugu. Baita, esperimentatzeko prest.
  • Denborarekin joan, ezagutu lekua, hitz egin tabernariarekin, tabernaren eta “parrokianoen” ohiturak ezagutu, eta aintzat hartu. Taberna bakoitza ekosistema bat da. Eta askotan geu kanpotik etorritako “espezie” harrotza baino ez gara.
  • Zeuk irabazi behar duzu jendea. Taberna bat, ezta munduko tabernarik onena ere, ez da antzoki bat, ezta sekula izango ere. Tabernetan kantariaren eta entzulearen arteko harremana askoz ere horizontalagoa da, eta batzuetan musikarioi kosta egiten zaigu hori asumitzea. Geuk argi eduki behar dugu zergatik gabiltzan tabernetan kantari eta ez antzokietan.
  • Ezustekoei aurre egiteko gaitasuna findu, sekula ez eman ezer egintzat, azken trastoa bildu eta autoan sartu arte.

.

Jatorrizko testua, Arrainentzako Himnoak blogean.

Tabernetan jo eta bizirik ateratzeko dekalogoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.