Beasts Of No Nation
Beasts Of No Nation –
Beasts Of No Nation
“Ezagutzen dudan pertsona oro hiltzen ari da. Eta pentsatzen dut: gerra hau sekula amaitzen bada, berriro haurren gauzak ezin izango ditut egin” esaten digu Agu haur-soldaduak, Beast Of No Nation filmaren protagonista gazteak, gure arimak bortizki ostikatuz.
Gure kontzientziak astinduz iritsi zaigu Netflix plataformak banatutako lehenengo filma. Krudela, gordina, zakarra da filma, deskribatzen duen gerra bezalakoxea. Gerra guztien antzera.
Uzodinma Iweala idazle nigeriarraren elaberrian oinarritutako filmak zehaztu gabeko Afrikako herrialde batean lehertzen den gerran umezurtz geratzen den Agu (Abraham Attah) haurraren istorioa kontatzen du. Mutikoa, haur eta gaztetxoez osatutako errebelde armada batean sartzera behartzen dute, baina segituan egiten da bere egoera berrira. Azkar asko gerrilla-buru den komandante (Idris Elba) sadikoaren kuttun bihurtzen da, zoritxarrez. Gure haur-soldadu protagonistak beste gizaki bat hiltzea zer den ezagutzen du eta gertaera bere mikrokosmoan normalizatu egiten du, sexu erasoa jasaten du komandante basatiarengandik eta bere lagun mina hiltzen ikusten du. Too much. Psikologikoki prest egon behar du batek Beasts Of No Nation ikusteko. Ni behintzat ez nengoen, eta zartakoa izugarria izan zen. Filma ez da samurra, baina ai! zenbat gaurkotasun duen. Gerra ororen biktima errugabeak haurrak direla gogorarazten digu eszena bakoitzean, plano bakotzean.
Cary Joji Fukunaga zuzendariak (Jane Eyre, True Detective) ez dio ikusleari atsedenik ematen, ezta esperantza izpirik ere. Berak idatzitako gidoiak ez du trama sofistikaturik baina Fukunaga gerraren krudeltasuna puri-purian kontatzeko gai da maisutasunez, primerako aktoreen bidez, argazki lan zoragarri batekin eta zuzendaritza bikainarekin.
Beasts Of No Nation filmaren estreinaldia eztabaida artean gertatu zen pasa den urrian. Film eta serieen sare bidezko hornitzailea den Netflixek, Fukunagaren filmarekin bere lehenengo banaketa saioa egin du streamingean. Hala ere, filmaren banaketa sarean eta zine aretoetan aldi berean egitea erabaki zuten eta tirabira EEBB-etako zine areto kate garrantzitsuenekin izan zen. Hauek, Netflix-en estrategia berritzailearen aurrean (90 egunetako esklusibitate araua hausten baitzuen) kasketa harrapatu eta filma boikoteatzea erabaki zuten. Boikot eta guzti, estrategiarekin asmatu dutela dirudi, Beasts Of No Nation estreinatu eta 2 astera 3 miloi ikusle izan baitzituzten. Ez naiz ausartzen hau zinearen etorkizuna izango dela esatera baina plataforma honek ekoizpen eta banaketan apostua egin du eta baditu jadanik profil altuko zenbait proiektu, esaterako, War Machine (Brad Pitt-ekin) eta Adam Sandler-en The Ridiculous 6.
Denborak esango du Netflix-en apostua besteentzat eredu bihurtzen den. Bitartean, Agu-ren esaldi batekin uzten zaitut irakurle maitea.
“Nothing is ever for sure… and everything is always changing”
(Ezer ez da ziurra… eta dena beti aldatzen da)
Deigarria: Aktore protagonistak. Abraham Attah eta Idris Elba. Lehenengoak Veneziako Zinemaldian aktore berriaren saria irabazi zuen eta Elbaren izena Oscar sarien atariko zurrumurruetan entzuten ari gara jadanik. Attah eta Elba dira Beasts Of No Nation. Ikaragarriak.
…
Izarrak: 4/5
Beasts Of No Nation Trailerra (ENG)
Trailerra atera zenetik ikusteko gogoa daukat. Itxura oso oso ona du. Gogorra, latza. Idris Elba The Wiretik estimu handian dut eta perlikulan darabilten azentua ere kontuan eukitzekoa.
Bai! Idris Elba izugarria dago! Jatorrizko bertsioan ikusita are gehiago estimatzen da bere interpretazioa.
Atzo ikusi nuen filma eta erabat gomendagarria. Oso ona, gogorra baina filma bikaina.
Ados!