Peter pan(k) sindromea

Peter pan sindromea

Beti buruan darabilkidan gauza bat da denboraren ihes egitea. Nola urtez urte hazten garen, nola aldatzen garen.

Gaztetan irmoki defendatutako ideia eta posizio asko, gupidarik gabe, alde batera uzten ikusi dut jendea, militantzia edo aktibismo kontuetan batez ere.

“Nagusiagoa zarenean ohartuko zara esaten ari naizenaz”, errepikatu izan didate behin eta berriro, amore ematea ekintza saiestezina balitz bezala. Iraultzaile izatea fase bat besterik ez balitz bezala. Kapitalismoaren gurpil geldiezinean sartzera kondenatuta bageunde bezala, inolako ihesbiderik gabe.

Salvador Allenderen esaldi famatu bat datorkit burura halakoetan. Txiletarrak zioen gazte izatea baina iraultzaile ez izatea ia kontraesan biologikoa dela, baina gizarte burges batean bizitzaren bidetik aurrera egitea eta iraultzaile izaten jarraitzea, ordea, zaila dela. Nire aldetik, eta, tamalez, ezingo nintzateke berarekin adosago egon.

Peter pan sindromeaHainbat faktore desberdin egonik ere, paper garrantzitsua hartzen du gurasotasunak gai honetan. Umeak dituzunean, zure denboraren zati handi bat haiei eskainiko diezulako, eta bizi garen sistema eskema honetan, non denbora librea mugatuta dagoen, zortzi orduko lan asalariatuaren menpean, zaila da egin nahi ditugun gauza guztiak aurrera eramatea. Militantzia edo aktibismoa izan ohi da alde batera uzten den lehenengo gauza, “sakrifikatzen” den lehenetarikoa. Erratuta egon naitekeen arren, hala pertzibitzen dut nik. Behintzat nire inguruan ikusi dudanagatik.

Pentsatzen hasita, agian horregatik daukat hain argi ama izan nahi ez dudala. Baina, jo dezagun baietz momentu batez. Zergatik erabaki behar ote dut nire idealak, ametsak edo helburuak aurrera eramatea edo ama izatearen artean?

Zaintza klabea da guzti honetan. Urteetan zehar emakumeei egokitu izan zaie, eta hala izaten jarraitzen du, nahiz eta aldaketarako borondatea egon. Baina, zer gertatuko litzateke adibidez, eskema aldatu eta zaintza gizarte ereduaren erdian kokatuko bagenu? Indibidualismoa apurtu eta komunitatean biziko bagina? Denok denen artean lagunduko bagina? Agian bakoitzak bere proiektuetarako denbora gehiago izango zukeen….

Baina hauxe suposizio bat besterik ez da. Ez dakit, agian amets gehiegi egiten dut. Agian gazteegia naiz oraindik.

Peter pan sindromea

Kazetaria. Mugimendu sozialak eta gatazkak.

Zer duzu buruan “Peter pan(k) sindromea”-ri buruz

  • Zuk diozuna gertatuko balitz, agian…. militantzia beharrik ez litzateke egongo…!!