Kirol-ikuskizuna?

Kirol-ikuskizuna? –

Xabier Euzkitzek Noticias de Gipuzkoa hedabidean.

Kirol-ikuskizuna?Ez da joera betirakorik. Bergarako pilotalekua, behinola ezker-paretako jardun profesionalean pilota-plazarik garrantzitsuenetakoa izan zena, urtean bizpahiru jaialdira mugatua da egun. Aitzitik, Iruñeko Labrit da urtearen buruan jaialdirik gehien jokatu eta jenderik gehien biltzen duena. Hainbat jaialditarako sarrerak zenbait aste lehenago agortuak izaten dira, askotan nork jokatu behar duen jakin aurretik. Bi profilotako bat bete behar da horretarako: pilotazale amorratua izatea, edo frontoirako osteratxoa plan zabalago baten baitan antolatu duen talde bateko kide. Bigarren profil horretakoek bermatzen dituzte gaur egun asteroko betekadak.

Pilota-enpresek irabaziak izatea ona da, eta aspaldian esne-mamitan dabiltza gizonezkoen esku-pilota profesionaleko bi enpresa nagusiak. Tamalez, pilotari taldeek inoizko kopururik urrienetan segitzen dute, eta debutatzeko aukera ematen zaien askoren ibilbidea franko laburra izaten da.

Enpresentzat sekulako pagotxa da astero samar betekada bermatuko dien pilotaleku bat izatea. Denontzat da ona. Halere, saihestu eta atzeratu ezinekoa da Labriteko joerei eta giroari buruzko gogoeta. Pilota kirol-ikuskizuna da, ez diskoteka, inauteria, sanbodromoa edo abesbatza-lehiaketa. Beste gisa bateko pilota maite dugunok erabat gaitzitzen gaituzte zentzurik gabeko txistuek, tantoa jokoan deneko zarata neurrigabeak, goiko solairuetatik jaurtitako izotz-koskorrek, “nahi gabe” eroritako edariek, kirolarekin inolako zerikusik gabeko mozorro-erakustaldiek. Azken asteetan, gainera, megafono baten zarata ere jasan behar izan dugu.

Nafarroako Federazioak ere mozkin ederrak biltzen ditu hango taberna ongi hornituetan, eta badirudi inork ez diola otsoari belarrietatik heldu nahi. Bakoitza nahi beste edateko libre da, baina ikusleen ehuneko esanguratsu bat mozkortuta irteten den kirol-ikuskizuna ez da jasangarria. Dagokienek neurriak hartu eta pedagogiarik egiten ez badute, gainerako pilotalekuetan ere eredu hori izango da nagusi etorkizun hurbilean.

Kirol-ikuskizuna?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Kirol-ikuskizuna?”-ri buruz

  • Inoiz ezin konforme izan, beti purrustadak. Bada, nik ederra deritzot gaur egun frontoietan azaltzen den giroa, eskertzekoa gainera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude