Gorrotoaren eta maitasunaren oreka ezinbestekoa

Gorrotoaren eta maitasunaren oreka ezinbestekoa

(Aritz Gorrotxategiri erantzunez)

Kaixo, Aritz:

Etsipenez irakurri dut zure ‘Gatazka: literatura eta etika’ izeneko testua Hitzen Uberan atarian. Extenporaneoa begitandu zait. Sutean biziraundako ezpalei temaz su ematen ariko bazina bezala.

Arreta ematen du idazle batek tamaina horretako idatzia egitea, liburuak eta idazleak ardatz hartuta, eta izatea ideologiaz jarduteko. Ez teknika narratiboaz, ez pertsonaien hezur-mamitzeaz, ez baliabide sintaktikoez, ez tramaren egokitasunaz edo sinesgarritasunaz… ideologiaz.

Baliabide eufemistiko aunitz darabilzu testuaren helburua zein den ezagutara emateko, eta zinez zaila da, azken buruan, asmoa zein den ulertzea. Asmoa al da, ETAren kontrako literaturaren ugaritasunari dagokionez, jadanik eman den aurrera-pausua egiaztatzea?, asmoa al da ugaritasun horren berandutze kriminala salatzea?, edo asmoa ote da literatura bai baina bertsolaritza ez dela bide ‘egoki’ eta ‘etiko’ horretan sartu salatzea? Ez da sobera argi geratzen, baina agian gaia, azken batean, ustezko ‘ETAren aldeko’ idazle eta bertsolariei errietatxoa egitea da, bide batez, berriro ere, enegarrenez, estigmaren zama haien bizkar gainean jarrita.

Gorrotoaren eta maitasunaren oreka ezinbestekoaLiteratura garai batean ezker abertzalearen ideologiaren aldekoa izan dela diozu, eta gero emantzipatu zela, asko kostata eta berandu izan arren. Gatazkari buruzko liburuen zerrenda egiten baduzu, ordea, atera daitezkeen ondorioak bestelakoak dira. Hasteko, ezker abertzalearen ideologiaren aldeko prosa, beti aurkakoa esaten duzuen arren, oso urria izan da, ia esku batekin zenbatu daitezke adibideak. Bestetik, kontrara-edo jarduteko ateak oso aspaldi ireki zituen Atxagak, 1993an, ‘Gizona bere bakardadean‘ eleberriarekin. Beste liburu kanoniko bat kaleratu zen handik gutxira, polizia baten hilketa aipatzen zuena, ‘Hamaika pauso‘ (1996). Hots: ez da berria, eta ez da duela sei urtekoa ere, ezker abertzalearen posturatik haragoko literatura egitea. 2001. urtean, bestetik, Sarrionandiak borroka armatuarekiko zituen zalantzak azaldu zituen bere Lagun izoztua ederrean, ez, behar bada, zuk eta barne ministroak nahiko zenituzkeen hitz gaitzesgarri zehatzen bidez, baina bai metafora handi baten bidez, hau da, literarioki, editorialki bainoago. Ulermen arazo ikaragarria behar da hori ez ulertzeko. Horra, bada, hiru liburu kanoniko, hirurak borroka armatua bera molde batean edo bestean auzitan jarriz, hirurak XXI. mendean sartu aurretikoak.

Mihiak askatu direla diosku Bordak zure testuan, eta, horrela esanda badirudi idazleek zentsura eta errepresio garai latzak pasa izan dituztela, ezker abertzaleak oinperatuta. Esan nahi zutela, bazutela grina, baina esku beltz batek ez ziela uzten. Eta, neure buruari galdetzen diot: tankera horretako lekukotzarik jaso ote du Bordak? Benetako arazo batez, arazo sakon eta hedatu batez ari al zaigu, edo metafisikaz ari da? Hemeroteka hartu, hartu iritziak eta elkarrizketak, eta ez duzu zentsura ustezko horren berririk inon topatuko. Nik, behintzat, ez dut topatu. Nortaz ari da? Bere esperientzia propioaz? Hala bada, bego. Baina ez dezagun arazo propio dena, arazo sozial bilakatu, ezin hitz egin izana izurrite ideologiko kuantifikagarria balitz bezala.

Ezker abertzalearen aldekotzat jarri izan dira, edo dituzue, Izagirre eta Sarrionandia. HBren alde mintzatu izango ziren inoiz eta, automatikoki, idatzi duten guztia, isuri duten lerro bakoitza, pistolero euskaldunen apologia odolzale hutsa izan da. Horrelakoak zarete, behin etiketa jarrita, akabo betiko. Baina haiek irakurri besterik ez dago, autokritika (eta autoparodia) oso aspaldiko kontua dela jabetzeko, nahiz eta Borda bezalako idazleek ikusi nahi ez izan. Sarrionandiaren lerro bakarrean Itxaro Bordaren elekeria politiko muturreko osoan baino bestearekiko kontzientzia handiagoa dago, sakonagoa, samurragoa, enpatikoagoa eta literarioagoa. Hortxe daude liburuak: mintza bitez haiek.

Bai, euskal literatura oso territorio libre eta oparoa da, denetik dago eta hori gauza ederra da. Euskal literaturak jorratu du euskal gudarien gaia eta jorratu du biktimena. Baina kontua ez da hori, kontua da nola egin duen, ea asmatu duen, ea lortu duen liburu magma sinesgarri eta egoki bat. Baina hori ez da inoiz serioski aztertzen, ez da auzitan jartzen, ez kritikak, ez idazleek, ez blogetako intelektual sasikoek, ez inork ere ez. Eta hori egiten da zinez deigarrien. Jakingo bazenu nolako dezepzioa eragiten duen irakurleon artean saltsa betiereko hau ikusteak, liburu-denden apalategietan euskal gatazkari buruzko liburu txarrak pilatzen eta pilatzen diren bitartean!

Gorrotoaren eta maitasunaren oreka ezinbestekoaLertxundiren Etxeko hautsa baztertua aipatu duzu: benetan harrigarria egiten al zaizu hura baztertu izana? Non dago, inon badago, liburu haren meritu literarioa? ETAren biktimengan arreta jartzea ote da meritua? Zer idazten duzue, literaturaren historian sartzeko edo biktimen elkarteentzako? Ze, biktimen elkarteentzat ari bazarete, ongi, baina historiaren eta haren dialektikaren barruan sartzea bada asmoa, amigo, bapo zabiltzate!

Literatura batek ez du kritikarik gabe inoiz aurrera egingo eta, kritikarik balego, inoiz baten batek esana ziokeen Lertxundiri ez dagoela pertsonaiak berak sortzen dituen eran sortzerik. Pertsonai batek izan behar dituelako ertzak, anbiguotasuna, izan behar duelako hondo bat eta, bere liburuko pertsonaiek, ez daukate. ABC egunkariaren eskemetan bete-betean sartzen dira. Baina inork ez dio esan, eta zuk, idazle zaren horrek, txalotu egiten duzu, ‘etikaren bide egokian’ dagoelako. “Etikak hil zuen literatura”, esango dute biharko ikertzaileek, “orretarako, katixima hobea zen!”. Idazle baino, apaiza dirudizu. Edo audientzia nazionaleko epailea. Falta zaizun gauza bakarra da fiskalari dei egitea, akusazio ofizial eta ganorazko bat egin dezan zuk bezala pentsatzen ez duten zure kolega idazleen kontra, sartu ditzaten behingoz kartzelan.

 

Isiltasun pisua

Deigarria da, bestetik, mina jasandakoak aipatzea ETAren biktimez jarduteko, eta mina jasandakoak horretara mugatzea. De facto hori egiten duzu, esaterako Txillardegik jorratu izan zituelako biolentzia jasandakoak lehenagotik, esaterako presoak. Baina horiek ez dira, stricto sensu, biolentziaren biktima, ‘etikaren’ zure ikuspegi, hala dei diezaiogun, hertsi samarrarentzat. Ez: kontua da ETAren biktimez jardutea. Berdin dio nor zaren, zer pairatu duzun, detenitua izan zaren, adibidez, eta zer pentsamendu duzun… idazle bazara, jorratu beharrekoa, idazle oso bilakatuko zaituena, irudiz, ETAren biktimak aldarrikatzea da.

Hori, macarthismo hutsa den hori, zuretzat, ‘etikoa’ da. ‘Etikoa’ da, beraz, idazle bati esatea ezin duela horrela edo horrela pentsatu, ez, pentsatu behar duela ETAren biktimen mina bere liburuetan jaso behar duela. Derrigor. Hori delako ‘etikoa’.

Literaturaren istorioak erakusten digu idazlearen eta jorratzen duen gaiaren arteko harremana oso anitza dela, gehienei (hala esaten dute), gaia etorri egiten zaiela, dei egiten diela. Baina zuk hori gaitzesten duzu, zure ikuspegi ‘etikoari’ gaizki iruditzen zaiolako, zure uste apalean idazleek bai ala bai horretaz idatzi behar dutelako, nolabaiteko justizia egin dadin. Horri buruz milaka eta milaka goiburu idatzi izan ez balira, sikira! Erreparazioa esaten diote orain. Ez da nahikoa polizia, ez da nahikoa kartzela, desterrua, gerra zikina, torturak eta sakabanaketa. Ez. Justizia osoa izan dadin, biktimei buruz idatzi ez duten idazleen zerrenda egin behar dugu (egin zenuen lehenago ere). Eta hori, guzti hori, literaturaren izenean esaten duzu, zuk, idazle batek. Ba, zer nahi duzu esatea: ni zure kolega idazlea banintz, ez nuke zurekin garagardo bat hartzeko gogo berezirik izango.

Euskal literaturaren sarien historiak ederki adierazten duen bezala, erakundeek oso gogoko izan dituzte, kasualki, zure gogokoak diren idazleak. Atxaga bera, Felipe Juaristi, Saizarbitoria, eta abar. Baita, berrikiago, Jokin Muñoz. Horiek guztiak, zuk goraipatzen dituzunak, oso erakundeen gustukoak dira, eta oparo saritu dituzte. Zu falta zara, eta akaso hauxe da zure testuaren azken helburua. Barka gaizki pentsatzea. Erradazu, Aritz, zinez uste al duzu hori literaturaren ikuspegitik ona dela? Zinez uste al duzu horrek idazle horiek eta haiek idatzi zituzten liburuak nobletzen dituela? Hartu behin eta berriz alferrik aipatzen duzun literaturaren historia, eta ikusiko duzu idazleak eta enperadoreak oso harreman txarrekoak izan direla, eta hortik, justuki hortik etorri direla liburu onak.

Uste dut inoiz ez duela inork ezker abertzalearen posturaren aldeko libururik ezker abertzalearen posturaren alde jardute hutsagatik nabarmendu, txalotu edo saritu. Euskal literaturaren periferiako iritzi emaileek utzi dituzte mila testu, iritzi eta iruzkin, eta bakarra ere ez dut aurkitu inoren liburu hau edo beste arrazoi horrengatik goraipatzen. Ideia hori zure aspaldiko idatzi batean aipatu zenuen: nahikeria hutsa zen. Eta ez da postura horrek, hots, ezker abertzalearen aldekotasunak, goraipatzekoak izan daitezkeen gauzak ez dituelako, bai baitauzka mordoxka bat: antikolonialista dela, zapalduaren aldekoa, bertsio ofizialek esandakoaren kontrakoa (ez ote da hauxe bera literatura?), eta abar. Hala ere, guztiz absurdoa eta dogmatikoa litzateke guzti hori literatura-irizpideen aurretik jartzea. Berriz aipa genezake munduko literaturaren historia: esan al du inoiz kritiko seriorik liburu hau edo beste hura defendatu eta aldarrikatu behar genukeela haren postura ideologikoaren kausaz? Ez.

Zuk, ordea, bi zerrenda egiten dituzu, eta balekoen artean zure ideologiaren aldekoak kokatzen dituzu. Kontrakoak ‘puztu’ egin izan direla aipatu izan duzu, lehen esan dudanez, baina ez naiz korapilo horretan sartuko, ez du merezi. Ez nuke nahi balekotzat dauzkazun idazle horien zerrenda horretan egon, egia aitor, eta esango nuke Olasagarre eta enparauak ere ez daudela eroso. Haiek jakingo dute.

Literaturaren arrazoi funtsezkoa da esan gabe dagoena esatea. Idazlearen ofizioaren alderdi ezinbestekotzat jo dezakegu diskurtso ofizialaz haragoko gauza ezkutuak aurkitzea, eta haiek gizartearen begien parean jartzea. Zer du idazleak? Bizitzarekiko ikuspuntu singular bat, eta hura azaltzeko nahia eta gaitasuna. Baina, nola izan liteke ikuspuntu hori zinez singular, zinez bakan, aldez aurretik nagusi den patroi moral baten aldeko bide estuan sarrarazten baduzu? Ba emaitza, esaterako, zeure azken nobelan daukazu. Ze liburuaren akatsa, eta baditu akats aunitz, horixe baita: patroiak berak mozten dizkiola hegoak, hego emozionalak, bakanak liratekeenak, liburuari. Beste modura esanda: patroi edo dogma baten bueltan eraikitako nobela da, kartoi-harrizko pertsonaiez betea. Eta, zure liburuaren bide oso laburra, hark defendatzen duen tesi politikoari egozten badiozu, zaude lasai: oker zabiltza. Ze, idazteko, kontua ez baita ongi idaztea, euskal literatura maiz horren alde egiten bada ere, kontua da moral aldetik zinez librea izatea, bakana, eta, beraz, berritzailea. Sarrionandia da horren adibide gorena, edota Koldo Izagirreren Agirre zaharra, zeina, zuek ETAren orbitan jartzen duzuen arren, guztiz parodikoa baitzen. Ez duzue irakurtzen jakin izan. Irakurri ote duzuen ere, duda handiak ditut.

Gorrotoaren eta maitasunaren oreka ezinbestekoaIdazleak, gorrotoa eta konprentsioa, biak behar ditu oreka batean. Idazleak ulertu egin behar du, eta ulermen horren eskuzabaltasun ideologikoak ematen dio sakontasun filosofikoa eta bikaintasun literarioa bere obrari. Esaten dudan hau manikeismoaren antonimoa dena, ezin da klixe politikotik erdietsi. Beste postura moral bat behar da, horizontala eta apaltasunezkoa. Primo Levi irakurtzen baduzu, ikusiko duzu Levik egoera bat salatzea duela xede, nazismoak sortutakoa, baina horretarako bidezidor moralen tentazio oro ukatzen duela, eta hortik datorrela bere testigantzaren bakantasun gogoangarria. Naziak ez ditu epaitzen, juduak ez ditu goraipatzen: dena da, gerra betean, miseria moral hutsa. Zintzotasun erabateko hark sufrimendua ekarri zion, bere buruaz beste egin zuen azkenean, baina gerrari buruzko lekukotza ederrena utzi zuen. Bai, literatura, zinez ausarta eta hondoa bilatu zale denean, oso da mingarria. Ez da Donostiako marko inkonparablean egiteko gauza bat.

Oso bestelakoa da zuk goraipatzen duzun Lertxundiren postura moral eta literarioa. Lertxundik ETAko kide ernegatu eta burugabe baten pasartea kontatzen digu, Rambo tonto modukoa, baina epai batetik abiatuta, eta egunkarietako editorial mertzenarioek, botereak eta El corte inglések diruz ordaindutakoek, esaten duten gauza berbera esaten du. Eta berriz galdetzen dizut, zein da ‘kortapega’ eskuzabaltasunik gabeko horren balio literarioa? Antzekoa esan dezaket zure zerrendako idazle etikoen gainerako beste hainbat obrei buruz, baina ez dute nire denborak adina balio.

Camus eta Coetzee aipatzen dituzu, modu guztiz okerrean zure tesien aldeko jarriz. Zerrenda meharra da, meharregia, xedea haren bidez zure tesiaren egiazkotasuna demostratzea bada. Gatazka armatuak bizi izandako literaturaren azterketa serio batek, oso bestelako emaitzak emango lizkizuke, pittin bat zorrotza bazina. Gatazka armatu guztien ingurumarian sartutako literatura aipagarriena, salbuespenak salbuespen, gehienetan izan baita zapalduen leinukoek boterearen kontra idatzitakoa. Arrazoia sinplea da: boterearen aurka jarduteak irudimena eskatzen du, ideia berrien bilatze ezinbestekoa, ia obsesiboa, eta, gainera, epikoa da.

Gorrotoaren eta maitasunaren oreka ezinbestekoa

Munduko kazetari onenetako bat, Rodolfo Walsh, Argentinako militarrek erail zuten (bere alaba ere bai: ez ziren errukitzen militar haiek). Zori berekoa izan zen, zertxobait gertuago, Lorca poeta ere, zeina, ongi jakingo duzun bezala, ETAren inguruan zure diskurtsoa hitzez hitz defendatzen dutenek, edo sortu zutenek, asesinatu baitzuten. Lauaxetak ezagutu zuen brutalitate hori bera.
Nikaraguan izandako gatazka armatuaren berri ez genuen gobernuaren, beraz, CIAren aldekoek idatzitakoari esker izan, matxinoen artean zeuden Gioconda Belli edota Omar Cabezas matxinoei esker baizik. Sufrimendu eta sakrifizio hartatik erditu zituzten inoiz idatzi diren nobela ederrenetako batzuk, literaturaren historian eskubide osoz sartu direnak, Andu Lertxundi ez bezala.

.

Bertsolaritzaren adibidea

Bertsolarien gaia labur jorratuko dut, merezi dute eta, haiek ere, elkartasun keinu bat. Akaso idazleek bainoago, baina jada berandutzen hasia zait.

Bertsolaritzak, literaturak ez bezala, bikaintasun erabatekoa lortu du. Bai, bertsolariak gehiago dira, hobeak dira, lehia estuagoa daukate, eta, gainera, askoz ere sanoagoa eta, finean, zuek baino askoz gehiago eboluzionatu dute. Egizu kontu, euskaraz inoiz erditu den nobelarik onena, hemen lehenago ere aipatu dena, 1996koa dela. Duela 20 urtekoa. Zain dago, ea nork hobetuko duen. Zahartuko da gehiago. Baina idazleak bestelako asuntoetan zabiltzate, denak ispiluari begira, edo albokoa salatzen, edo auskalo zertan. Horregatik hitz egiten duzue behin eta berriz haien kontra, horregatik erditu zuen literaturak ‘bertsokitchlaritza’ hura, umoretsua eta ingenioz betea izan nahi zuen terminoa, baina, egiazkiz, inbidia ezkutatu gura zuena, eta jakina, gerora inolako biderik egin ez duena. Garai bateko bertso, esan dezagun, basikoak entzuten badituzu, esaterako 1996koak, ikusiko duzu gaurkoen aldean oso direla egitura sinplekoak. Asko eta ongi garatu da bertsoa, eta, seguruen, askatasuna izan da garapen handi horren ardatza. Bai, bertsolariak pentsatzen duena esan dezake, eta makina bat testu argitaratu dira paradoxa horren inguruan. Esaten zenez, garai batean mitinetan esan ezin zitekeena, edo entzun ezin zitekeena, esan zitekeen bertso-saioetan. Ez dezagun ahaztu hemen norberak pentsatzen duena esatea espainiarren legeez zigortuta dagoela, zuk horretaz kexa nabarmenik ez baduzu ere, eta horren izenean euskaldunon egunkari bakarra itxi zutela.

Gorrotoaren eta maitasunaren oreka ezinbestekoaAskatasun horrek eman dio bertsolaritzari entzuleekiko konexioa, eta konexio horretatik etorri da hedatzea, oparotasuna eta kalitatea. Izan ere, gazte askok izan nahi dute bertsolari; zergatik? Pasioa, indarra, grina, eta ilusioa dagoelako jardun horren inguruan. Literaturan ez bezala, bertsolaritzan ez dago politikoki estigmatizatuta izateko izurik eta, entzuleak, zinez eskertzen du potentzia emozional hori (Jon Maiak esan zuen bezala). Zuk Euzkitze aipatzen duzu. Baina aipa dezakezu Sarasua bera, ezker abertzalearekin oso kritiko izan arren harrera paregabea, ia pribilegiatua daukana bertsolaritzaren munduan, politikoki beste orbita batean dagoen arren. Xapo haien guztiengatik, elkarbizitza zer den literaturari egunero irakasten diotelako.

Nahikoa deigarria egiten zait Atxagak Arzallusen finalari buruz esandakoa, motibo askorengatik. Lehenik eta behin, Ametsen jarduna, zeina, agian, ideologikoki tranpatia izan baitzen, ezin da saio osora estrapolatu. Saio hartan bertan, beste bertsolari batek, Aitor Sarriegik, Atxagaren tesia bertan behera botatzen duen jarduna egin zuen, biktima bat hezur-haragituz (eta zeurea, bide batez, bere jarduna txalotua izan baitzen). Zergatik hartzen da kasu bat saio osoa epaitzeko, saioan bertan beste batek kontrakoa egin bazuen? Labur esanda: egia ez delako aurrejuzkua bezain interesgarria. Atxagak iritzi bat dauka, oso aspaldikoa, bertsolaritzaren eta, bereziki, bertsozaleen kontrakoa, eta sentimendu hori elikatu nahi du, horretarako egia ez den oinarri bat erabili behar badu ere. Gauza berbera egiten duzu zuk ere: saioa mutilatzen duzu, interesatzen zaizun zatia hartzen duzu, eta aurretiaz daukazun iritzia indartzen duzu, iritzi horren kontrako beste sorta bat dagoen arren. Eta, gainera, saio hura, finala, bertsogintzaren fenomeno osora zabaltzen duzu. Nabari zaizu bertsogintza arrotz zaizuna. Pena da. Jakin gabe idaztea, diot. Pena handia, filosofo plantak egin nahi dituen batentzat bereziki.

Bertsolariak, Harkaitz Canok ongi azaldu zuen bezala, maskara garden bat jantzita kantatzen du; beste pertsonaia baten paperean jartzen da, baina bera izateari utzi gabe inoiz. Iturriagari eskatzen badiote polizia baten buruan sar dadin, ez du Sarasuak bezala kantatuko, nork bere nortasuna guztiz alboratu gabe egingo dutelako. Bata izango da Iturriaga-polizia, eta bestea Sarasua-polizia. Horrela da bertsolaritza sortu zenez gerotik, eta literaturarekiko analogia, zentzu horretan, okerra da. Horregatik, oso ohikoa eta oso polita da ikustea bertsolariak nola hartzen duen deseroso zaion gai bat, eta nola ematen dion buelta bere ideologiaren kontra doana esan behar ez izateko. Horrek ez du bertsolaritza baliogabetzen, ezta bertsolariak edo zaleak ere; aitzitik, jarduna are eta pertsonalagoa eta jostagarriagoa egiten du. Amets Arzallus euskal gatazkaren biktima tipikoa da, aita iheslaria, osaba preso, min asko pasatutakoa. Horretaz ere gutxi dakizu zuk. Ez da harritzekoa, hortaz, ‘beste aldeko biktima’ bat hezur-haragitzeko zailtasun moral handia izatea. Eta, gainera, nork epaitzen ahal du horregatik? Ez al dugu behin eta berriz askatasun ideologikoa aipatzen? Ez al da ba askatasun ideologikoa eskubide humano unibertsal bat? Orduan, zergatik ukatzen diogu Ametsi eskubide gutiz zilegi, eta, bide batez, ulergarri hori? Fanatismo hutsagatik akaso, bestea ulertu ez, baizik eta bestea makurrarazi nahi dugulako, askatasunaren izenenean!

Atxagak beti esan izan du nahi izan duena. ETAri eman dizkio kokotekoak, HBri ere bai. Askori. Bego. Hori aldarrikatu izan du beti eta ez zaio arrazoirik falta. Nik hori txalotu egiten dut. Eta egia da, seguruen, badirela barkatu nahi izan ez diotenak. Neu barkatzeko eskubidean nagoen bezala daude beste asko ez barkatzeko eskubidean ere: hitz egitea, sentimenduez jardutea den heinean, ez baita doakoa. Ez hemen eta ez inon. Nik, ordea, edonoren aurrean defenda dezaket iritzia emateko askatasun erabatekoa. Atxagak, ordea, ez dio eskubide horixe, berak bere buruari tinko eskaintzen diona, Ametsi onartu nahi. Ez jauna. Atxagak nahi luke Ametsek kanta zezan Atxagak nahi lukeen posizio ideologikotik. Bere buruari onartzen eta txalotzen dion eskubidea, ukatu egiten dio besteari. Hitz egitea ona da, barrena azaltzea ona da, baina soilik nik egiten dudanean!, ideologia halitosia bezalakoa baita, hurkoarena bakarrik da sentitzen.

Atean Espainiako bandera izugarri bat zeukan poliziaren etxean torturatua izan zen Amets Arzallusen osaba, eta kartzelan sartua ondoren. Gaia jarri ziotenean, haren eta torturatu guztien memoria aldarrikatzeko hautua egin zuen: zer du horrek txarretik? Ez dut ulertzen. Munduan barna miretsiko genukeen keinua, gaitzetsi egiten dugu geure herrian.

Gorrotoaren eta maitasunaren oreka ezinbestekoa

Bestetik, Atxagak bertsozaleak aipatzen eta epaitzen ditu, eta esaten du Ametsen ideologia berekoak direla, eta horregatik egiten diotela txalo, akelarre ideologiko bat balitz bezala, zeremonia lerdo bat. Deigarria da. Atxagak estudio soziologiko bat egin ote du hori jakiteko? Edo intuizio soil bat tesi bilakatzen ari zaigu? Jakin beharko luke Atxagak, ordea, han dagoen publiko motz eta dogmatiko hori bera dela Atxagaren eta, bide batez, zeure eta zure zerrendan dauden beste idazle guztien liburuak irakurtzen dituen jendea. Jende hori da Durangoko azoka betetzen duena edota irakurle txokoak antolatzen dituena. Jende hori, ez beste inor. Pentsatzen al du Atxagak EAJko jendea edo PPkoa dela euskal kulturarekiko atxikimenduz eta maitasunez, militantziaz eta konpromisoz, bere liburuak irakurtzen dituena?

Bertsolaritza geure kulturaren epizentroan egoteak gauza asko esan nahi ditu, geure intelektual mendeku zaleek hura behin eta berriz kritikatzen duten arren. Esan nahi du geure kultura izan daitekeela lehiakorra, izan daitekeela bikaina, izan daitekeela arrakastatsua. Egin behar den gauza bakarra, bat da: lana. Ez aldamenekoari so egin, ez galdu denbora kritikan eta moralgintzan. Horixe baita geure kulturaren minbizia: moralgintza. Urkixo gutxiago eta Sarrionandia gehiago behar ditugu. Zuk jakingo duzu nor izan nahi duzun.

Herri batek literatura behar du. Zinez behar ere. Literatura ona, irakurleak maitemintzekoa, hunkitzekoa eta aldaraztekoa. Eta hori ez da ‘etikaren’ fiskalizazioaren bidez lortzen. Hori lortzen da kritikoa eta sortzailea den ingurugiro langile eta solidario baten bidez.

Ez dut segitzeko astirik, Aritz. Ez erantzun, ez ezazu denbora gal. Segi idazten. Literatura, ahal dela.

Gorrotoaren eta maitasunaren oreka ezinbestekoa

12 pentsamendu “Gorrotoaren eta maitasunaren oreka ezinbestekoa”-ri buruz

  • Aritz Gorrotxategi 2016-03-07 22:43

    Kaixo, Laia.
    Zure erantzunaren berri iritsi zait, eta zenbait iruzkin merezi dituela uste dut.

    Nik uste gauza interesgarriak eta eztabaidarako mamitsuak izan daitezkeenak jartzen dituzula mahai gainean, baina hartu duzun ikuspegi eta jarrera erabat okerra iruditzen zait. Izan ere, zuk bezala pentsatzen ez dutenak, muturreko eskuindar erradikaltzat jotzea ez zait serioa iruditzen.

    Dogmatikotzat jotzen nauzu, baina zuk egile jakin batzuk ontzat jo eta gainerakoak ABCren zutabekidetzat jotzen dituzu (Anjel Lertxundi barne). Ez dago erdibiderik edo ñabardurarik. “Nirekin edo nire aurka” leloa dakarkit gogora horrek. Ni bezalako pertsona bat eskuin muturrekotzat baduzu, ez dakit zeinekin eraiki ahalko duzun etorkizuneko elkarbizitza. Zu bezala bakarrik pentsatzen dutenekin? Nik uste denontzat dagoela lekua, eta zure fatxometroak ajuste handia behar duela.

    Nik ere nahiago dut literaturaz hitz egin ideologiaz baino, baina, interesgarria baderitzot gaiari, ez diot hari buruz hitz egiteari uko egiten. Are gehiago, gurean hainbat idazle sartu izan dira literaturarekin zerikusirik ez duten mila saltsatan konpromisoaren izenean, eta esango nuke begi onez ikusi izan dituzula horrelakoak alde jakin batera lerratzen baziren. Baina, nire kasuan, desegokia iruditzen zaizu nonbait.

    Nire ahotik ez duzu entzungo Koldo Izagirre edo Sarrionandia edo Txillardegi idazle eskasak edo filoterroristak direnik. Idazle handiak iruditzen zaizkit, eta Udal liburutegiari Txillardegiren izena ez jartzea bidegabea iruditzen zait. Ez nator bat haiekin iraultzarekiko duten lilura zenbaitetan dudarik gabean, ez eta gure herriaz duten ideian ere.

    Bide batez, nik idatzi dut artikulua. Ez dakit zergatik aurkatzen dituzu nire esanak “zuek” forma erabiliz. Ni zuri zuzentzen natzaizu, eta “ez zuei” edo “haiei”.

    Ezker abertzaleak bere adierazpen edo jarreren bitartez, zenbaitetan ETAren jarduerek eragindako minarekiko sentikortasunik eza irudika zezakeela onartu du. Horretaz ari naiz etikaz ari naizenean, eraginak, kalteak eta minak Ideia edo Dogma Nagusiaren gainetik jartzeaz. Otegik lehengoan esan zituenak ez zituen esaten ETA indarrean zegoenean, publikoki ez behintzat. Horretaz ere ari naiz, Itxaro Bordak bere artikuluan aipatzen zuen isiltasun pisuaz. Zenbait idazle horretaz ohartu ziren aspaldi, Imanol abeslaria ere ohartu zen bezala, eta, nire ustez, jarrera ausarta izan zuten bidegabekeria horiek salatuta.
    Era berean, bidegabea da presoekin gertatzen ari den bidegabekeria ikusi nahi ez ikustea, Euskal Herriko kartzeletara etortzeko dauzkaten zailtasunak, sufritutako torturak eta abar… Nik ez diot inori esango zertaz idatzi behar duen, baina, era berean, gure kulturan ETAren jardunak isiltasun pisu bat eragin duela ikusi nahi ez izatea ere itsukeria iruditzen zait. Eta egile eta sortzaile batzuek bidegabekeria hori ere salatu eta ikusgarri bihurtu dute. Sarrionandiak eta beste zenbaitek beste bidegabekeria batzuk salatu eta ikusgarri bihurtu dituzten bezala. Batzuk eta besteak osagarri ikusten ditut, ez elkarren etsai.

    Uste dut ona dela kontu horiek gogora ekartzea, ez inoren gainetik jartzeko, bidezkoa delako baizik. Zentzu horretan, esan bezala, Imanol figura paradigmatikoa iruditzen zait. Hainbat gauza oker egin ditugu, eta horiek adieraztea ez da inoren gainetik jarri nahi izatea.

    Ez dut uste gailentasun moraletik idazten dudanik. Are gehiago, arestian aipatu dudan ezker abertzalearen autokritika horrek frogatzen du zenbait kontu egiteke zeudela gurean. Era berean, komenigarria litzateke beste sektore batzuen aldetik autokritika entzutea ere (GALen inguruan, torturaren inguruan, esaterako). Kontua ez da inoren gainetik edo azpitik jartzea, zenbait gauza gogora ekartzea eta errelatoa osatzea baizik. Eta, agian, zeregin deserosoa izan daiteke, baina osasungarria.

    Etikaz galdetzen badidazu, esango nizuke etikoagoa dela bortxa eta min bidegabe guztiak salatzea, eta ez bakarrik norberari komeni zaizkionak edo “beretarrek” nozitzen dituztenak.

    Bistan da ez dugula berdin pentsatzen, eta ez dakit inoiz adostasun batetara helduko ote garen. Beharbada, Primo Leviren inguruan bil gintezke, eta hortik abiatu. Garagardoarekin ala gabe.

    Sariari dagokionez, beti pentsatu izan dut sariak irabazteko liburu onak idatzi behar direla. Ez dut kontu hauengatik nabarmentzea atsegin, eta ez dut saririk espero. Nahiko sari izango litzateke ezberdin pentsatu arren, elkarlanerako bidean jartzeko gai izatea eta minimo batzuk adostea.

    Ez dut saltsa hauetan denbora gehiago galtzeko gogorik, eta, beraz, noan liburuak idaztera.

  • AITZOL PAGOETA 2016-03-09 23:02

    LAIA URANGARI ERANTZUNA, ARITZ GORROTXATEGIREN TESTUAREN HARIRA

    Pozgarria da azken denbora honetan euskal literatura eta gatazkaren harremanari buruz eman den eztabaida. Aritz Gorrotxategi idazle donostiarrari Laia Urangak emandako erantzun luzeaz ari naiz. Azkenean, ezker abertzaleko kide batek bere iritzia plazaratu du gai honi buruz. Esan dezadan lehen lehenik: hainbat argudio eta gogoeten artean ez dizkio hitz xamurrak dedikatzen Aritz Gorrotxategiri: nobelista txarra, epailea, fiskala, apaiza, deitzen dio. “Barne ministroa”rekin parekatzen du. Andu Lertxundi idazleak ez du ere munta gutxiagoko lausengurik jasaten: ABCko eskemen jarraitzailetzat salatzen du eta “botereak eta El corte inglések diruz ordaindutakoek, esaten duten gauza berbera esaten du”ela. Gauza arrunta ohi da hainbat ezker abertzalekoen artean iritzi bat indar korrelazio baten arabera epaitzea, iritzi hori gezurra ala egia den begiratu eta ziurtatu gabe. “Botere”ak, “El Corte Inglesek diruz ordaindutakoek” eta Lertxundik berak egia esan baitezakete, beste edozeinen batek bezala. Baina Laia Urangaren eskemetan, gizaki bakarrak ez omen dira existitzen. Denok omen gara gerran diren gudaroste baten edo bestearen kide. Egiak ez du horrela berezko izaterik, batek edo besteak esan ematen dio izana. Horrela Laia Urangak, Aritz Gorrotxategi, behin eta berriz “zuek” definitu gabeko baten multzoan sartzen du. Pentsatuko du bere aldeko irakurleak jarriko dizkiola “zuek” delako horri nahi dituen buztan eta adarrak.

    Baina artikulu honek fulminazio eta fumigazio alderdi bat badu ere, badu bestelako bertuterik (bertutea baita baten burua mozorrorik gabe bere itsusitasun gordinenean erakustea): ezker abertzalearen zenbait iritzi kanonikoen testigantza ematen du. Baita ezker abertzalearen arrazoiketaren mekanikaren hainbat eredu erakutsi ere. Jar dezadan adibide bat: bere bigarren paragrafoan Gorrotxategiri “ideologiaz” ari dela leporatzen dio, eta ez teknika literarioetaz. Hori esaten du Gorrotxategi eta Lertxundi atzerakoi-sistemikoen zakuan modu errepikakor batean sartu dituen batek. Azpimarratu beharrekoa da: besteek gaizki egiten dute ideologia eta literatura nahastean; baina Laia Urangak ez du besterik egiten. Eta nik diot nire arterako: horretaz konturatzen da, ala besteak ez direla konturatzen pentsatuko ote du?

    Esaten du ere Gorrotxategik “estigmaren zama” jarri nahi diela “ETAren aldeko idazleei”. Era berean dio garai honetako euskal literatura orokorki “ezker abertzalearen aldekoa” dela. Beraz, kontraesan batean harrapatu dugu Laia Uranga: euskal literatura “ezker abertzalearen aldekoa” bada batipat, “estigma” edukiko dute ezker abertzalekoak ez direnak, eta ez aldekoak. Hori da, izan ere, Gorrotxategik aipatu duena Itxaro Bordaren hitzak ekarriz: “nehork ez zuen ezker abertzalegoaren doxa nagusiaren norabidea larriki zalantzan eman”. Argi geratzen da beraz, nola Laia Urangak horren aldeko argudio bat eskaintzen digun. Gaur egun ezker abertzaleak du euskal literaturan “hegemonia” zentzu erabat gramscianoan, ezker abertzaleak espreski bere egiten duen zentzuan. Horrela definitzen baitu hegemonia: “jendartean gailentzen den eredua, eragile batek besteekiko duen nagusitasuna egiten dio erreferentzia” (Ernai, Pentsamendu kritikoruntz, 2013). Ezker abertzalea botere nagusia da, gailentzen den stablishment-a, bai euskal literaturan eta bai euskal kulturan, bertsolaritza barne, Bordak izendatzen duen “doxa-iritzia”ren jabea da.

    Hala ere, Laia Urangak dudan jartzen du (ez da ukatzera atrebitzen) “idazleek zentsura eta errepresio garai latzak pasa izan dituztela, ezker abertzaleak oinperatuta” “tankera horretako lekukotzarik jaso ote du Bordak? Benetako arazo batez, arazo sakon eta hedatu batez ari al zaigu, edo metafisikaz ari da?”. Noski, hau esaten du iritzi nagusiaren talaietik, ezker abertzalearen balkoitik: nola onartuko du, bada, ezker abertzaleak “errepresioa” eragin duela euskal literaturan eta bertsolaritzan? Hain zuzen ere orain, Laiaren zumosoleko lehengusuek beren ekintza armatuak eten dituztenean, eta beldurra apika desagertu denean, horren inguruko testigantzak agertu dira, Bordarena, Gorrotxategirena… Ezker abertzaleak ez du debalde sufrimentuaren sozializazioaren estrategia eraman eta era berean, nahita eta ohartuki, hegemoniaren mesedetan, beldurra sozializatu du, baita euskal literaturaren arloan ere. Laia Urangaren izkribuak testigantza horiek eten egin nahi ditu errotik, bere purrustada propioa erreprimitu gabe: “Ez erantzun, ez ezazu denbora gal”, agintzen dio Gorrotxategiri. Ez al litzateke beharrezkoa izan behar gauza hauetaz libreki hitzegitea? Eta endemas besteari barne-ministrari espainiarra izatearen estigma gaineratu gabe? Ez al da gaineraketa hori beldurra eragite nahiaren adierazgarri? Zeren kontuan izan behar da, herri honetan PP eta PSOEko jende soila erahila izan den “barne-ministraria”ren akolitoak zirela esanda.

    Baina Laia Urangak benetan sutu egiten duena ETAren biktimen gaia da. Horretaz esaten du, Gorrotxategiren ustezko iritzia salatuz (Gorrotxategik ez baitu halakorik esaten!): “Ez: kontua da ETAren biktimez jardutea. (…) idazle bazara, jorratu beharrekoa, idazle oso bilakatuko zaituena, irudiz, ETAren biktimak aldarrikatzea da”. Horren arabera beste perla distiratsu bat dedikatzen dio idazle donostiarrari: “Hori, macarthismo hutsa den hori, zuretzat, ‘etikoa’ da”. ¿Macarthismoa da ETAren biktimez jardun behar dela esatea? Gorrotxategiren benetako iritzira bagoaz berak ez du horrelakorik esaten. Berak dio, Lertxundiren eta Jokin Muñozen zenbait obra aipaturik: “arreta gatazkaren kalteak jasandakoengan jarri zen, eta, hala, gatazkarekiko ikuspegi etiko bat abian jarri zuten”. Esaldi soil honek Laia Urangaren trumoien kutxa ireki egin du eta bertatik ETAren biktimen mamu kolektiboa atera da. Ez al da ikusten hemen “hegemonia”ren mekanismoaren beste zertzelada bat? Ez al zaigu noizbehin gertatu, ezker abertzalekoren batekin hitzegitean, ETAren hilketak aipatzean, bapatean torturadore eta macarthisten bandoan sartzen gaituztela, inolako arrazoirik jarri gabe? Eta hara hemen horiek espreski aipatu beharrik gabe nola jartzen den gure Laia Uranga susmo huts bat usaitu duelako…. Esaten du (eta lerro artean entzun genezake bere hortzaduraren karraska):

    Ez da nahikoa polizia, ez da nahikoa kartzela, desterrua, gerra zikina, torturak eta sakabanaketa. Ez. Justizia osoa izan dadin, biktimei buruz idatzi ez duten idazleen zerrenda egin behar dugu (egin zenuen lehenago ere). Eta hori, guzti hori, literaturaren izenean esaten duzu, zuk, idazle batek. Ba, zer nahi duzu esatea: ni zure kolega idazlea banintz, ez nuke zurekin garagardo bat hartzeko gogo berezirik izango.

    Gorrotxategi bere kolega idazleekin garagardorik ez hartzera kondenatzeko desioa azaldu du Laia Urangak, ezker abertzaleak hainbatetan erabili izan duen mekanismo horietako bat ezinobe ilustratuz: disidentea isolatu eta bakarrik utzi, berotasun humanorik ezean izoztu dadin. Sar zaitez taberna batean, beste guztiak, Far Westen bezala, alboratuko direla… Zenbat jendek bizi behar izan duen horrelako esperientzia bat gure herrian. Eta gertatutako hauek, Laia Urangarentzat “metafisika” omen dira. Ez, horiek dira gure herriko egunerokotasun kafkianoaren seinale. Ikusi nahi dituenak ikusten ditu eta bestela, Laia Urangari bezala, “metafisika” iruditzen zaizkio. Aditu nahi ez duenik bada / itxi bitza belarriak , Txirrita dixit.

    Laia Urangak bakarrik errealitatearen alderdi bati egiten dio arreta eta ez du konturatu nahi gauza batzuk besteekin loturik direla: polizia, kartzela, desterrua, gerra zikina, tortura eta sakabanaketa alde batean dira eta bestean ETAk eragindako ia mila hildako, estorsioa, bahiketa, mehatxua, erasoa, kale ertzeko bullying delakoa, euskal literatura eta bertsolaritzan gertatu den zapalketa eta koakzioak, Laura Urangak ahazturaren intxaurretan uzten dituena. Ez al da hau jarrera etiko berezi baten adierazpide? Ez al du jarrera etiko horrek euskal literatura tindatzen? Laia Urangak uste baitu mundua eta Euskal Herria bitan banatzen direla, batzuk zapaltzaileak direla eta besteak zapalduak, eta ezker abertzalea “antikolonialista dela, zapalduaren aldekoa”. Zer esango lukete horretaz tibetarrak, kosoviarrak, lituaniarrak, estoniarrak, tirania iraultzaile baten menpe bizitza pairatu behar izan dituzten hainbat herrik eta ezker abertzalearen elkartasun izpirik sekula jaso ez dutenak, aldiz, beren menperatzaileen alde agertu izan direlarik? Laia Urangak, literaturaren onurak eta politika nahasi egiten ditu berriz ere:

    Gatazka armatu guztien ingurumarian sartutako literatura aipagarriena, salbuespenak salbuespen, gehienetan izan baita zapalduen leinukoek boterearen kontra idatzitakoa. Arrazoia sinplea da: boterearen aurka jarduteak irudimena eskatzen du, ideia berrien bilatze ezinbestekoa, ia obsesiboa, eta, gainera, epikoa da.

    Noski, zeinek ukatu dezake borroka armatuaren epika? Homerok ez al zituen gerreroen ekintzak kantatzen? Zer da Mio Cid mertzenario baten omenaldi kanta baino? Ez al dira Islandiako sagak pirata batzuen ibileren kontakizunak? Eta Hernan Cortes-en konkista Mexicon? Zer James Bond-en filmei buruz? Genero horretan kokatu behar baititugu ETAkideen ekintzak. Baina hemen Laia Urangaren balorazio batekin ez nagoela ados esan beharko dut. Ez baizait iruditzen ETAko kidea zapaldua eta PPko zinegotzi erahildakoa zapaltzaile papera hain borobilki betetzen dituztenik. Borreroa eta biktimaren kategoria erreala sahiesten du Laia Urangak zapaldu-zapaltzailearen aitzakiarekin. Zeren eta bera ez baita gai (oraindik) ETAren biktimen kategoria ukatzeko. Biktima direla uste du, hori aipatzen duelako. Orduan ETAren biktimak zapaltzaileak dira?

    Boterea, eta horretaz ez da Laia Uranga konturatzen edo ez du konturatu nahi, gauza erlatiboa baita beti. Ez al dago Aritz Gorrotxategi boterearen kontra euskal kulturan ezker abertzaleak duen hegemoniaz kritikoki diharduenean? Ez al da Laia Urangaren diskurtsoa boterean dagoenaren parekoa, eskomikuak eta bedeinkazioak alde batera eta bestera banatzen baititu? Erraza da gora begiratzea, hitz potoloak errealitate anitzen gainean jartzea, pertsona bat edo batzuk izen horrekin identifikatzea eta hori gertatuta PPko afiliatu den karamelo saltzaile bat edo Loiolako kuartelean sukaldari dabilen beste hori “boterea” dira eta orduan erakunde armatuaren objetibo zilegiak. Zapaltzaile eta zapalduen erretolika errebisatu behar dugu bestela injustiziarik larrienak heroi batzuen justizia irudituko baizaigu.

    Berak ere dio: “Munduko kazetari onenetako bat, Rodolfo Walsh, Argentinako militarrek erail zuten (bere alaba ere bai: ez ziren errukitzen militar haiek)”. Eta ez du esaten, itsasoa zeharkatu beharrik gabe, hemen, gure artean, Santiago Oleaga, Diario Vascoko Kontseilu administraritzan zegoelako ETAk hil egin zuela. Eta beste kazetari bat, Lopez de la Calle hil egin zuen Andoainen, El Mundon artikuluak idazteagatik; eta ETAk bidalitako bonba batek moztu ziola eskua beste kazetari bati, Gorka Landabururi Zarautzen. Horietaz ez da oroituko, gure Laiak seguruenik zapaltzaileen lerroetan jartzen dituelako. Beren heriotzak akaso ez du lan literario bikainik ekoiztu baina erakunde batek adierazpen askatasunari egindako erasoa erakusten du. Iritzien adierazpena jotzen duten ekintza hauek ez dute beldurraren itzalik sortzen euskal kulturaren barnean? Metafisikaz ari naiz?

    Baina Laia Urangak ez ditu bakarrik ahierreko erreferentziak erabiltzen. Badira ere maite dituen idazleak, eta gainera mugarri etikotzat ditu: “kontua da moral aldetik zinez librea izatea, bakana, eta, beraz, berritzailea. Sarrionandia da horren adibide gorena, edota Koldo Izagirreren Agirre zaharra, zeina, zuek ETAren orbitan jartzen duzuen arren, guztiz parodikoa baitzen”. Guztiz parodikoa omen da Gorrotxategik jartzen duen zita non eta Izagirreren obran aipatzen den “zokoak harrotu, bazterrak sutu, etsaia urduriarazi” behar direla. Gertatzen dena da Izagirrek hain modu deskojonantean deskribatzen duena gure kale bazterreko paisaia dela ezker abertzaleko enkaputxatu koadrillek benetan bazterrak sutu egiten dituztenean eta etsaia urduriarazi dutenean beren propietateak edo pertsona fisikoak erasoaz. Eta zer esan Sarrionaindiaren “zinez libre”ari buruz, Cubako irla diktatorialean bizi dena eta hemen demokrazia burges honetan saritua eta publikatua dena? Gauza arrunta da, normala eta bidezkoa bakoitzak bere idazle eta idazki kutunak edukitzea, baina gusto-plazera den zer edo zer hori errebindikatzeko ez da, Laia Urangak egin bezala, errealitate printzipioarekin hain deblauki puskatu behar. Sarrionaindia eta Izagirre ezker abertzaleko idazle ofizialak dira eta euskal literaturari dagokionez stablishment dira eta ez zoko bazterreko frankotiradoreak.

    Bertsolaritzari begira, Laia Urangak aipatzen du zer nolako aurrerakuntza eman den bertso modu sinpleetatik konplexuetara. Baina gaitasun teknikoarena ez da arazoa. Arazoa da Euskal Herria leku politikoki anitza bada ez dela horrelako aniztasunik agertzen bertsolaritzan. Agerikoa da zenbateraino ezker abertzaleak inposatu duen bere diktat delakoa bertso saio horietan, gaietatik hasita eta esan beharrekoetatik jarraituta. Ikustea besterik ez dago zenbateko txalo zaparrada jasotzen duen Bilduko ordezkari instituzionalak, zenbait bertsolarik barne, eta txistu eta ojuak bestelako kargudun eta baita zenbait bertsolarik ere, adibidez, Jon Sarasuaren kasua. Honek ezinobe deskribatzen du bertsolaritza txapelketeei gertatzen zaiena kopla polit bezain zorrotzetan. Zergatik ez ditu kopla horiek gurera ekartzen Laia Urangak, Sarasua izendatu arren? Honek hauxe dio, adibide gisa kopla horietan: “Kargudunek erregalo./Zein jator zein txorimalo/bereizi ezean, malo./Lasai jo batzuei txistu/ta beste batzuei txalo”. Eta: “Sari banaketan doa/min subliminal mordoa/baezpare itxi ahoa.” Eta:“Aberriaren genoma/ezkerraren melanoma/Estilo ezagun baten/ustelduraren sintoma”. Eta: “Mini-faxismo boladak/dira gure txistukadak./Porrot historiko baten/azkenengo ostikadak”. Sarasuak egia badio, eta nik horrela uste dut, bertsolaritzaren egoera ez da Laia Urangak deskribatzen duen bezain pinpirina eta askatzailea, oso alderantzizkoa baizik.

    Bestalde, Laia Urangak Amets Arzallusen kasua aipatzen du ere. Jakina denez gero, orain gutxi Amets Arzallus berak eta Jon Maiak ukatu egin zioten bertso saio bat egiteari Iñaki Rekartek Nanclareseko bidea hartutako ETAko kide ohiaren tabernan. Argi dago bertsolaritzan ezker abertzalearen esku izoztuak duen pisua eta Laia Urangak ez du alderantzizkoa demostratu.

    Literatura eta etikaren harremanaren gaiak euskal gatazkaren kontestuan baldintza hauek guztiak kontuan hartu behar ditu. Balorazio etikoa eta estetiko-literarioa desberdinak izan daitezke, dudarik gabe. Jon Mirande eta Ezra Pound idazle naziak ziren eta Nerudak eta Albertik bertso laudagarriak eskaini zizkioten Stalin sarraskigileari: ia badirudi batzutan literatura ona botereak sortu duela, edozein boterek, ustez zapaltzaile ala zapaldua izan berdin dio, boterea pertsona batzuk beste batzueri egindako indarra baita. Indar-jokutik kanpoko epaiak dira estetika eta etika: injustiziak jasandakoa, erreparazio formalik jaso behar ezbadu ere, torturatua izan bada edo hilketaren pairatzaile gertatu bada, badaki justizia berarekin dagoela: torturatzea eta erahiltzea gaizki dagoela. Eta konzentrazio zelaiak ala Gulag delakoak jasan dituzten horien testigantzak literatura zeharkatu egiten du eta giza-irudimenari etikaren kolore horri eransten dio. Epika gogoangarrietaz aparte, ez luke beharko euskal literaturak eta euskal kultura hain bortizki sofritu dutenen testigantzaren aipamenik? Literatura, azken batean, lujo bat delako; baina etika elkarren artean bizitzeko ezinbesteko arau batzuk dira. Ez lioke, kasu honetan, Aritz Gorrotxategik modu aski apalean galdetzen duen bezala, literaturak gu guztiok bizi dugun biziari eta elkar biziari mesederik egin behar?

    AITZOL PAGOETA.

  • Bertsolariei buruz ari garela, orain dela hiru urte Olatz Mitxelenaren artikulu honek arreta egin zidan, batez ere azken puntu hau, non bertso-saioetan aukeratzen diren gaien bilakaera jorratzen baitu:

    Aipamen urriaren susmoa

    Aurtengo kanporaketa eta finalaurrekoetan Euskal Herriko egoera politikoari, eta euskal identitate abertzalearen eraikuntzari erreferentzia gutxi egin diote bertsolariek euren bertsoetan. Nire ustez, gai-jartzaile taldea eta taldearen mundu ikuskera, bertsolariaren beraren hautua eta testuingurua edo bizi dugun errealitatea dira aldaketaren hauspoa.

    Gaietan berauetan ez da ia-ia aipamenik egin Euskal Herriko egoera politikoaren inguruan, eta gai sozialak, egunerokotasunean bizi ditugun kezketatik sortutakoak, gailendu dira beste edozeren gainetik. Gaietan ere ikusi dugu kontzeptuen adieren aldaketa; esaterako, preso kontzeptua erabili izan den bertsoaldietan preso politiko adiera ulertarazi da 2001, 2005 eta 2009ko finaletan kantatutako bertsoetan. Aurten, ordea, gai konkretu batean preso sozialei buruz jardun dute: “Ziega berean dauden bi preso sozial dira Jokin eta Amets. Jokinek ez du bisitarik jaso kartzelan denetik. Ametsek berriz astero jasotzen du bisitaren bat. Gaur ere badator bisitatik bueltan” (Azaroak 23, Elizondo).

    Bestalde, kartzelako gaiak oso irekiak izan ditugu finala arteko saioetan, eta bertsolari gutxik jo du herri honetako egoera politikoaren haritik. Nik uste dut garrantzitsua dela bertsolariek gai berriak aukeratu nahi izatea, ikuspuntu berriak jorratzea, talaia altuenera igo eta munduaren bazter guztiak ikusteko eta kantatzeko aukera onartzea, eta areago kantu gaiei freskotasuna ematea.

    Bertsolariek darabiltzaten kontzeptuen artean Agintariei kritika deitu diodanari egin nahi diot aipamena. Kritika hori ez da herri euskaldun sufrituaren abiapuntuan kokatzen. Aitzitik, gaiek bideratutako bertsoaldietan agintariak egun norbanakoak bizi duen egoera sozialaren erantzule direla kritikatu da. Agintari horiek dira krisiaren erantzule, lan eskasiaren sortzaile, eta dagoeneko ez dira gehiegi agertzen Euskal Herriak herri abertzale gisara bizi duen minaren eta sufrimenduaren arduradun bezala.

    Giza aldagai horien guztien oinarrian dugu testuingurua, bizi dugun errealitate eta egoera. ETAren armen uzteak, presoak askatzeak, lanari eutsi edo langabezian geratzeak, hipoteka ezin ordaintzeak, genero indarkeriaren trataerak, populuaren zahartzeak… aldatu egin dituzte herritarren bizimodua eta kezkak. Azken finean, aberria esnaeran dugun hamabosgarren kezka da, nahiz eta orain artean Bertsolari Txapelketa Nagusietako finaletan buruan dugun lehena hori dela iruditu.

    Lortutako emaitzekin, eta batez ere agurretan ikusitakoarekin, iruditzen zait bertsolariek laguntzen dutela euskal identitate abertzalea eratzen. Dena den, eraketa hori ez da euren lehenengo hautua, ez eta erabiliena ere. Badaude gai gehiago, jomuga gehiago. Eta jomuga horiek dira kanporaketa eta finalaurreko hauetan ikusi ditugunak.

    BECen ikusiko dugu kanporaketa eta finalaurrekoetan agertutakoak nolakoa duen bukaera, zein duen joera. Hitz jolastuak mila aterabide baititu, mila modu, esanahi, errima, zentzu…

    Olatz Mitxelena

  • Laia

    Gaur egunean irakur daitekeena baino gehiago argitaratzen da, beraz oso arriskutsua da honelako generalizaziorik aldarrikatzea: “Baina kontua ez da hori, kontua da nola egin duen, ea asmatu duen, ea lortu duen liburu magma sinesgarri eta egoki bat. Baina hori ez da inoiz serioski aztertzen, ez da auzitan jartzen, ez kritikak, ez idazleek, ez blogetako intelektual sasikoek, ez inork ere ez.”

    Badago kritika, eta kritika horren historia bat eta nire ideiak irakurtzeko argitaratu nuen liburuko laugarren kapitulua gomendatzen dizut. Gatazka eta euskal literaturari buruzko kapitulu oso bat da. Liburua: New York – Martutene: euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz (edo nola desiratuko dugu orain?). Kapitulua: “memoria historikoa, gerra zibila, eta”

    • laia uranga 2016-03-10 14:55

      Kaixo, Joseba:
      Arrazoi duzu, eta barkamenak eskatzen dizkizut. Ez da egia inoiiz egiten ez denik. Ez nuen erran nahi nuena artez esan, eta hala aitortzen dut. Aipamenak urriak direla, horixe zen transmititu nahi nuena, nahiz eta badiren, ongi azpimarratu duzun gisan, salbuespenak. Bati bada salbuespenik, ia arau ororendako! Nolanahi den, ene irudiz hain da urria, ezen jatorrizko testuan aipatua usu gertatzen baita, alegia, idazleak airos ateraten direla kritikaren galbahetik, ukiezin, gaizki eginaren eskarmentutik salbu. Andu Lertxundiren Etxeko hautsa jarri nuen adibide gisa, hemerotekak egiazta dezala, zorigaitzez, noraino den hori horrela. Euskal letren analisia, oso da urria kuantitatiboki eta, kualitatiboki, are okerragoa da uzta. Zintzoki, literatura zer den eta literatura nola kontatzen zaigun, auzi ia kontrajarriak direla erranen nuke.

      Denei eskertzen dizuet hemen parte-hartu izana, hunkigarria da niretzat. Besteetan ezer erantzun ez badut, sinpleki, erantzuteko deus ez daukadalako da, ez beza inork gaizki hartu nire isiltasuna. Milesker orori.
      Laia.

  • Lorea Gernika 2016-03-15 10:58

    Kaixo,
    Lankide batek ekarri nau honaino, interesatuko zitzaidalakoan ekarri ere, eta hala izan da. Parte hartu ez hartu… horrelaxe joan zait asteburua eta azkenean, zergatik oso ongi jakin gabe, parte hartzea erabaki dut. Honerainoko bidean ez dakit zerk izan duen indar gehiago arrazoiak edo emozioak, bien arteko zerbait izan dela pentsatu nahi nuke.
    Harritu xamarturik irakurtzen ditut zuen iruzkinak, kosta egiten zait zein herriri buruz ari zareten ulertzeak, barkatuko didazue, ez al duzue irratia entzuten? Eta telebistarik gabeko etxeetan bizi zarete? Hemen hitz egin ezin duen jende asko dago oraindik, zergatik eta pentsatzen dutena esanez gero kartzelan bukatuko luketelako, eta hain muturrera joan gabe isolatuta geldituko liratezkeelako gizartean. Biolentziaren monopolioaren kanpo dauden iritziak ez dira ongi etorriak herri honetan, ezin dira esan ere egin!!!
    Eta nola konpondu herri hau horrelakoak entzun gabe? Nola ulertu gertatu zaiguna mihi horietako korapiloak askatu gabe?
    Hogeitaka urte daramatzat hezkuntzan eta denetarik ikusi dut. Izan ditut ETAk mehatxatutako gurasoen ikasleak eta izan ditut ETAko gurasoak zituztenak ere. Izan ditut kartzelaratutako politikarien senideak klasean eta baita polizienak ere. Denetarik, guztiekin ikasi dut, denak izan dira aberasgarriak. Literatura maite dut eta hogeitaka urte hauetan filme eta liburu asko aholkatu dizkiet ikasle hauei, uler dezaten, hitz egin dezaten, isolatuta senti ez daitezen… Anjel Lertxundirenak, Atxagarenak, Julen Muñozenak… egile erdaldunenak ere… baina oraindik ez dut gomendatu gurasoak preso izan dituzten ikasle horientzat libururik, ez baititut aurkitu, ezta filmerik ere. Non daude? Zein dira?

  • MARKEL AZKONA 2016-03-15 22:13

    Kaixo,

    Hitz egin ezinean dabilela hemen jende asko? Egia esan, azken honetan entzun izan ditut Rafael Veraren deklarazioak esanez GAL talde parapolizialak gauza onak ekarri zituela. Eta ez dute prozesatu terrorismoaren apologia egiteagatik. Horregatik bada, jendea bada borroka armatuaren bidea defenditu nahi duena eta ETAren ia mila hilketa horien ondarea defenditu nahi duena, nik uste dut librea izan beharko litzatekeela, Rafael Vera den bezala, bere iritzia adierazteko. Injustizia iruditzen zait GALen hilketak defenditzea eta ETAren hilketak ezin defenditzea. Nahiz nire ustetan hilketa giza eskubideei egindako erasorik larriena dela pentsatu eta horiek defendatzen dituzten ideologiak erabat gaitzesgarriak iruditzen zaizkidan. Mihien korapiloa askatu dadila eta erahilketa politikoaren defentsa libre izan dadila denontzat.
    Gurasoak preso izan dituzten ikasle horientzat (eta agian ETAko eta ezker abertzaleko presotaz ari zara) gomendioa bitakoa izan daiteke. Baldin eta etsaia ala etsai izandakoaren ikuspegia eta sentiera ezagutu nahi baditu Aritz Gorrotxategik zerrenda polita eskaintzen du bere artikuluan. Alderantziz bada, eta guraso horien konpromezuarekin jarraitu nahi badute, hor ditugu Xabier Silveirak idatzitako “A las ocho en el bule” eta “A las nueve en el faisán”. Ezker abertzaletik etorritako gogorkeri klase baten, kale borrokaren, apologia ezin sinpatikoagoa egiten du eta agian gustura irakurriko dituzte.
    Gaineratuko nuke badagoela gauza okerragorik preso egotea baino, adibidez hilda egotea, hildakoetaz zaila delako gogoratzea familiakoa ez bazara. ETAk eragindako ia mila hildako horiek, zoritxarrez, beren alargun, umezurtz eta bestelako ahaidekoak gogoratuko dituzte hiltzen diren arte. Eta horiek bizirik diraute, baita gure artean ere, nahiz eta Lorea zu beraien presentziaz ahaztu egin zaren. Gogorazten dizkizut zuk erakutsitako enpatiaren hedagarri izan dadin nahiz eta errespetatuko dudan zure iritzia ondo erahilda direla pentsatuko bazenu.

    MARKEL AZKONA

    • laia uranga 2016-03-16 11:53

      Kaixo, Markel:
      Gerra gauza krudela da, ez da gaurko kontua. Eta enpatia, horrenbestetan aipatzen den hori, kimera hutsa dirudi. Inork ez baitu bestearen minaz jabetu nahi, irudiz. Hala izan da historian zehar ere. Errusiarrak ez dira nazien eta haien senideen minaz arduratzen, naziak ez dira judutarren minaz arduratzen, espainiarrak ez dira mendeetan zehar etengabe handitu duten Hegoamerikako odol putzuaz arduratzen, eta azken hauek ez dira, ezta ere, Espainian bertan eta bereziki Euskal Herrian egindako minaz jabetzen. Ze Espainia izan zen, bere eta bere aliatu nazien makinariarekin, bere banderapean, Euskal Herria bere historian bobardatu zuen lehen eta azken herria. Zain daude gernikarrak eta durangarrak, baten bat hurbilduko ote zaien egindako minaz autokritika eginez. Gerra kontuak dira, badakizu, kontu itsusiak, hobe daudenak etxeko alfronbapean, Andu Lertxundik metafora eder baten bidez ongi adierazi zuen bezala.
      Orduan, kontua, edo galdera, edo dilema, da: nondik abiatuko gara, nondik abiatu beharko genuke, justuak eta bidezkoak izateko, geure herriaren historia azaltzeko tenorean? Noiz hasten da geure historia? Aitorrekin?, Eneko Aritzarekin?, Amaiurren?, Molarekin?, Gernikan?, Sabinorekin?, Carrerorekin?, edo Migel Angel Blancorekin?
      Loreak mahai gainena jartzen duen auzia, geure herriarentzat funtsezkoa dirudiena, kontu zientifikoa da, eta oinarrizkoa gainera: modu neutral eta simetriko batez geure egia kontatu ahal izatea. bakoitzak berea, bere gordinean, bere zintzotasun osoan. Eta, alde horretatik, oso ongi ekarria da zuk aipatzen duzun Rafael Veraren adibidea, hark zintzotasun osoz eta fiskaltzarekiko izurik gabe esaten duelako zein den berea. Rafael Vera zakur zaharra da, eta Espainiako historiaren azken 50 urteetako (mendeetako, ongi pentsatuz gero) zinismoa oso ondo laburbiltzen du. Zeren eta, alde batetik, publikoki, nazioarteko erakundeetan, demokraziaren alde ari zirela esaten zuten, eta legeen barruan ari zirela, eta estatuak ez zeukala terrorismoarekin inolako loturarik, baina, beste alde batetik, aho txikiz, han eta hemen, eta bereziki erretiroa gertu dutenean, hasi dira esaten benetan kontua zein zen, benetan kontua ez zela legeen barruan zuzenbide estatua defenditzea, baizik eta nazioaren defentsa, beste nazio baten interesen kontra: gerra. Espainia, Euskal Herriaren kontra. Zinikoa, diot, oraindik bere diskurtsoa ia exotikoa, bazterrekoa delako, errelato nagusiaren itzalpean, hain zuzen kontrakoa dioen errelatu nagusiaren bazterrekoa, hemen arazo bakarra ETA izan zela dioena. Rafeal Vera, iluminatu bet litzateke, edo gezurti bat, edo ero bat, egia berdaderoa esaten ariko ez balitz, hau da, estatua, edo estatuko aparatuak, ez direla sinetsarazi izan zaiguna, Francoren, Gernikako bisitari goiztiarraren, “todo atado” hura ez dela anekdota soil bat, hemen ez zuk eta ez nik ez dugula agintzen, ez zuk eta ez nik ez dugula, funtsean, ezer ere pintatzen, botere kontuak aldez aurretik, eta, itxuraz, betiko baitaude lotuak. Rafael Vera estolda urruneko, ezezagun eta beldurgarri horretatik mintzo zaigu, eta gauzak konplexurik gabe esaten ditu, jada ez dagoelako bere burua autozentsuratzeko adinean, ez daukalako lotsarik, eta ez duelako uste konpostura gordetzeak ezer onik ekarriko dionik. Eta, paradoxikoki, txarrik ere ez, ze, nola estatuaren beraren estoldetatik ari den, badaki estatuak ez lukeela bere kontra inoiz ezer egingo, nahiz eta lasatarren senideak auzibideetara jo. Nor da ba, Lasa familia hori? Etsaiak!
      ETAren auzia, noski, hori baino soka luzeagokoa da, nahasiagoa, jende asko zipriztindu (hil) duena. Eta alferrik da betiko “zu gehiago” horrekin ebaztea. Ze irteera puntura gatoz behin eta berriz, bakoitzak bereari eutsiz. Arazoa, ordea, Loreak aipatu duena da: kontakizuna egiteko, perimetro oso bat daukazu, zigorgabea, argia, nahi duzuna esateko, eta kontrako perimetroa minaz josia ageri zaizu, poliziaren eta epaileen begirada zorrotzaz zelatatua, setiatua. Non dago, kontakizun justuaren eta justifikazioaren arteko muga? Non dago apologiaren eta errelato sinplearen arteko arrakala? Oso arrakala finak dira, eta idazleek badakite non ezin dute ibili.
      Lorea ez da hildakoak txalotzeaz ari. Lehen postean esan nuen, eta berriz diot orain: idazlea, txaloka ageri den unean bertan, idazle serio eta interesgarri izateari uzten dio. Txalotzeko, partidismoa egiteko, badago hooligana, badago politikaria, badago jende inozoa ere. Baina literaturak ez ditu txaloak behar, literaturak idazle serioak behar ditu, testuarekin konpromisoa daukatenak, bere pertsonaiei zor zaiena, eta pertsonai horien arima beti errari, konplexu eta humanoari.
      Eta hau esanda, auzi honetan guztian guztiz oinarrizkoa den puntura itzultzen gara: zer egin behar du idazleak, bere lanabesak, lanabes bakarrak, zintzotasua eta konprentsioa badira? Sentitzen duen horretatik idatzi, ez etikaren balio ustez gorenek, ez testuinguru politikoak, ez agintariek eta ez opinadoreek esaten dutena: barruan daukana. Hortxe dago literatura on baten abiapuntua. Idazle batzuk gerra pairatu dute aldez edo moldez. Gutxi dira. Horiek beren egia kontatu beharko dute. Beste idazle gehienek gerra pasatzen ikusi dute, atzerritarrak balira bezala bizi izan dute, Aritz Gorrotxategi eta Itxaro Borda barne, erosotasun erabatekotik, eta orain, ausardia estrenatu berri horretatik, eta urteetan izan zuten koldarkeria ahaztuta, beste idazleengana doaz, zer idatzi beharko luketen esatera. Urteetan muzin egin zioten ezer esateari, herriak maitatuko ez zituen beldurrez. Ez da besteen arrua, ez bada haiena. Zorrak kitatu behar badituzte, hortxe daukate idaz-makina, nahi dutena nahi bezala idazteko. Baina ez daitezen hasi konpromisoa eskatzen gerra beste alde batetik bizi izan zuten idazleei, gerraren gordinean iritzia ematen zutenei eta iritzia emateagatik sari guztietatik kanpo geratu zirenei. Helburua ez baita idatz dezaten (badakite ez dutela egingo), baizik seinalatzea, iritzi nagusiaren zirkura botatzea, lehoi eta guzti.

  • Lorea Gernika 2016-03-17 12:36

    Kaixo:
    Maila berean jartzen dituzu Estatua eta ETA, Markel Azkona, neuk ez, eta beste jende askok ere ez, euskara eta gaztelania, emakumezkoak eta gizonezkoak, kubatarrak eta gringoak, palestinarrak eta israeldarrak, gorriak eta nazionalak, txuriak eta beltzak, heterosexualak eta homosexualak… eta makina bat hitz bikote maila berean jartzen ez ditugun bezala (zoritxarrez, esan gabe doa, nahiago genuke maila berean baleude!).
    Neuk ere bat egiten dut zuk diozunarekin, hala ere: hilketa giza eskubideei egindako erasorik larriena dela uste dut. Barkatu baina ni ez naiz inoren presentziarekin ahaztu: gertu izandako kasu errealak aipatu besterik ez dut egin, eta horien artean ez zegoen ez ETAk hildakoen seniderik ez eta ETAkoa izateagatik hildakoren seniderik ere, oker zabiltza beraz, ez dut inor ahaztu, oso presente ditut guztiak.
    Belaunaldi berri hauek haien gurasoen belaunaldiari gertatutakoa ulertaraztea da dudan asmoa, mosaiko bat osatzea liburuen bidez, baina irudimenezko mosaiko horretan piezak falta ditugu, aurreko iruzkinean aipatu ditudan horiexek, hain justu. Hortik nire galderak.
    Ez ditut aipatutako liburu horiek ezagutzen, baina gazteleraz daudela ikusi dut, eta apologia egiten dute? bada ez da hori kontua, elkar ulertzea baizik. Nola azaldu aita edo ama kartzelan duen bati aitak edo amak hartutako (halabeharrez, batzuetan) bidea? Nola egin esloganak erabili gabe? Sorkuntzak horrelakoak ulertzeko eta partekatzeko balio dezake, nola ez ba!, zein dira orduan euskarazko liburu horiek? Nola osatu mosaikoa?
    Mila esker

  • MARKEL AZKONA 2016-03-17 23:09

    Kaixo Laia eta Lorea,

    1977an alderdi politiko guztiek beren burua hauteskunde batzuetan aurkezteko posibilitatea izan zuten eta hauteskunde horietatik eta gero etorritakoetatik ere herriak bere ordezkapena aukeratu du. Ezker abertzale ez du sekula santan Euskal Herrian gehiengorik lortu. Hortaz, nahiz eta zuk esan Rafael Verak ETAri Euskal Herriko legitimitatea ematen diola nik esaten dizut legitimitate horrek bakarrik herriak eman dakiokeela. Hauteskundeetan gutxiengoa izan eta Gernikako bonbardeaketa borroka armatua justifikatzeko erabili, hori tranpa itzel bat iruditzen zait, barkatuko didazu. Herriak hitz egin du behin eta berriz eta ETAk, hitz horren kontra, gorrarena egin du eta jendea sarraskitzen jarraitu du. Ez zait ondo iruditzen, hor gezur bat dagoelako, herriaren izenean erahiltzea, herriaren borondatea kontuan hartu gabe. Baina, agian, ETAk prentsatuko zuen bere iritzikoak ez zirenak ente alienatu batzuk besterik ez zirela eta ez zitzaiela kasurik egin behar, azken batean ETA bera eta bere aldekoak direla “herria”. Subjektu totalitario guztiekin berdintsu gertatzen da, denek pentsatzen dute Jainkoaren boterea eta eskubidea dutela. Naziei eta boltxebikeei gertatu zitzaien eta ETAri ere bai. Euskal Herria eta euskal nazioa ez dira ETA euskaldunok horrela erabaki dugulako behin eta berriz.
    Berriz ere esango dut, adierazpen askatasuna egon beharko litzateke ETAren hilketen alde hitz egiteko, Rafael Verak askatasuna duenez GAL defendatzeko. Baina esatea ETA Euskal Herria dela eta Rafael Vera Espainia gauzak sinplifikatzea eta polarizatzea litzateke. Euskal Herrian beste errealitate politiko asko dago, ezker abertzaleaz aparte, eta ezker abertzaleak ez du sekula gehiengorik lortu. Euskal Herrian solapan jartzea gauza bat da eta Euskal Herria benetan ordezkatzea beste bat oso bestelakoa. Eta gainera beste diferentzia bat dago. Rafael Vera da bakarrenetakoa GALi aurpegia ateratzen diona. Gure herri honetan jende asko dago ETAren militanteak heroi eta saindu bezala kontsideratzen dituena. Estatuaren gogorkeriak, azkenean, ez du defentsarik. ETAren sarraskiek, ordea, badute indar sozial askirik. Eta imitatu behar diren heroi armatu bezala astintzen ditu ezker abertzaleak. Horrelako egoera batean derrigorrezkoa iruditzen zait, gure gizartearen onerako, gogoeta etiko sakon bat, iraganeko odolusteak gertatu ez daitezen.
    Esatea idazle batzuk ausartak direla eta beste batzuk ez (horien artean Aritz Gorrotxategi eta Itxaro Borda) nire ustez ikuspegi sinplifikatu eta manikeoa da. Ez dira zure aldekoak ergo ez dira ausartak. Ez nago konforme. Euskal kulturak igaro duen eta oraindik gainditu gabe duen egoera bat azaltzen ari dira. Ikuspuntu bat debatitu behar dena gezurrezkoa bada. Zuk ez duzu beraiek esandakoaren kontrako arrazoirik ipintzen. Beraiek eskatzen dutena konpromezu etiko bat da literaturarekin, jakinda talde politiko batek bide armatua hartu duela eta horren defentsa eragin duela biziaren arlo batean, literaturan. Lehen gauza egia esatea da. Egia hori ad hominem argudioz estali nahi duzula irudi du.
    Zuk Lorea Laiaren manikeismoaren errepika egiten duzula dirudi. ETAren hilketak eta estatuak eragindako hilketak ziren arazoa eta bat batean arazoa beste bitasun sinplifikatzaileetara zabaldu duzu eta “gu” xarmagarri baten barruan kokatu zara. Hori, barkatuko didazu, tranpa egitea da. Ez ditut maila berean ETA eta estatua jartzen, kontatzea besterik ez dago ETAk egin dituen hilketak eta estatuaren talde parapolizialek egindakoak, beren iraunkortasuna eta beren zitalkeri maila kontuan harturik. ETAk gogorkeria banatu eta zabaldu egin du gero eta maila sozial gehiagoetara. Bestalde, presoen seme-alabak aipatu dituzu eta nik aipatu dizkizut ETAren ekintzek eragindako umezurtz, alargun eta afektatu jendea, gure artean oraino bizi dena. Zure artean horrelakorik ez egoteak ez du esan nahi existitzen ez direnik. Eta kontuan izan behar da ETAko preso horiek kartzelan direla ez adierazpen askatasunarengatik baizik eta jendea hiltzeagatik, hain juxtuki zuk aipatu ez dituzun horiek bortizki kaltetzeagatik.
    Zuk esan duzu, eta konforme nago zurekin, alde desberdinek elkar ulertu behar dutela. Nire ustez, arazo honetan, biderik onena bestearen zapatetan jartzea litzateke. Guraso horiek aukera bat hartu badute eta horrek suposatu badu jendea hiltzea edota hil egiten duen erakunde batean militatzea, zer gauza hobeagorik seme alabentzat gurasoen ekintzek sortu dituzten ondorio kaltegarriak ezagutzea baino? Orduan jakingo dute, lehengo mezuan esaten nuen bezala, luzaro kartzelan egotea baino gauza gogorragoak badirela, adibidez erahila izatea eta zure patu gogorraren testigantzarik ezin ematea lur azpian zarelako.
    Eskerrik asko erantzuteagatik.

    • laia uranga 2016-03-18 14:58

      Kaixo, Markel
      Eztabaida politiko ahitu eta maiztua da zeurea. Ez zait interesgarri, sentitzen dut. Zure ahotik enegarrenez ari naiz hemen bertan, Zuzeun behin eta berriz entzuten den hika-mika agortua, sikua entzuten. Tontoa, nahi baduzu. Ene burua ezker abertzalekotzat daukazu, eta haren izenean mintzo naizela duzu erraten behin eta berriz. Hasiera-hasieratik ene asmoa izan da literaturan azken aldian sortu den biktima jakin batzuen alde idazteko presioa salatzea, literaturaren ikuspegitik ez dirudielako logikoa. Akaso ni baino irakurriagoa izango zara, sumatzen zaizu adinean, baina idazleei han-hemenka egindako elkarrizketak irakurri besterik ez duzu egin behar, jakiteko noraino den gauza pertsonala gaia, eta haiek sostengatzeko pertsonaiak ere bai. Gorrotxategi idazlea da, eta hastapenetik erran nuen ez zela bidezkoa, hori jakin badakien norbaitek eska eta eska jardutea beste idazleei, emanzipatu (?) daitezen, aska (?) ditzaten mihiak, eta abar. Mihiak askatzea, gainetik, oso aspaldiko kontua denean. Erran nuen: zeren kexu da Gorrotxategi? ETAren kontrako literatura aise ugariagoa da ETAren aldekoa baino, aise! Beraz, zein da kexua? Nagusitasuna zapalkuntza izatea nahiko luke? Idazle batek? Kezka horrekin bizi al da idazlea? Gorrotxategik erran zuen lehengoan, haren ustez behar zuela ETAko presoen sakabanaketaren mina nobelan islaturik, baina, egon, ez dago halakorik. Ez nik ezagutzen ditudan liburetan behintzat. Beno, bada han-hemenka piezaren bat, narrazioren bat Harkaitz Cano edo Eider Rodriguezen liburuetan. Anekdotak baizik ez dira horiek. Araua, hots, kanona, bestetzuk dira, izan ere: Gizona bere bakardadean, Bizia Lo, Antzararen bidez, Ezinezko maletak, Etxeko hautsa… Badira gehiago.
      Horretan datza eztabaida. Baina hasi gaitezke betikoan, arre eta so, eman eta dale.
      Ezker abertzalekotzat naukazu, baina zu jeltzaletasunari nik ezker abertzaleari baino fideltasun gehiago izango diozu sekuraski. Egizu apostu. Jeltzaleen oso tankerakoa eta usadiozkoa baita biolentzia ankerraren ekuaziotik Euskadin ardura politiko eta poliziala izan duen alderdia kentzea, ekuazioaren oso barruan izanik ere. Oso baitago EAJ ekuazio maltzur horren lokatzetan itoa. Baina, nor ez? Nor dago ekuazio, joko, dilema etengabeko horretatik kanpo? Zu?
      Biolentziari buruzko definizio andana daukazu, sarean, liburutegietan, literaturan. Definizio horien guztietan aurkituko duzu poliziaren biolentzia ere biolentzia dela. Ministroek biolentzia hori beharrezkotzat jo izan dute beti, eta ez da harritzekoa, haien biolentzia baita, biolentzia ‘zilegia’. Biolentzia eta zilegia hitzak ordea, bakezale baten hiztegian ez dira inoiz elkarri josten. Zeurean bai? Zein da ba EAJkoen hiztegia? Bakezaleak ote dira biolentzia behin eta berriz zuritu eta bultzatu duten horiek?
      Ez dut uste Ertzaintzak hil dituen dozenaka lagunen senideak, gertukoak, iritzi horren aldeko direnik. Ez dut uste alderdikeriaz bustirik, itxuturik ez dagoen neor horren aldeko iritzikoa izan litekeenik. Tira, zinikoak badira toki orotan, ezta?
      EAJk urteetan burutu ditu atxiloketa masiboak gazteen artean, denak utzi izan ditu Espainiar juje lukurreroen eskuetan, esku beltzetan esan beharko genuke, jujeek eta epaileek izan ohi duten elkar-hartzeko kriminal eta konplizea ezagututa. Oroit Egunkaria, oroit Egin, oroit Atutxa auzia bera, Atutxa polizi burua bere tranpan jauzi zenekoa. Ez dira aspaldiko kontuak guzti hauek.
      Atxilotu, inkomunikatu, torturatu, eta, jujeen sator-zuloan sartu eta gero, libre: zenbat izan dira halakoak? Zientoka. Hori ez ote da biolentzia?
      Kontua, ordea, konparatzea ote da? Ez ote du kalaka honek dagoeneko mundu guztia nekatzen? Ez al zaitu nekatzen zu ere? Soldatapekoa ote zara saltsa hauetan guztietan ibiltzeko? Nork ordaintzen zaitu literaturari buruzko elkarrizketa aski interesgarrietan, aski eraikitzaileetan, zure politikakeria sar dezazun, ezker eta eskuin jendea satanizatuz? Ez al duzu errukirik txikiena? Zinez. Utz gaitzazu, utz nazazu pakean.
      Herri honetara tokatu zitzaigun etortzea jaio orduko, eta denok dugu familia bat hangoa edo hemengoa. Naturala da. Bakoitzak berea pairatu du, geure aiton-amonetatik hasita. Ez dakit Xabier Arzallus asko pairatutakoa den, baina asko pairatuarazitakoekin hartu-eman estua izan du urteetan: Espainiako zenbitzu sekretuak, guardia zibilaren arduradunak, poliziarenak, erret-etxea, ejerzitoa. Denak hartu izan ditu, haiekin aritu izan da beste euskaldun terroristen kontrako ekimen biolentoetan muturra sartuta. Ez da kontu sekretua, hemerotekak hortxe ditutzu, ikusi nahi bazenitu. Estoldetako politika da hori, eta denek ezagutzen dute Espainian. Denek. Denek sartu dute hanka zimaur horretan, denak dabiltza orain lorratza utzita. EAJ ez da horretaz libro, aukera duen orotan besteei autokritika eskatzeko lotsa guti daukan arren. EAJ beste mundu batean bizi da, uste badu liburu bat edo bi irakurri ditugunak hitz erdi bat sinisten diegula. Ze tontoa behar da, edo oso sasikoa, haiei hitz erdi bat sinisteko. Beste kontua da ea horretan ibili izana zilegi jotzen ote dugun, baina, otoi, ez ditzagun bakezale plantak egin. Ez baikara.
      Jeltzaleek baduzue egiarekiko distantzia bitxi bat, ahoa irekitzen duzuen orotan sendi daiteke. Egin, eta egindakoa berehalakoan ahanzteko gaitasuna garatu duzue, hainbestetan ibili zarete biolentoak besteak direla errepikatuz. Baina Cabacasen familiak, seguruen, ez du sinetsiko (Cabacasen) auziaren moteltzea, auziari jartzen ari zaizkion problemak izpiritu jainkotiar eta errukizale edo bakezale batek bultzatua denik, ez bada izpiritu mafioso ilun bat, ahoz gora gauza bat esan eta isilean bestea egiten ikasia dena. Oso trebe ikasia ere. Zertan ez da ba trebe, kostalde oso bat suntsitzeari (Pasaiako Ekoportuaz ari naiz) Eko aurrizkia jartzen dion giza-talde bat, gezurrean ez bada?
      Ikasle zaurituen irudiak ikusi genituen atzo, baziren hamaika. Boterea beti desenkusatzen da gazteak triskantzak egiten ari zirela erranez. Niri ez didate ardura kutxazain batek edo bik, ez didate loa kentzen, eta ez ditut arbuiatzen. Ez naiz ezker abertzalekoak bezain dotore horretan. Baina ikasleen buru odoltsuek bai, ikaratzen naute, nigandik bi metrora ikusi ditudalako. Zeinek ote du arrazoi? Ikasleok? Zuek? Ez dakit, bakoitzak du bere iritzia, baina ez zaitez etor hori guztia bakezaletasunaren izenean egiten duzuenik erratera. Ez da bakezaleen estiloa, makilak geure herriko gazteon buruetan haustea.
      Ari zarete han eta hemen barkamenaz, autokritikaz, literaturaren bidez terrorea salatu beharraz. Propaganda hutsa da. Nik ez nioke idazle bati zertan aritu behar duen erran nahi. Jakingo du non kausituko duen literaturarako arrazoirik, eta opa diot egin dezala ongi, ez baita usu gertatzen. Nik nahiko nukeena beste gauza bat da, nahiko nuke EAJ bezalako alderdiak, taigabean ari direnak biolentzia besteen etxeetako kontua dela aldarrikatzen, horiek egin diezaioten uko haren erabilpenari. Hori nahiko nuke zinez, hori amesten dut egunero. Gauza nahiko argia baita ETA ez dela horretan berriz arituko, zorionez, baina askoz ere kontu ilunagoa da jakitea ez ote den bihar beste Cabacas bat agertuko geure kaleetan hilotz, geure bihotzetan. Horretarako lehen pausua litzateke EAJk egindako mina aitortzea. Egin ez duena oraindik. Egingo ote du? Egingo ote duzue? Zure testuak irakurri besterik ez dago jakiteko, zintzotasunak eta zuek noraino apurtu zenituzten harremanak betiko. Ez du konponbide erraza, ez horixe, kontu beltz honek.
      Bitartean, erregu egiten dizut: ez ni, ez gu setiatu. Utzi pakean.

  • MARKEL AZKONA 2016-03-19 14:59

    Kaixo Laia,

    Beste batek esandakoa lehen lehenik errepikatuko nizuke, zuk Aritz Gorrotxategi eta Andu Lertxundi idazleei fiskala, macarthista, apaiza eta halakotzat salatzen dituzu. Ez didazu esango horiek kritika literarioaren kontzeptu ohikoak direnik. Hizkuntza politikoa da eta ez du literatura ikuspegirik erakusten politikoa baizik. Zure buruari buruz ez duzu egia esaten, lehen konklusioa. Eta nire buruari buruz ezta ere, ni ez bainaiz jeltzalea, eta ez dut uste ez Gorrotxategi eta Lertxundi jeltzaleak direnik. Euskal Herrian jeltzalea eta ezker abertzaleaz haratago bestelako aukera politiko eta estetikoak direla esango nizuke. Mundua eta gure herria zuk uste baino konplexuagoa da. EAJ ez dudalako aipatu jeltzalea naizela esaten duzu. Logika xelebrea. Ez dut aipatu ezta ere Aita Santua, hortaz Obispoa ninteke susmoaren logika barregarri horri jarraiki. Etiketa gutxiago eta argudio gehiago eskatuko nizuke.
    Biolentziaren arazoan esango nizuke nire araua txit xinplea dela, giza-eskubideak errespetatu behar direla beti eta guztiongatik. Gure herri honetan erakunde batek ETAk bere buruari aitortu dio gure herriaren ordezko borroka armatua eraman dezakeela eta ondorioz polizia desberdinei borroka egin behar diela. Hauteskundeen kontua errepikatuko nizuke. ETAren gogorkeria gutxiengo batek sustatu izan du eta sustatu du orain arte. Beste aldean, instituzioak defenditzen zituzten beste alderdiak ziren eta dira. Eta instituzioak –hemen eta Kuban- poliziaz eta bestelako funtzionarioz hornituak dira. Hemen eta Kuban ministroek esaten dute beren instituzioek sostengatzen dituzten polizien ekintza zilegi dela. Gure kasuan, noski, biolentzi poliziala suertatu da giza-eskubideen kontra eta ez hori bakarrik talde parapolizialak sortu dira borroka horretan. Bakoitzak bere ardura hartu dezala giza-eskubideen urraketari dagokionez. Baina nik dakidala ETAk sortu ditu sarraskirik potenteenak. Agian ez dakidan kontabilitate bitxiren bat edukiko duzu zuk, baina hori horrela dela edozeinek konprobatu dezake. Eta ez dezagun gutxietsi ezker abertzaleak talde gisa gure herrietan –nire herrian adibidez- bultzatu duen kale erasoa eta etsai politikoari etengabeko akosoa. Horiek guztiak ere kontuan hartu behar dira baina ez dituzu ikusten. Pena da.
    Kalaka honek noski nekatzen duela jendea, baina zoritxarrez errealitate temati batekin topatzen gara eta hori da ezker abertzaleak ez duela gure herrian promozionatu duen gogorkeria eta beldurra suertatu dituen ondorio gaiztoak txartzat hartu nahi beste alderdi politikoak zipriztindu gabe. Hainbeste hildako eta kaltetutako bizkar gainean edukita hori lotsagabea da nire iduriko. Portaera hori nabari zaizu ni ezagutu gabe, benetako fiskal baten moduan, zeinek pagatzen nauen galdetzen duzunean edota noren zerbitzupean nagoen. Zure kasuan argi dago inork pagatu ala ez, eta Gorrotxategiri, Lertxundiri eta niri botatakoak ikusita inkisizioaren manera bertsuak erabiltzen dituzula, ezker abertzalearen komisario bolondresen amorru berdina erakusten duzula beste edozein batekin diskutitzen jarrita. Diskrepantziaren aurrean erakusten duzun jarrera inposatzaile hori zure ideologiaren adibidea da eta gure herria eta literatura kutsatzen dute, zoritxarrez. Bakean uzteko esaten didazu eta ia orrialde bat gehiagoan luzatzen zara zure postura defenditzen. Bakean uztea nahi duzu baina zuk ez nauzu bakean utzi nahi. Noiz arte ibiliko zara besteari eskatzen zuk egin nahi ez duzuna?
    Jeltzale bezala tratatzen nauzu eta egia esan barregarri iruditzen zait zenbateraino eta zer puntutaraino eraman dezakezun zure paranoia susmoaren bidetik. ÈAJ defendituko duenik egongo da, baina ez naiz ni izango. Hori bai, jeltzaleek nahi duzuna kolaboratu eta egin dute baina ez dute ia mila hildako kausatu dituen erakunde armatu bat martxan jarri. Hori ezker abertzalearen ardura da eta hori zuek (ezker abertzalekook, hor bertan zarela ametitu baituzu) jan beharko duzue.
    Lehengo egunekoak ikusi eta gure herrian gertatutakoa kontuan hartuta, argi dago Euskal Herri honetan ez dagoela talderik horrelako ekintza egiten duenik ezker abertzalearen oniritzirik gabe. Kale borroka aspaldikoa da eta ezker abertzalearen beste gogorkeria mota bat da. Niri pena ematen didana hauxe da, hainbeste gaztek bide hori hartzea azkenean kartzelan bukatzeko eta urteak ziegan pasatzeko ezker abertzaleko zuzendariek akordioetara iristen direnean fiskaliarekin eta ETAko biktimen erakundeekin espetxe gelarik ez ukitzeko. Ezker abertzaleko batzuk oso ondo bizi zarete beste batzuk ziegan eta poliziarekin borrokan pagatzen duten bitartean. Ezker abertzalearen estiloa da banaketa xelebre hori, makilak batzuentzat eta besteentzat salatariaren pulpitoa.
    Cabacas-en kasuaz ari zara eta ikusten dut hori gertatzean Patxi Lopez eta Ares sozialistak zirela Eusko Jaurlaritzako arduradunak. Hori ere EAJri zuzenean gaineratu behar al diozu?
    Harremanak betirako hautsi zituenak partidu guztietako jendea erasotzen eta hiltzen hasi zen alderdia da, ezker abertzalea. Biktima eta zintzoaren paper hori ez dagokizu inolaz ere, Laia. Zurekin ados ez dagoenak badaki zer jasoko duen, laidoa eta etiketa beltza. Baina hala ere, zurekin eztabaida edukitzea aberasgarria izan da niretzat. Etengabe irakurriko nituzke zuretarren ekintzak zuritzeko erabiltzen duzun hitz jarioa. George Orwell-en hitz batzuk gogorarazten dizkidazu: “hizkuntza politikoa gezurrak egiak balira bezala saltzeko eta hilketa errespetagarri bezala agertzeko egina dago”.