Gure bekatu nagusia

cc-by:fugzu
cc-by:fugzu

Ogiak ugaltzearen pasadizoak oso harrera ona izan zuen Jesusen jarraitzaileen artean. Ebanjelari guztiek gogorarazi digute. Segur aski, biziki hunkitu zituen Jainkoaren gizon hura janari gabe geratu zen jendetza handi hari jaten emateaz arduratu zela pentsatzeak.

Joanek dakarrenaren arabera, Jesus bera izan da berari entzutera etorri den jendetza haren goseaz konturatu dena. Jendeak jatekoa behar du; zerbait egin beharra dago haien alde. Horrelakoa da Jesus. Gizakiaren oinarrizko premiak gogoan dituela bizi da.

Felipek ohartarazi dio ezen ez dutela dirurik. Ikasleen artean, pobreak dira guztiak: ezin dute erosi horrenbeste jenderentzat. Jesusek badaki hori. Dirudunek ez dute konponduko sekula munduan gosearen arazoa. Dirua baino zerbait gehiago behar da horretarako.

Bide desberdin bat begiz jotzen lagunduko die Jesusek. Beste ezer baino lehen, beharrezkoa da inork berea beretzat ez gordetzea, baldin eta beste batzuk goseak badira. Jesusen ikasleek ikasi beharra dute eskura dutena gose direnen esku jartzen, «bost garagar-ogi eta arrain-pare bat» bakarrik bada ere.

Imajina genezakeen gauzarik lauena eta gizabidezkoena da Jesusen jarrera. Baina, zeinek sartuko digu kaskoan partekatu beharra, erosten baizik ez dakigunoi? Zeinek askatuko gaitu goseak hiltzen ari direnen aurrean bizi dugun axolagabekeriatik? Ba ote da gizabidezkoago egin gaitzakeen ezer? Ikusiko ote dugu inoiz guztien arteko egiazko solidaritate horren «miraria»?

Jesusek Jainkoa du gogoan. Ezinezkoa du hura guztien Aitatzat hartuz harengan sinestea, haren seme-alabak goseak hiltzen utziz. Horregatik, taldean bildu dituzten jatekoak hartu eta «begiak zerurantz jaso ditu eta eskerrak eman». Lurra bera eta janari guztia Jainkoagandik hartua dugu. Aitaren erregalua da guztia, haren seme-alaba guztientzako opari egina. Besteei bizitzeko behar dutena kenduz bizi bagara, esandako horretaz ahaztu garelako da. Horixe da gure bekatu nagusia, ia inoiz ere aitortuko ez dugun arren.

Eukaristiaren ogia partekatzean, Kristo berpiztuak janaritzen zituela uste zuten lehen kristauek; aldi berean, ordea, Jesusen keinua gogoan izaten zuten eta premia handiena zutenekin partekatzen zituzten beren ondasunak. Batak bestea haurride ikusten zuten, elkarren senide sentitzen ziren. Artean, ez zuten baztertua Jesusen Espiritua.

Jose Antonio Pagola

BERRI ONAK Sare Ebanjelizatzailea
Izan gogoan goseak hiltzen ari direnak. Bidali hau

2009ko uztailaren 26a
Urteko 17. Igandea (B)
Joan 6,1-15

ebanjelioa, Gehitu etiketa berria, Nazareteko Jesus

Aita nuen Pagola; ama, berriz, Elorza. Nere izena, Jose Antonio. Añorgatarra naiz sortzez. Nazareteko Jesusen Berri Onaren muina eskeini nahi dut astean behin. Hau katalanez, gazteleraz, frantsesez, ingelesez, italieraz eta portugesez zabaltzen da munduko plazara. Zuk zeuk har dezakezu orain euskaraz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude