Matxinatu orgasmoak, zutitu obarioak!

Zapalduta, zanpatuta eta harrapatuta egon gara denbora luzez geure gorputzetan. Plazerraren pekatua, edertasunaren pisua eta feminitatearen garrek engainatuta. Emantzipatzeko ahalegin oro moztu nahi izan digute, oihu egiteko ahalegin guztiak eten. Baina intifada txiki bihurtzen dira sarri iraultzarik handienak eta ez dago aurtengo Emakumeen Mundu Martxari begiratu besterik.

Emakumeen Mundu Martxa - Matxinatu orgasmoak, zutitu obarioak!Europa zeharkatu duen karabana ez zegoen zapaldua, zanpatua eta harrapatua; kontrara, indartua, altxatua, eta emantzipatua zegoen. 13.242 kilometro zeharkatu ditu, bidean borrokak batuz, elkar ezagutuz eta aldarrikapenak eurenganatuz.

Emakumeak askatzea da helburua: euren gorputzak berkonkistatzea, gizarte patriarkaletik libratzea, erlijioen arrakaletatik ihestea. Dudarik gabe egin du horretan bere bidea, bai Emakumeen Mundu Martxak baita emakumeak berak ere. Gure orgasmoak matxinatu dira, gure obarioak zutitu; baina geure larruetatik haratago ezinbestekoa da sistema kolokan jartzea.

Emakume baten hilketarekin agurtu genuen karabana feminista Euskal Herrian eta modu berean eman zioten ongi etorri Galizian. Preso bizi da andrazkoa; bortizkeria jasaten du emakume izate hutsagatik, beste emakume batekin oheratzeagatik, politikan aritzeagatik, proiektu pertsonalak garatzeagatik… Baina presoak ere badaki amesten.

Gerra, abortua, indarkeria matxista, lesbianen ikusezintasuna… borroka anitzak eta emakume oraindik anitzagoak. Gerrak indarrak batzea ekartzen du eta horretan gabiltza, batzen, saretzen eta elkartzen. Gerran bizi baita etengabe emakumea, bere herrialdean gatazka armatua egon ala ez; mundu guztian ditugu hildakoak, eta oraindik ez ditu inork armak entregatu.

Deskolonizatu ditzagun geure gorputzak, geureganatu geure direnak. Bukatu da martxa, baina martxan jarraituko dugu. Matxinatu orgasmoak, zutitu obarioak eta goazen!

Matxinatu orgasmoak, zutitu obarioak!

9 pentsamendu “Matxinatu orgasmoak, zutitu obarioak!”-ri buruz

  • Gerra: gerra guztietan hildakoak gizonak dira.
    Abortua: abortua gizon emakumeen arazoa da. Baina feminismoaren doluzioa aitak aita izatera behartzea da. Orain agian berdintasun egoeran gaude.
    Indarkeria matxista: benetan inbisibilizatuak emakumeek hildako gizonak dira.
    Lesbianen ikusezintasuna? Gizartearen %5 direna telesail, nobela, eta filme guztietan pertsonaien heren bat dira. Badago kasurik non norbait diskriminatua izan den lesbiana izateagatik?

  • Gaur egun non ikusten duzue zapalkuntza? Nik dakidanez emakumeek eta gizonok eskubide berdinak ditugu.

    • Grafiko oso polita eta koloretsua baina Espainian faltan diren legeak gizonoi ere eragiten gaitu, gizonok ere sexu-jasarpenak jaso ditzazkegu eta horren aurka ez dago legerik eta abortu baten aurrean berdin dio aberats edo txiro garen ez digute hautatzeko eskubiderik onartuko.

  • Obarioak zutik? Ze postura deserosoa, neska! Ez da hobe daudenean utzi eta zerebroari gehixeago eragin?

  • Ez dakit zergatik dagoen modan feminismoan zozokeriak adieraztea. Adibidez Matxinatu orgasmoak, zutitu obarioak. Hainbeste urte hizkuntzan dauden esaera matxistak salatzen, orain emakumeen genitalen apologia egiteko mugimendu feministan? Zertarako? Nahiago nuke feminismoak emakumeen eskubideen eta berdintasunaren alde egingo balu eta ez hainbeste gustuko duten zirkoa, bai la mobida madrileña ematen du.

  • Iruzkinek agerian uzten dute berriro ere zein den gure gizartearen (gizon-artearen) zilborra: gizona. Eztabaidaren erdigune bihurtzen da ezinbestean; haren inguruan hitz egiten denean eta baita haren inguruan hitz egiten ez denean ere.
    Milaka zozokeria entzuten dugu egunero, baina “obario” edota “orgasmo” hitzek izutzen gaituzte ordea. Garbi da zerbaitek deseroso sentiarazten gaituela. Haratago joaten saiatu eta hitz horien atzean dagoena ikusteko ahalegina egin dezala norberak.
    Nekagarria delako esandakoa etengabe zalantzan jartzea.
    Nekagarria delako kontzeptu ororen esanahia mila aldiz azaltzen jardutea.

    • Benetan nekagarria izan behar dena obarioak zutitzea da. Eta “obarioak” eta “orgasmoak” bezalako hitzak esanez norbait izutzen duzuela uste baduzue, argi dago besteok subnormaltzat hartzen gaituzuela edo monja mentalitatearekin segitzen duzuela.

  • Nire iritziz, Emakumeen Mundu Martxari dagokionez, June Fernandezek artikulu honetan adierazi duena oso esanguratsua da: [erdaraz] http://www.eldiario.es/pikara/todas-libres_6_441715862.html