[Euskaldunberria] Patxi Ibarguren, Argentinatik bueltan
[Euskaldunberri] Patxi Ibarguren, Argentinatik bueltan
Patxi Ibarguren argentinarra da, Nekotxeakoa, eta lau urte daramatza Hernanin, “pozik”. Bera da Euskaldunberri saila musteko aukeratu dugun laguna.
Ergobitik gora, sagardotegietarako bidean egin dugu topo argentinarrarekin, otsaileko bazkaloste eguzkitsu batean; “paseatzera etortzen naiz hona”, diosku. Elkartu garenerako bagenekien emakume batekin egina genuela hitzordua, izena gora-behera, Pantxike edo halakoa behar zuen izena, baina “Patxi deitu naiz beti, bai, txiki-txikitandik”, argitu digu berak; ehunka anekdota ei ditu, izenaren kontuarekin.
Gurasoen bidea alderantziz egin du Ibargurenek, herriari zein hizkuntzari dagokionez. “Nire familia hemengoa da, nire ama, izeba eta osaba guztiak Gipuzkoan jaio ziren; eta hemendik Argentinara gazteleraz jakin gabe joan ziren arren, gero bizitza zela-eta pixka bat baztertu egin zuten euskara”.
Ikastola bukatu eta Buenos Aireseko unibertsitatean hiru urte ikasi ostean, EHUra etorri zen Ibarguren, Leioara, kazetaritza karrera egitera. “Nire asmoa ikasketak bukatu eta Argentinara bueltatzea zen, baina… azkenean ez naiz joan, hemen nago. Familia hemengoa dudanez ez nuen bueltatu nahi Gipuzkoa ezagutu gabe”. Hortaz, bizitzera herri txiki batera joatea erabaki eta Hernanira heldu baino lehen Andoainen eman zituen lau urte, bertan aurkitu zuelako lana.
“Gauza bat eta bestea, lana eta bizitza… hemen gelditu nintzen arte. Orain Hernanin familia daukat, alabatxo bat, eta bertan bizi naiz senarraren familiarekin. Oso ondo gaude -egun Hernanin bizi du ama ere, eta alde horretatik beteta dagoela dio- eta hemen geldituko gara, jada ez daukat bueltatzeko asmorik”.
.
Koloreak eta abestiak
Euskal Herrian, Bilboko Lizardi izan zuen aurrenengo euskaltegia argentinarrak, baina euskara eskolak jasoak zituen lehenagotik ere. “Beti ezagutu dut euskara, etxetik. Nire herriko Euskal Etxean parte hartzen nuen, eta txikitan bertako euskara eskoletara joaten nintzen lagunekin“.
Behin Euskal Herrian, “konturatu nintzen zein inportanteak izan ziren klase horiek, sorpresa handia izan zen. Euskaltegiko lehen egunean, nik banekizkien koloreak, abestiak, hitzak eta izen asko, eta horrek erraztasuna eman zidan gehiago ulertu eta ikasteko; oinarri polita egin nuen Argentinan, jolas bezala ikasiz, gerora laguntza handia izan dut”.
“Pilo bat gustatzen zait euskara eta euskara ikastea, batzuetan zaila bada ere”, onartu digu barrezka. Egun Hernanikoan dago, “berriro euskaltegian”, eta dagoeneko gainditua du bigarren perfila. “Hurrengo pausua hirugarren perfila gainditzea izango da. Ez da nire aurtengo helburua, baina behintzat klasean nago nire ikaskideek azterketa prestatzen duten bitartean, ea denborarekin ni ere animatzen naizen”.
Hitzik gustukoenak: «Maitemindu eta aizkora»
Sinonimoak, hitzen erroak eta beste, EGAko klasean asko aldatzen da dinamika, “bai, baina ni oso gustura nago eta segitzeko asmoa dut; hobeto hitz egitea baita nire helburu nagusia, eta gehiago ikastea”. Alta, euskaltegiko kontuekin gabiltzala salaketatxo bat ere egin digu Ibargurenek. “Batzuetan euskaltegian ikasten duguna eta kaleko euskara ez datoz bat, eta bi hizkuntza ikasi behar ditugunaren sentsazio izaten dut, sentsazio txarra”.
.
Alabarekin
“Orain abestien letrak ulertzen ditut, eta inportanteena dena, familia bazkarietan ez nago galduta, batzuetan den dena ulertzen ez dudan arren, elkarrizketan nago, eta ez ilargian. Lagunekin eta gizartean harremanak indartu ditut”, euskaraz ondo moldatzen baita.
Oraindik orain, euskarazko prentsa ulertzea nekeza egiten zaiola onartzen du Ibargurenek, “baina hemendik aurrera irakurriko dut gehiago”; eta batzuetan hizkuntzarekin segurtasun edo konfiantza eza izaten duela ere aitortu digu, beldur puntua. “Nire pentsakera gazteleraz doa, eta estruktura gramatikalari dagokionez erabat alderantzizkoa da euskara, normala da kostatzea; momentu guztietan pentsatu beharra, nekea… batzuetan asko, gainera. Baina jarrera ona edo interesa agertzen baduzu, jendeak aurrera egiten laguntzen dizu“.
Erabilerarekin jarraituta, “hemen herrian bizitzeko, asko erabiltzen dut euskara, denetarako. Alabaren ikastolan, lagunekin… eta gustatuko litzaidake gehiago erabiltzea, ez bakarrik euskaltegian edo harreman hurbiletan, baizik eta beste arlotan, ez dakit, bankuan edo”.
Eta etxean? “Guk normalean euskaraz egiten dugu. Alabarekin beti, gainera berarekin euskaraz hitz egitea ateratzen zait. Etxean ere bai, bikotekidearekin eta familiarekin. Zerbait intimoa adierazi behar dudanean kostatzen zait gehien”.
Patxi Ibargureni gustatu egiten zaio euskara ikastea, eta horretan jarraitzeko asmo irmoa du. “Bai, lehen esan dizudan bezala, EGA azterketa ez da nire helburua”. Agian segituko du ikasten hobeto hitz egin nahi duelako, komunikatzeko eta, azkenean, gehiago ikasten badu ziurtasuna ere irabaziko duelako. “Printzipioz bizitzeko ikasten dut, lasaiago bizitzeko, eta jendearekin harreman onak edukitzeko”, euskaraz.
Elkarrizketa grabatzen jarri baino lehen, ea nolakoa izango zen galdetu zigun Ibargurenek, “ahozko azterketa bezala?”. Eta bukatzean ere, aztertua izanaren susmoa azaleratu zuen -euskaldunberri askok eta askok bezala-, etengabe esaten baitzigun: “agian azkarregi hitz egin dut, ezta?” edota “akats asko egin ditut, ezta?”. Horrexegatik gehitu dugu bideotxo hau bukaerara, (apur-apur bat) zirikatzeko asmoz… –Ez izan kuidadorik, Patxi, primeran moldatzen zara-eta!