Kitarrarekin posible da hitz egitea

40 urtetan etengabe handik hona eta hemendik hara aritu den musikari independientea da Ry Cooder, bere korronte propioan igeri ibiltzen den izokin bat, bottleneck bluesarekin espresatuz hainbat eta hainbat estilo ezberdin ukitu dituen artista.

Hainbat pelikuletako (Paris-Texas Wenderrena esaterako) soinu bandak konposatzeaz gain, musikari ugarirekin jotakoa da Cooder; adibideren bat jartzearren, The Chieftains, Van Morrison, John Hiatt, Ali Farka Toure eta Rolling Stonesak. Azken hauek taldean sartzeko eskaintza egin ziotela ere zabaldu zen hedabideetan, baina Ry Cooderrek beti gezurtatu izan zuen zurrumurru hura.

Hala ere nik, gaztea naizen heinean, beranduago deskubritu dut musikari apart hau familiako zenbait kideren “erruz.” Batez ere, kuba eta bertako musika hagitz gustuko ditudalako eta estatu batuarra bera izan zelako Buena Vista Social Club delako mugimenduaren bultzatzaileetako bat. Honen bitartez kubako musika tradizionala internazionalizatzen eta ezagun bihurtzen lagundu zuen. Bere erruz iritsi zen nire belarrietara Compay Segundoren ahotsa. Guzti hau kontuan izanik, banuen irrika kitarrista on hau zuzenean ikusteko eta gozatzeko.

Esan bezala hori izan zen lehen komentarioa, kontzertuaren publizitate gutxi egin zutela eta ea beteko zen Auditorium-a, eta abar. Sartu ginen barnera 20:18etarako, lasai jesarri eta teloneroari, Juliette Commagère-ri, itxaroteko. Ez nekien nor zen neska hura, baina osabak esaten zuenagatik “kultuko” musikari berri bat zen. “Hara bada! interesgarria.” Laster batean megafoniatik mobilak itzaltzeko eta argazkiak ez ateratzeko deia egin eta bertan, eszenatokian, agertu ziren Juliette Commagère, eta bere taldekideak; baxu-jolea, kitar-jolea, bateria eta teklatu bat jotzen beste neska bat. Honek bigarren ahotsak ere egiten zituen.

Ez ninduen harritu musikak, espero nuen zen, baina ez horregatik txarra kontuz! Nola definitu bada, ez zait gustatzen hitz zehatzekin definitzea musika, baina modu batean azaltzeko oso atmosferikoa zen. Baxu linea xinpleak, kitarra arpegioak, reggae erritmoa gogoratzen zidan bateria eta teklatua soinu elektronikoak sartzen. Guztien artean sekulako atmosfera sortzen zuten Auditorium-ean. Segurki zerbait izanen dela youtuben. Niri gustatu zitzaidan. Hala ere, diskurtsoak akatsak izan zituen, une oro espainiari hitz egiten zion eta hor ez zuen asmatu. Baina tira, dena ezin da eskatu-eta. Ahots fina zuen Juliettek eta fintasunak ez zion indarra kentzen, potentea benetan.

Hauek gutxi gora behera 40minutuko saioa burutu eta ordu erdiko deskatsoa eman ziguten Euskaldunako bozgoragailuek; komunera joateko, haize pixkat arnasteko, hankak luzatzeko, bakoitzak nahi zuenerako. Gisa askotako jendea zegoen. Batetik, heldu eta oso heldu gorbatadunak, nik uste garai batean jippie izan ziren horietakoak zirela trajez ondo jantziak. Bestetik look modernoagoa zuen gazteren bat ere ikus zitekeen, eta baita hainbat eta hainbat euskaldun ere entzun. Nire aukera komunera joatea izan zen, ondoren larrialdirik ez izateko. Ondo hustuta jesarri ginen berriz areto nagusiko jarleku erosoetan.

Hainbeste itxaroten egondako uneak ez ninduen dezepzionatu, ez horixe. Indarrez atera zen eszenatokira Ry (gaueko protagoninsta nagusia), Nick Lowe baxu-jolearekin eta bere seme den bateristarekin batera. Hawayar itxurako alkandora bat soinean eta pastazko betaurrekoekin mugimendu eta keinuak egiten zizkigun etengabe, gitarra laztantzen zuen bitartean. Sentimenduz jotzea deitzen zaio horri, ia-ia esan daiteke, hizkuntza bat asmatua zuela doinuekin, ia-ia uler zitekeen esan nahi zuen guztia… ez zen letrarik behar gozatzeko.

Arrazoiz eman zioten munduko 8. kitar-jole onenaren saria Rolling Stone aldizkarikoek. Gau benetan Rockeroa eskaini ziguten bertara azaldu ginenoi, sentimenduz betea. Sentimendu hori areagotu zen Juliette Comagère eta bere kidea oholtzara igo zirenean koroak egitera, besterik ez zen falta auditorioa betetzeko. Kantu xamurrak eta zorrotzak tartekatuta, anbiente onean eta umorearekin. Ezin hobea.

Get Rhytm, Johnny Cashen kantuaren bertsio ezagun bat du Ry Cooderrek, eta ez zuen jo. Gustukoen dudan kanta entzun gabe joan nintzen etxera, lotara. Aukeran, eskean jarrita, bis motza iruditu zitzaidan/gun eta gehiago entzuteko gogoarekin geratu ginen. Hala ere, badiotsuet, gau borobila atera zen; Juliette Comagère ezagutu eta kitarrista zaharraz gozatu.

Flaco Jimenez-en hutsunea

Medikuek gomendatuta, bere osasun pattalagatik edo, ez zen Euskaldunan izan Flaco Jimenez akordeoi-jole mexikarra. Honek asko aldatu zuen errepertorioa, baina jakin zuten moldatzen espektatibetara, eta ausartu ziren gaztelaniaz ranchera pare bat kantatzera. Txalotzekoa benetan.

Euskalduna, Flaco Jimenez, Juliette Comagère, kronika, musika, Nick Lowe, Ry Cooder
Oier Aranzabal

ZuZeulari 2009. urtetik. Garoa liburu-dendan lanean. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude