Liburu txiki batean gauza handiak jarri ditu Sarrionandiak

Liburu txiki batean gauza handiak jarri ditu Sarrionandiak

Liburu txiki batean gauza handiak jarri ditu SarrionandiakJoseba Sarrionandiaren LAPUR BANDEN ETIKA ALA POLITIKA liburuak, nik dakidala, ez du hauts handiegirik harrotu Durangoko Azokaren 50. edizioan, eta normala da, izan, liburu txiki bat baizik ez baita, nola itxuran hala tamainan, hain juxtu, hitzaldi izateko idatzi baitzuen jatorrian.

Baina behin liburua irakurrita, nola esango nuke, askozaz ere lasaiago sentitzen da ni bezalako irakurlea, argitasunaren hedabe magiko baten lapikotik zurrutada handi bat edan izan balu bezala. Ez alferrik, Sarrionandiak aitortzen duen bezala, bera memoriaren denborakoa baita, ezer ahazten ez duten horietakoa. Eta azken urteotako politikagintzaz eta herrigintzaz mintzatzeko lehenengo zumitzetakoa behar du izan oroimenak.

Eskuargia den liburua

Ez da, ordea, hori liburuaren graziarik handiena, gauza bat baita oroimen ona izatea eta, bestea, ikusi eta bizi izandako gertaerak euren testuinguruan halako argitasunez azaltzeko trebezia edukitzea. Niretzat, bederen, dena lanbrotuta ikusten dudan bidean tentuz ibili ahal izateko eskuargi edo linterna handi bat da Sarrionandiak eskutan dakarrena.

Harrigarria egiten zait, ezer esango ez balu bezala, prosa garden eta minimo batekin, geziarekin beti dianaren erdian jotzeko daukan abildade hori, gutxirekin asko esateko trebezia apartekoa: “Gure kasuan, esan nahi dudana da 70eko hamarkadako askatasunzale, demokrata, igoalitaristak, bakezaleak beste zerbait bihurtu ginela oharkabean…”.

Bizitzearen ajeak dira horiek, jasotako errealitateari okerrekoa iritzi eta huraxe aldatzeko ahaleginean geldirik egon ezinaren ondorioak.  Saiatutakoaren kontraesan eta minak. Baina baita ikasgaiak ateratzeko modua ere: “nahi ez genuen ia guztia lortu dugu”.

Liburu txiki batean gauza handiak jarri ditu SarrionandiakDenok dakigu hemen Sarriren bizitza arrunt ez bestekoa dela, zer ikusteko handirik gabekoa  gutako gehienon bizimoduarekin. Baina, hala ere, harritzekoa da berak dagien gure historia hurbilaren azterketa zein den denontzakoa edo, bederen, nire belaunaldikoentzakoa. Ematen du liburu honetan berariaz jo duela benetan funtsezkoak diren kontuak argitzera, besteak beste, geure memoria eraikitzeko balioko digutenak, eta nola ez ba, etorkizunerako funtsarri baliagarri izan dakizkigukeenak izendatzera.

Autokritikatik harantzago

ETAko militante izandakoaren autokritikatik asko dauka liburu honek. Zintzotasun handiz ageri dira kontu horiek: “Borroka armatuak kalte handiak eragin ditu. Estatuak ere kalte handiak eragin ditu. Lohikeria lotsagarria izan da oraindik guztiz amaitu ez den gerra hau”. Eta Camusen “Izurritea” aipatuko dizu ondoren, kontuak hobeto zedarritzeko.

Baina, esango nuke, autokritika argi eta garbia egin eta gero -politikaz mintzatzeko orduan derrigorrezkoa den ordainsaria kitatuta-, eredugarri bihurtzen dela euskaldunarentzat Sarrionandiak dioen guztia, bai analisian eta bai proiekzioan. Txarrenera jota ere, gogoetarako material apartekoa ekarri digu, behintzat.

Hainbeste konturen artetik nik gehien eskertzen diodana, herri eta kultura txiki garen aldetik, datozkigun garai are zailagoetarako eskaintzen dizkigun trepetak dira, geure txikian aitzinatzeko proposamenak, nola hizkuntzarentzat, nazioarentzat, askatasunarentzat, demokraziarentzat… Nolabait esateko, gure gaitzak bertute izan daitezkeela erakusten digu, eta horretaz behar genukeela baliatu. Eta hori esatean, nor garen dio bide batez, bai gu eta baita bera ere. Batez ere bera. Ez dago zalantzarik, Sarrionandiaren identitatea da liburu guztian zehar ageri den kontu eztabadaidaezinena, inkuestionableena, nahiz eta, oker ez banaiz, ez duen horretaz hitz bakar bat ere idatzi: ez du behar. Aski du mundua nola ikusten duen adieraztea, nolako nongo nor den erakusteko, nolaz eta birigarroari kantutik zaion antzematen.

Hitzaldiaren amaieran dio bera ere “bidean galduta” dabilela, blues zaharreko beltz haiek bezain beltz. Baina, hain xuxen,  horixe da sinetsi ez diodan bakarra: nola ibiliko da galduta halako argia dakarren gizona?

Liburu txiki batean gauza handiak
Lapur banden etika ala politika, pamiela, saiakera, Sarrionandia, Sarrionandiak
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Liburu txiki batean gauza handiak jarri ditu Sarrionandiak”-ri buruz

  • Irakurri dut. Oso interesgarriak esaten dituen asko, eta hausnarketarako eta iritzi trukaketarako espezialak, nahiz eta batzuetan disgresioek moteldu egiten duten irakurketa. Eztabaidaren oharrak azkeneko orrialdeetan pilatzea akats nabarmena da, nire iritziz. Izango dira horretarako arrazoi praktikoak, baina ez du funtzionatzen. Sarriugarteren liburuan bai, baina hemen ez. Nik neuk behintzat, aukeran askoz nahiago ohar horiek orriaren oinean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude