Bidea eginez topatu dut Irungo Moskuko altxorra

Moskuko urrea

Moskuko Urrea AzalaZeinek esango zidan gaztaroan, 1980ko hamarkada erditsuan, Irungo Mosku auzuneko saltsa-maltsen eta soinu bandaren inguruan liburua idatzi eta argitara emango nuela handik 30 urtera! Sinetsiko ote nion norbaitek esan izan balit Moskuko urrea-ren bila buru-belarri aztarrika ibiliko nintzela? Garai haietako kultur eta gizarte mugimenduen eztandaren eraginaz eta garrantziaz konszienteago eta jakinminez beteago izan banintz, agian argazki kamera maiz jarriko nukeen dantzan… Alabaina, ezin naiz gehiegi kexatu. Izan ere, 2011 eta 2014 bitartean Moskuko urrea libururako bildu eta argitaratu ditudan 400 irudiek eta 50 elkarrizketa inguruk ederki islatzen eta betikotzen dituzte garai apurtzaile, sortzaile, irudimentsu, eta aldi berean gazi-gozo haiek, Irun ez ezik, Euskal Herriko beste bazter ugari ere astindu eta giza energiaz aberastu zituztenak. Mosku jendearen topagunea eta kultura nahiz gizarte susperraldiaren epizentroa izan zen Irunen eta Bidasoaldean, baina, jakina, hortik kanpo ere hamaika gauza egin zituzten urte horietan. Horren guziaren jakinminak bultzatuta ekin nion lanari, ahazturaren haizeak ez dezan eraman edota lausotu garai hartan gertatutakoa eta egindakoa.

Musika arlokoak dira liburuan nagusi, baina beste eremuetan ere barneratu naiz istorioak eta pitxiak biltzera: Angula irrati librea, antzerkigintza eta orohar arte dramatikoa, bertsolaritza, literatura (aldizkariak, liburuak, fanzineak…), gazte asanblea eta okupazioak, gazte eta ikasle mugimendua, feminismoa, gay eta lesbianen mugimendua, ekologismoa, kontzertuak, argazkigintza, diskodenda alternatiboak eta diskoetxe autogestionatuak, tabernarien ikuspuntuak, Mosku auzuneko Ama Xantalengo festa mundialak, lagunarteko Santo Tomas Futbito Txapelketa arrakastatsua eta haren bukaera derrigortua, antimilitarismoa, euskalgintza herrikoia…

Moskuko Urrea InterneterakoEsparru anitz eta askotarikoak jorratu ditut 1983-1993 urte arteko saltsa-maltsa hura biltzeko, eta hark Irungo gizarteari nahiz Euskal Herrikoari egindako ekarpena begirada kritikoz aztertzeko, beti ere elkarrizketatuen ahotsetan. Protagonista batzuk, gainera, arlo askotan parte hartutakoak dira, eta elkarrizketak ez dira monotematikoak izan, ez helburuz ez emaitzaz.

Do it yourself edo “zerorrek egin ezazu” izan zen garai haietako ezaugarrietako bat, nork bere bidea egitean eta autogestioan oinarrituta. Eta, hain zuzen ere, autoekoizpenaren ildotik bideratu eta plazaratu dut MOSKUKO URREA liburua. Nire hirugarren liburu hau gauzatzeko oso baliagarriak izan zaizkit prentsa idatzian urtetan izandako lan esperientzia eta baita diseinu grafikoaren alorretan saltseatu izanak ere. Haatik, baliabide ekonomikoen alorrean bide malkartsua izan da, eta eginahal ugari eskatzen ditu banaketari eta promozio edo zabalkundeari dagokienez. Moskuko urrea jendea da; eta hain xuxen ere, zu bezala jakinminez betea dagoen jendea da altxor bilduma honek lau haizetara zabaltzeko behar duena.

Hobeto ezagutu nahi dituzu Fermin Muguruza, Iñigo Muguruza, Jabier Muguruza, Mattin Sorzabalbere, Katu Susperregi, Vomitoko Claus Groten, Lisaböko Karlos Osinaga, Legaleon-T antzerki taldeko Espe Lopez, Caid Deceit eta Leize taldeetako Pedro Rodriguez, Temblores rockabillyak, Mikel Garikoitz kantautorea, eskualdean txalaparta berreskuratu zuten Sorzabalbere lehengusuak…?
Horiez gain,  Muerte Subita, Krimental, Anti-Regimen, Kortatu, Baldin Bada, Vomito, Bolingas Anonimos, Caballo Loco, Caid Deceit, Auskalo!, Zorrotz, Apurtu, Ekin, Latitud Cero, Odio Total, Trasgo, Noise, The Morapios, Harri Ta Zur, Negu Gorriak, Lasai-Massai… eta beste hainbat talde eta orduko testuinguru soziopolitiko nahiz kulturala hobeto ezagut ditzakezu, baita Irungo Mosku inguruak 1983-1993an zeuzkan giroa eta sormena ere. Horretan lagungarri izan dakizuke Moskuko urrea liburua.

(Informazio gehiagorako, jarri harremanetan nirekin.)

Moskuko Urrea

Moskuko urrea

9 pentsamendu “Bidea eginez topatu dut Irungo Moskuko altxorra”-ri buruz

  • Juanma Sarasola 2015-10-19 22:48

    Dagoeneko leku hauetan eros dezakezue liburua:
    – Irun: Bloody Mary diskak, Tinta Comics, Topo geltokiko prentsa denda, Elkar.
    – Hendaia: Berriketa prentsa denda.
    – Hondarribia: Olearso liburu denda.
    – Orereta: Xenpelar Kulturdenda.
    – Pasai Antxo: Urdin liburu denda.
    – Donostia: Hontza liburu denda, Beltza Records disko denda, Elkar.
    – Hernani: Leokadisti liburu denda.
    – Bera: Elkar eta Igone liburu dendak.
    – Lesaka: Xagu liburu denda.
    – Arantza: Aterpea.
    – Etxarri Aranatz: Kaxeta liburu denda.
    – Iruñea: Katakrak liburu denda.
    – Bilbo: DDT denda, Elkar.
    – Baiona: Elkar.
    – Gasteiz: Elkar.
    Halaber, gainerako Elkar dendetan eska dezakezue (Getxo, Tolosa, Bergara, Arrasate, Hernani, Iruñea, Basauri…)

  • Durangoko Azokan ere eskura izango duzue Moskuko urrea liburua, hain zuzen ere Baionako MAIATZ Elkartearen mahaian (Goenkale kalean, areto nagusiaren parean).

    Bestalde, Donostiako Garoa liburudendan (eta honen bitartez baita Zarauzko Garoa liburudendan ere) aurki dezakezue.

  • 2016ko martxo erdialdeaz geroztik Donostiako Amara Berri auzoko Skizo dendan ere aurkituko duzue Moskuko urrea.

  • Arabako Errioxan ere badaukazue Moskuko urrea, zehazki Bastidako plazan, Herriko Tabernan. Silvanori edo Adelari eskatu, eta han bertan goxo-goxo eta lasai has zaitezkete irakurtzen, jan-edanaren eta musika onaren arrimuan.

  • Ziburuko Maitenia ostatuan ere, herriko plazan, eskura duzue liburua.

  • Aupa, Estellerrian edo Erribera inguruan lortzeko?

  • Kaixo, aiegitar hori:
    Estellerrian edo Erribera inguruan ez dago eskura. Eskualde haietatik saltoki hurbilenak Gasteizen eta Etxarri Aranatzen (Estellerriari dagokionez) eta Iruñean dituzu, goiko zerrendan aipatutako lekuetan.

  • Moskuko urrea ardatz hartuta, liburua kaleratu eta gutxira ‘Moskuko urrearen distira’ izeneko bertso sorta argitaratu nuen, Senpereko Hatsa Elkartearen 2015eko ‘hatsaren Poesia’ olerki bilduman. Handik hilabete batzuetara, Karlos Otxoa irundarraren omenezko binilozko EPan sartu genuen kantu gisa, zortzi bertsoetatik lau erabilita. Korrokoitz Errekako Urre Bilatzaileak izenpean egokitu genuen kantua Aitor Perezek (Apurtu, Defecto Humano, T.A.D., eta abar) eta biok. Aitorrek doinua konposatzeaz eta instrumentu guziak grabatzeaz gain, koruak egin zituen; neroni, hitzez ez ezik, ahots nagusiaz arduratu nintzen.

    Hona hemen biniloaren B aldearen irudia (Karlos Otxoa zenaren gaztetako argazkiarekin), bertan ageri baita kantua. Guzira bost kantu ditu diskoak, punk-rock alorreko Anti-Regimen, Apurtu, Defecto Humano, eta Pecozza United taldeen kantu banari diskorako berariaz edo ‘ad hoc’ egindako Korrokoitz Errekako Urre Bilatzaileak izeneko elkarlana gehituta.

    http://images.45cat.com/various-artists-intro-2016-2.jpg

  • Arestian aipatutako binilo ttikia Irungo Petruska Recordsek argitaratu zuen, ‘Otsoaren aiuria’ izenburuarekin.

    https://petruskarecords.bandcamp.com/track/b1-korrokoitz-errekako-urre-bilatzaileak-moskuko-urrearen-distira