Euskal Popa?

cc-by-waponi
cc-by-waponi

Interes handiz irakurri dut Fermin Etxegoienen gaurko Berriako zutabea. Euskal popa ez omen da existitzen (eta ezin omen da existitu), horixe da Etxegoien defendatzera datorrena. Bere tesi eta arrazoiketa zirikatzaile bezain argiak badira ere, ez nago ados.

Bere argudio nagusia da Euskal Herria erresistentzian bizi den lurraldea izaki, ezinezkoa zaiola tradizioaren kontrako musika sortzea. Hasteko, oso garbi ikusten ez dudana da nola identifikatzen duen zuzenki pop-musika musika modernoarekin (modernista, mod), tradizioaren kontra-edo joango litzatekeen musikarekin alegia. Pop musikaren definizioarena eztabaida amaiezina izan daiteke, baina ezaugarritze hori zalantzazkoa iruditzen zait gutxienez (areago pop terminoak popular hitza duela jatorri kontuan izanda). Edonola ere, onartu dezagun hori eta egin dezagun aitzinera.

Euskal Herrian musikan eta gainontzeko arloetan tradizioa ulertzeko modu kontserbadoreak arrakasta duelakoarekin ados nago, baina besterik da tradizio horren kontra egitea ezinezkoa dela esatea.

Nire gertuagoko adibide bat ematearren, horrek esan nahiko luke euskal literatura modernista egitea ezinezkoa litzatekeela, eta hori behintzat, aspalditik aski gezurtatua dagoela iruditzen zait (zorionez). Musikan bertan ere tradizioa horrela ulertzeko moduaren kontrako jarrerak ez dira atzo goizekoak, 1981ean Xabier Montoiak idatzitako “Euskal abestia hil da, gora rock & rolla”  testigu (Zarama jartzen zuen orduan musika berriaren adibide, “nola aldatzen diren gauzak kamarada” esan dezakegu gaur). Gero, urteekin 1980. hamarkada horretan gorpuztu zen musika orduan berritzaile eta apurtzailea denborarekin tradizio kontserbadoreenaren adibide bihurtu dela egia da (ia nahiago ditut Pantxoa eta Pello La Pollaren enegarren imitatzaileak baino), baina hori beste errota bateko ura da. Fenomeno kuriosoa da, hori bai, La Buena Vida edo gisa horretako letra naif-ak dituzten taldeak ia existitzen ez direla euskal musikan (Elurretan hor dago, baina, baiki, salbuespen dira); dena den, ez dugu ba popa letra naifetara mugatuko ezta?

Bestetik, Itoiz bezalako talde bat sortu den lekuan pop musika ezin dela egin esatea bada… ez dakit nola ulertu. Gaur egungo euskal popa non dagoen? Ez dakit, badakidana da egungo euskal poparen mainstreama, hots, Ken7 (letretan presoez eta Euskal Herriaren zapalketa milenarioaz hitz egiten duelako konprometitua da eta ez da popa?), baina gauza txepelagorik ezin zaidala bururatu. El Canto del Loco jartzeko gogoa ematen du. Bidenabar, hauek ere ezin esan kausa sozialekin konprometituak ez direnik: Quiero entrar en tu garito con zapatillas, que no me miren mal al pasar, estoy cansado de siempre lo mismo, la misma historia y quiero cambiar, me da pena tanta tonteria quiero un poquito de normalidad, pero a ver, mirame y dime tronco, no veo ni un sitio y no puedo aparcar. Harrapazak.

Beñat Sarasola, fermin etxegoein, Ken7, musika, pop, xabier montoia
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

5 pentsamendu “Euskal Popa?”-ri buruz

  • Fermin Etxegoien profeta bat da.

    Gora tradizioaren aurkako euskal iraultza!

  • Interesgarria bai, Fermin Etxegoienek planteatzen duena, nahiz eta bere artikuluan asmo zirikatzailea gailendu, nire ustez, arrazoiketa zorrotzari, eta horregatik hainbat hari solte edo behar bezala lotu gabe gelditu diren. Hala ere, nik uste dut garbi ulertzen dela zer esan nahi duen. Euskal Herrian pop musika egin daitekeela ez du inork zalantzan jarri; galdera da, eta nire ustez hori da Ferminek azaldu nahi duena, zergatik egin den horren gutxi, zergatik pop kultura ez den gurean sustraitu, zergatik ez duen Itoizek jarraipenik izan hurrengo belaunaldietan…
    Nire iritziz, pop musika indibiduoaren/indibidualismoaren aldarrikapena da, beste gauza batzuen artean, baina batez ere hori da (Itoizen kasua oso garbia da, Juan Carlos Perezek musikaz eta bizitzaz zuen ikuspegia ezagutzera nahikoa da horretaz jabetzeko). Bizimodu indibidualari lotutako filosofia eta jarrera bat zabaltzen ditu popak, ezer eta inorekiko loturarik gabe. Eta hemen, gaur egun, oraindik ere, komunitateari (tradizioari) kantatzen zaio (hizkuntza, egoera politikoa, herria, askatasun kolektiboa…). Hortaz, Ken 7 pop talde bat da? Estetikoki, bai. Izpiritu aldetik, ez da pop talde bat. Pantxoa eta Peioren bertsio moderno eta gaurkotua baizik.
    Punk izatea gandorra jartzea eta bi akorde gaizki jotzea ez den bezala, popa egitea ez da melodiak eta lelo itsaskorrak sortzea bakarrik.
    Horrek esplikatzen du pop musikak gurean izan duen harrera txikia eta jasan duen sanbenitoa, txorradei buruzko kantuak, konpromisorik gabekoak eta herriaren indar desaktibatzaileak direlakoan.

  • Lukas Mateo 2009-06-25 22:44

    La ostra! A ze maila, Miren Amaia!

  • Etxegoienen artikulua zirikatzailetzat jo duzue. Ez dakit. Dakidan bakarra da neuri ere hari erantzuteko gogoa jarri zaidala. Hori bada zirikatzaile izatea, bada.
    Euskal musikaren inguruan esaten duena bada “zirikatzailea”. Are “zirikatzaileagoa” iruditu zait, baina, honako hau:
    “Nola izango gara mod -modernista- euskaraz abestuta, modernismoak berez baldin badakar tradizioarekin apurtzea?”
    Zer esan nahi du, euskaraz ezin dela ezer modernorik egin? Modernoa izateko gazteleraz edo ingelesez kantatu behar da?
    Gogoan dut Anarik behin aipatu zuela, musikaren munduari eskain ziezaiokeen berrikuntza bakanetako bat hizkuntzarena zela.

    Nahikoa delakoan nago.

  • B. Sarasola 2009-06-26 11:43

    Konpromisoaren gaia aski landu den kontua da literaturan, eta eztabaida horietatik guztietatik garbi atera dudan gauzetako bat da konprometituak diruditen gauza ez konprometitu, oportunista eta konformista mordoa dagoela eta indibidualistak diruditen jarrera konprometitu eta leial bat baino gehiago. Hortik aurrera, euskal musikari dagokionez ekuazioa egitea ez zait hain zaila iruditzen.

    U2 ez da popa Afrikako umeen aldeko kanpainak egiten dituelako? Zenbat Bono-klon dago Euskal Herrian?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude