Ba al dugu gustu propiorik?

Ba al dugu gustu propiorik?

Estetikagatiko egiten ditugun hautuek kolore, forma, ideia… gure gustu propioaren emaitza edo gizarte gorputzari dagozkionak al dira?

Agency izena hartzen du pertsonok ekiteko eta erabakiak hartzeko dugun kapazitateak. Preso egon edo aske, dena delakoa izanda gure egoera, beti existitzen omen da gure baitan agency delako gaitasun hau. Baina egia ote da hori?

Desio asko, praktikan ikusten dugu, moda magazinetan ikusitakotik sortuak direla, celebritien blogetako publikazioetatik sortuak. Hori da hain zuzen ere azken boladan Zarako jaka horiarekin bizi izan den obsesioa. Horregatik berriz egingo dut galdera: nola liteke, pertsona ezberdinak izanda gustu berdina izatea? Zein egarri asetu ote du erosketa horrek erosketa egin duen pertsona bakoitzarengan?

Ba al dugu gustu propiorik?
Facebooken sortutako orrialdeetako bat, jakaren biktimeri buruzkoa

Modak beharrak asetzen ez dituela sarri entzuten dugu. Eta egia da alde batetik, ez baitugu berau erosten hotzetik babesteko. Baina bai bigarren graduko beharrei erantzuteko, eta horietako asko asetzen ditu gaur modak. Moda eta bere kontsumoarekin sozialki maila bat baieztatzen baitugu, edo eta dirua zertan gastatzeko gai garen erakutsi dezakegu adibidez.

Thorstein Veblen soziologoak zioenez, hiru xahutze bideetara batzen da moda. Batetik, armairua urtero berritzen dugun kasuetan diruaren xahutzera. Bestetik, moda denboraren aurka doanez biktimek denbora asko galtzen baitute berau jarraitzen, tendentzia berrietan jakintsu izan daitezen. Baina ba al dago zerbait alperrikakoagorik azkeneko tendentziak jarraitzea baino?. Hirugarrena ezertarako balio ez duen erosketa nabarmendua da, sarri funtzionala izatearekin eta lanarekin bateragarria ez dena: takoi altuak eta kortsea janzten dituen emakumeak bere burua aisialdira kondenatzen baitu.

Tendentzien orakuluak bere karismatik hartzen du indarra. Eta bere gaitasun naturaz gaindikoak profeta bilakatuko du. Jakina da tendentziek ez dutela frogatuak izateko beharrik, berau eroango duten maisuak baizik goitik beherako kazetaritza sare zabal bat eta instituzio batekin lagunduta.

Zorionez oraindik ez gara gai tendentzia zer izango den zehatz mehatz jakiteko. Influentziak sumatu genitzake, baina diseinatzaile independiente edo marka handienek ziurgabetasun bera bizi izaten dugu etorkizuneko tendentzia berrien aurrean. Ezberdintasuna da kate handienek tendentziak sortzen dituzten instituzioetarako sarrera dutela, kazetaritza audientziatsu bati lotua, eta guk ez.

Era berean, kate handienek azkeneko orduan ekoizteko hautua egiten dute, salmentetan ez hutsegiteko. Hau da, behin tendentzia izango dela konfirmatua dagoenean, orduan arrapaladan ekoiztuko dituzte produktu horren berdinak, ez lehenago.

Ba al dugu gustu propiorik?
Sarean jaka honek eragin dituen erreakzioak ugariak izan dira

Gure gustu propioa dena kontsideratzen duguna, azkenean, gure botere monetarioa gu bezalako berdinen artean parekatzeko nahikeria besterik ez ote da ba. Eta lehia hau da tendentzien etengabeko sorreraren jatorrian aurkitzen den arrazoia. Lehia hori gainditu nahiak egiten baitu kontsumoa.

Agian horregatik dira diseinatzaile independenteen proiektuak hain ezberdinak. Eskala txikian gabiltzanok moda tendentziarik gabe maitatzera behartuak bait gaude eta ondorioz emaitzak oso ezberdinak dira. Diseinu atenporalak, kalitatezko materialak, jantziaren erosketan inbertsioa egiteko ideia… lirateke kontzeptuetako batzuk.

Max Weber soziologoak karismaren errutinari buruz hitz egiten du bere liburuetan. Karismaren errutina ideia bat transferitua, eskuratua eta funtzio instituzional bati lotua dagoen operazio bat bailitzan, hori burutzen duen pertsonarengatik independientea dena. Apaizek beren dohaiak instituzionalizatu ahal dituzte elizak sortuta esate baterako. Eta kasu bera da mundu osoko Fashion Weekekin gertatzen dena.

1973an sortu zen Frantzian Branché izena. Tendentzia egiten zuten pertsonei izena emateko erabili zen. Branchéen instituzioa ordutik gaur arte Pariseko Le Palace delarik (musika, kontzertu, desfile… espektakulu handienak egiten diren tokia). Le Palaceko lurra zapaltzeak egiten du tendentzia, eta zapaltze hutsagatik oihartzuna egingo du prentsan. Hala, azken urteetako profeta eta datozen pare bat hamarkadetakoa oraindik ere Karl Lagerfeld izango da, adibidez.

Gabriel Tarde soziologoak idatzi zituen imitazio legeek konfirmatu besterik ez dute egiten honako hau. Tarde ez zen modako biktimetaz bakarrik interesatzen, biktima guztietaz baizik. Bere ustez gizakia kausa indibidual, original eta azaldu ezinezkoegatik mugitzen da. Baina, era berean, gizakiak kausalitate eredugarrien bitartez ere jokatzen du, hau da mimetismo hutsez.

Mimesia gizarte gorputz honen oxigenoa da, meditazio kolektibora eskainia dagoena. Besteek dutena nahi izatearen desioa, lehia biolentziazkoa sortuko duena. Desioek sortutako norgehiagoka horiek kontsumo bidez gaindituko dira bakarrik, erakutsia izateko egiten den kontsumoaren bidez hain zuzen ere. Baieztatuz gai izan dela estatus sozial hori erakusteko, helmuga hori gainditzeko.

Pierre Bourdieu soziologoak zioenez, kapital kultural eta ekonomiko handiena dutenek determinatzen dute gizarteko gustu ona. Eta kapital txikiagoa dutenek, gustu on hori onartu egiten dute. Eta langile klase bajuago honek, klase dominatzailearen nahikeriak desio dituen bitartean itxaron egingo du objektu desiratuok funtzionalak izango diren arte. Eta beraien gustua erabakitzera ailegatzen direnean, behartuak daude, goiko klasearen estetikarako terminologiaz beren gustua definitzera, agency gaitasunaren lorik sakonena aprobetxatuta.

Modaren demokratizazioaz ere hitzegin izan da, prezioaren jetsierari erreferentzia eginez batez ere. Fenomeno honi erreferentzia egiteko erabiltzen den “demokratizazio” hitza arriskutsua da ostera. Alde batetik, egia da moda denon eskura heldu daitekeela gaur aurkitzen ditugun prezioei begiratuta bakarrik. Baina bestetik galdera guzti hauek datozkit burura:

  • Hori al da gure gustua?
  • Ados al gaude prezio jetsiera horren ondorioekin?
  • Ez al gaude kondenatuak demokratizazio honen izenean diktatzen diguten gustu hori geure egitera?
  • Zergatik izan behar da horrelakoa gure moda kontsumoa?

Autonomia praktikotik alde egiten dugu. Agency gaitasuna ez dugu gure baitan aurkitu gura. Erabakitzeko gaitasun propiotik ihesi gabiltza. Autonomía praktikoak ardura eta konpromezua eskatzen digu. Bakarrik kolektibo baten aurrean defendatzeko gaitasuna behar du gusto propioak. Eta agian defensa hori bakarrik ez egitearren, ez dugu berau garatzen.

Gizarte inposaketen aurrean gizakiaren alienazioa baieztatzen duen aztarnarik argiena da moda.

Ba al dugu gustu propiorik?

@themodubat Sortzailea naiz zentzurik zabalenean. Modaz eta moduaz edo patroien formaz hitzegin gura nuke zurekin. Eztabaidak diseinuratzeko proposamenak beti dira ongietorriak nirean.

9 pentsamendu “Ba al dugu gustu propiorik?”-ri buruz

  • Bittor Hidalgo 2016-06-04 08:39

    Oso politta da txamarra.Niri ere erakargarria egiten zait, eta ematen du dagoen prezioan askori iruditu zaiola prezio-kalitate erlazio onekoa.

    Ondo izan

    Bittor

  • Bai, baina kontua da horrek gustu propiotik zenbat duen…
    Eskerrik asko Bittor

    • Bittor Hidalgo 2016-06-06 16:59

      Zalantza egingo dostazu nire gustoa nirea dan? Zurea zeinena dan? Ni, seguru, Martitzekoa banitz beste gusto batzuk neuzkakela, baina ñoñostikoa izan, eta… (ñoñostiar adopzioz…).

      • Ba bai zalantza egiten dot. Zalantzagarria delako justu beti tendentzian dagoena gustatzea. Zalantzan jarri gura dut gustu kolektibo berdin hori. Gustua baino ohitura delako. Tendentziarik gabe zer gustatzen zaigu? Erreferente gabe, zein da gure gustua? Zer egin dugu gure gustu propioarekin? Non dago?

        • Ja hola jarrita zure gustuak kontatu beharko dizkiguzu. Ze darabilzkizun ‘gu’ plural horiekin (‘Tendentziarik gabe zer gustatzen zaigu? Erreferente gabe, zein da gure gustua? Zer egin dugu gure gustu propioarekin?’) ez dakit zenbateraino konturatzen zaren (garen?) joerak joera, modak moda, norbera ez dela beti norbera baino berdin dio zer pentsatzen dudan, egiten duda, sentitzen dudan… Ni ni baino ez naiz, zoritxarrez, ze ez dakizu zenbat gustatuko litzaidakeen aldi berean ni eta gehiago ere izatea, ni eta zu, eta hura, eta bestea…, omnisziente, omnipotenete, ubikuo…, baina ari naiz ikasten ahalmen horiek ez ote diren bakarrik (gure) jankoenak zoritxarrez…
          Ikustezu berba ittea gustatzen zaidala…

          Zaindu

          Bittor

  • Ba hori da hain justu planteatu gura dudana, ia libre ote garen edo gizarte gorputzak behartzen gaituen janzkera propioa aldatzera eta ondorioz gustu propioan eragin (gustu propioa dugun kasuetan). Modan ere itxaron egiten da, begiratu egiten da inguruan aukeraketa pertsonala egin aurretik. Ez dugulako lekuz kanpo gelditu gura. Gu horretan ni ere sartzen naiz, denok sartzen gara, gizarteari buruz ari naizelako. Zaila dena da gustu propioa landuta lekuz kanpo ez gelditzea. Eta zer esango dizut, saiatzen naiz hausnarketa hauen atzeko estetika bilatzen… eta jarraituko dut, badagoela sinistua dudalako eta gauza gutxik motibatzen nautelako hainbeste.
    Bestalde, gustu propioa kontsideratzen duguna, gustu propioa al da? Aurrekoarekin lotura eztua duen beste planteamentu bat da. Eskerrik asko

    • Bittor Hidalgo 2016-06-08 18:49

      Ez dakizu, Kattalin, zenbat harritzen nauen zure GU plural horren erabilerak, edota inpertsonal orokortzailearen erabilerak, diozunean, besteak beste:
      o Modan ere itxaron egiten da, begiratu egiten da inguruan aukeraketa pertsonala egin aurretik.
      o Ez dugulako lekuz kanpo gelditu gura.
      o Gu horretan ni ere sartzen naiz, denok sartzen gara, gizarteari buruz ari naizelako.
      o Zaila dena da gustu propioa landuta lekuz kanpo ez gelditzea.
      o Bestalde, gustu propioa kontsideratzen duguna, gustu propioa al da?

      Niri askoz gehiago gustatuko litzaidake GU eta inpertsonal horiek gabe (ze ematen du zuk denona dakizula), zure iritzi propioa eta gustu propioa plazaratuko bazenu. Esaterako, niretzako benetan baliagarriak lirateke aurreko esaldiak horrela moduz idatzi izan bazenitu (adibidez):
      o Modan ere NIK itxaron egiten DUT / edo / NIK ez DUT itxaroten, NIK begiratu egiten DUT inguruan aukeraketa pertsonala egin aurretik / edo / NIK ez DUT begiratzen.
      o Ez DUDALAKO lekuz kanpo gelditu gura / edo / gura DUDALAKO.
      o Zaila dena da gustu propioa landuta lekuz kanpo ez gelditzea.
      o Bestalde, gustu propioa kontsideratzen DUDANA, gustu propioa al da?… ze ez dakit konturatu zaren, baina propioa edo ez, gustu ‘propioak’ pertsonak (koloreak?) bezain ugariak dira, ez?

      Ez dakit zuk diferentziarik sumatzen duzun…
      Diozu: “‘GU’ horretan ni ere sartzen naiz, denok sartzen gara”, baina esadazu benetan, eskua bihotzean ipinita, zure inguruko zenbatek dituzue gustu berak. Hasi zaitezke zure familiatik bertatik, zure amak, aitak, anaiak, ahizpak, lehengusinak, izebak… zuk uste duzu zure gustuak dituztela, edota bakoitzak dituela bereak? Eta zure lagunek, adiskideek, eskolako/ikastolako gelakoetatik, mailakoetatik, gogoratzen dituzunetatik, zenbatek dituzte gustu berak? Eta zure herrian? Esadazu benetan.

      Eta berriz zure galdera filosofiko nagusian abiatuta ‘hori da hain justu planteatu gura dudana, ia libre ote garen edo gizarte gorputzak behartzen gaituen’, uste det oso eztabaida zaharrean sartzen zarela, jada Aristotelesek behintzat eztabaidatzen duena, eta geroztik eta batez ere filosofo kristauen artean ‘liberum arbitrium’, ‘liberal arbitrioa’ esaten du Leizarragak, ‘libre albedrioa’ Kapanagak. Ingelesez orain ‘free will’. Googlen bada hasteko bederen nahiko informazio.

      Garbi dagoena da (barkatu!, mesedez), nik garbi dudana da, zeinahi ere delarik gure erabakitzeko ahalmena, aukeramena, hautamena, beti dela mugatua eta izango dela mugatua, gizaki mugatuon neurrikoa gehienera. Ze gustatuta ere, nekez erabaki eta aukeratu nezake janztea bat-batean Amstrongek Ilargia zapaldu zuen egunean bezala, eta zuretako eta neretako, gustatu edo ez, zaila lekiguke (seguru asko, eta barkatu, berriro! neri behintzat zaila zait, zuri zuk esango) larrubizitan joatea lanera, eta zalantzarik ez gizarte ohiturak eragiten didala horretan. Ai gizakiaren mugak!

      Gurozun arte, beti zure

      Bittor

  • Erropa kontutan, nei gustoa lehen amak jartzen zian, orain emaztek, eta bihar, seguruna alabak. jajaja
    broma da. Egia da animali kulturalak garela, eta gure gizartean enkajatzeko berezko sena dugula, baina baita desenkajatzekoa ere, gehiegi urrundu gabe. Diferente baina taldeko parte. Eta orekan dago gakoa… jazkeran, izakeran… eta nola egin benetan zer garen deskrubitzeko bidaia introspektiboa? jummmm

  • Askotan arazoa dendetan dago. Praka bakeroak behar dituzu eta zabalak dituzu gustoko, baina modan praka estuak badaude, mila denda pasa ditzazkezu praka zabal batzuk topatzen…
    Agian X dendan badakizu zabalak egondo direla, baina “marka” batekoak eta ez 20€tan…
    Ondorioz, gustoak desberdinak ditugu baina denda kate handien gustuen arabera jantzi behar gara.