Ez lotu itsuki giza tradizioei

Ez dakigu ez non ez noiz gertatu zen liskar hau. Ebanjelariak gauza bat bakarrik bilatzen du: Jesus zein girotan bizi den iradokitzea. Lege-maisuek inguratua ikusiko dugu Jesus; tradizioen zaindari estuak dira, maitasunaren Profetak beren bizitzan txertatu nahi duen berritasunari itsu-itsu uko egiten diotenak.
Fariseuek haserre begi-ematen dute nola ari diren jaten Jesusen ikasleak esku lohiekin. Ezin jasan dute: «zergatik ez zaizkie lotzen zure ikasleak arbasoen tradizioei?» Ikasleez mintzo badira ere, Jesusi berari eraso diote. Eta arrazoi dute. Jesus da tradizio horiekiko obedientzia itsua hausten ari dena; izan ere, bere inguruan «askatasun-eremu bat» ari da sortzen, non funtsezkoa maitasuna izango baita.
Erlijio-maisuen talde horrek ez du ezer ulertu Jesus aldarrikatzen ari zaion Jainkoaren erreinuaz. Horien bihotzean ez da errege Jainkoa. Legeak, arauek, tradizioek markaturiko ohiturek eta hazkundeek jarraitzen dute errege horien baitan. Horientzat, «arbasoek» ezarria betetzea da funtsezkoa. Ez zaie axola jendearen ona. Ez zaie axola «Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna bilatzea».
Larria da okerra. Horregatik, gogor erantzun die Jesusek: «Jainkoaren agindua baztertu duzue, giza tradizioari itsuki lotzeko». Lege-maisuak begirunez mintzo dira «arbasoen tradizioaz», eta jainkozko aginpidea aitortzen diote. Jesusek, aldiz, «giza tradiziotzat» hartu du. Ez da nahastu behar sekula Jainkoaren nahia gizakien fruitu den zerbaitekin.
Gaur ere oker larria izango litzateke Eliza gure aurrekoen giza tradizioen preso gelditzea, gauza guztiak Jesu Kristogana, geure Maisu eta Jaun bakarragana, sakonki itzultzeaz ari zaizkigun bitartean. Ardurazkoa ez dugu izan behar iragana bere hartan gordetzea, beste hau baizik: Ebanjelioa berriro leial gauzatzeko eta gaurko gizartean Jainkoaren erreinuaren egitasmoa eguneratzeko gai izango diren Eliza eta kristau elkarteak sortu ahal izatea.
Gure erantzukizun nagusia ez da iragana errepikatzea, baizik gure egunotan posible bihurtzea Jesu Kristo onartze hori, giza tradizioen bidez, beneragarrienak izanik ere, ezkutatu eta ilundu gabe.

Jose Antonio Pagola

BERRI ONA Sare Ebanjelizatzailea
Egizu lan Jesusen Eliza bihotz-berritzen. Bidali hau

2009ko abuztuaren 30a
Urteko 22. Igandea (B)
Markos 7,1-8.14-15.21-23

ebanjelioa, Gehitu etiketa berria, Nazareteko Jesus

Aita nuen Pagola; ama, berriz, Elorza. Nere izena, Jose Antonio. Añorgatarra naiz sortzez. Nazareteko Jesusen Berri Onaren muina eskeini nahi dut astean behin. Hau katalanez, gazteleraz, frantsesez, ingelesez, italieraz eta portugesez zabaltzen da munduko plazara. Zuk zeuk har dezakezu orain euskaraz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude