Madama Butterfly
Madama Butterfly. O, Butterfly? Ez al da, bada, esaten tximeleta bati hegoak ukitzeak heriotza-bidean jartzen duela?
Madama Butterfly liburua XIX. mendearen amaieran idatzi zen, eta oso epe laburrera opera forma ere hartu zuen. Diotenez, 1890eko hamarkadaren bueltan Nagasakin egiazki gertatutako pasadizoetan oinarritua dago drama erromantiko hau. Istorioa hiru ekitalditan banatzen da, liburuan hitzaurrea ere aintzat hartzekoa izan arren; kokapen txiki bat egitera mugatuko naiz, inori amaiera ez zapuztearren.
Pinkerton kapitain amerikarra Nagasakira heldu eta bertako emakume bat begiz jotzen du; baina emakumea geisha da, ezin da ezkondu. Drama hori abiapuntu gisa hartuta, pasarte gordinak irensten hasteko tenorea dator. Kontakizuna oso falozentrikoa da, kapitaina protagonista nagusia ez izan arren, bera bihurtzen delako guztiaren zilborra. Hala ere, istorioaren nondik norakoak jakin nahi dituenak, Berriako irakurketa honi heldu diezaiola. Istorioa gogorra da oso, baina gehiago nabarmendu nahi nuke liburua bera.
Esku artean daukadan alea Ibaizabal argitaletxeak plazaratu zuen iaz. Benjamin Lacombek idatzi zuen, eta Uxoa Iñurrietak euskaratu. Oso liburu berezia iruditu zait, ez oparitu egin didatelako soilik, baizik eta barnebiltzen dituen ezaugarriengatik. Lehenik eta behin, tamaina: 270×388 mm. Heldu bezain laster ohartu nintzen ez zela ohiko liburu bat. Portada bera ere zoragarria da.
Izan ere, horiek dira liburu honek dauzkan elementu erakargarrienak: ilustrazioak. Oliozko margolanak liluragarriak dira erabat, izugarria da sentipenak nola helarazten dituzten. Ekialdeko esentzia eder batek inguratzen ditu, eta begi bistakoa bihurtu liburu hau irakurri baino ikustekoa dela. Liburua bera akordeoi formakoa da, eta zabaltzen hasiz gero, arkatzez eta akuarelaz egindako fresko zoragarri bat ikusi daiteke. Nire etxeko korridorean ez zen kabitu; ilustrazioak hamar metro baina gehiago ditu. Istorio bera, operan bezala, ekitalditan dago idatzia; eta jada desagertu den Japonia horren lurrina dario orri bakoitzean.
Artelan multifuntzionala da. Irakurri. Ukitu. Begiratu. Tolestu, beste aldetik ireki, eta gehiago begiratu. Tximeletak dauzkat sabelean dantzan. Opari zoragarria izan da. Eskerrik asko.