Euskarazko ekoizpena eta bikoizketa – Iraia Elias eta Itziar Diez de Ultzurrun

Euskarazko ekoizpena eta bikoizketa –

Euskarazko zinema loraldian dagoela bolo-bolo dabil agintari eta komunikabideen ahotan. Baina, egia al da hori? IBAIA euskal ekoizle elkarteak kontrakoa salatu zuen iaz legebiltzarrean: euskarazko zinema hilzorian dagoela esan zuen. Ez da gauza bera “Cine Vasco” eta “Euskal Zinema”, “Euskal Literatura” eta “Literatura Vasca” gauza bera ez diren bezala.

Euskarazko ekoizpena eta bikoizketa

2022an, euskarazko fikziozko film bakar bat ere ez zen estreinatu zinemetan: dokumental bat eta 3 animaziozko pelikula besterik ez. 2023an, berriz, euskarazko fikziozko lan bat izan genuen, IRATI, 3 dokumentalekin batera.

Bada talentua, bada gogoa, bada konpromisoa hainbat ekoizle, zuzendari, aktore, itzultzaile eta bikoiztaileena. Hainbat eta hainbat dira euskaraz gehiago lan egin nahiko luketen kultura arloko profesionalak. Baina, non daude politikak, non aurrekontuak, baliabideak, eta dirulaguntzak? Kezkaz ikusten dugu erakundeetatik ez dutelako euskarazko sorkuntzaren alde egiten. Herrialdeko egoera eta eskaintza aztertuta, streaming plataformetan, zineman eta EITBn gaztelerazko fikzioa da nagusi.

Are gehiago, euskara, euskarazko fikzioa eta euskarazko bikoizketa, audientzia eta kontsumoa argudio gisa hartu eta baztertu egiten dira erakundeetatik, euskararen biziberritzea eta herritarren eskubideak bermatzea helburu izan beharko luketen instituzio publikoetatik, alegia.

Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea azkenputzak dira Estatuan hizkuntza koofizialean ikus-entzunezkoen ekoizpenera bideratutako aurrekontuetan: Katalunia, Valentzia, eta Galizak askoz ere diru gehiago inbertitu dute azken urteotan. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari eskatzen diogu ikus-entzunezkoetara bideratutako baliabideak biderkatzeko, eta hauek euskararen normalizazioaren zerbitzura jartzeko.

Era berean, estrategikoa iruditzen zaigu euskarazko ekoizpen propioez gain, nazioarteko edukiak euskarara bikoiztea. Bernardo Atxagak duela urte batzuk esan zuen euskara aberats, erakargarri, eta erabilgarri egiteko, itzulpena dela giltza. Nazioarteko erreferenteak euskaraz izatea ezinbestekoa da, bai literaturan eta baita zineman edo telebistan ere. Baina ikus-entzunezkoek gure bizitzetan geroz eta indar gehiago hartu duten bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta ETBk euskarazko bikoizketarekin kontrako norabidea egin dute: 1991n euskarara 1.589 ordu bikoiztetik, 2022an 100 ordu eskas bikoiztera pasa ziren.

Euskarazko bikoizketa-orduen gainbehera horri, sektorearen egoera tamalgarria gehitu behar zaio. Erabat hankaz gora eta arautu gabe dago bikoizketa arloa, eta bikoiztaileen lan-baldintzak okertuz joan dira azken hamarkadatan. Erakundeei bikoizketa arloaren prestigioa, kalitatea eta duintasuna zaintzea dagokie, arloko profesional eta kolektiboen eskubideak bermatzea. Erakundeek bikoizketa arloko hitzarmen kolektiboaren alde egin behar dute.

Geroz eta ordu gehiago igarotzen ditugu pantaila ezberdinen aurrean ikus-entzunezkoak kontsumitzen, telebistan, mugikorrean, tabletean, streaming plataformetan… eta honek eragin zuzena dauka hizkuntza ohituretan. Kontuan izan behar dugu euskal herritar askok ez duela bere egunerokotasunean euskara “entzuteko” aukera handirik. Ikus-entzunezkoak hizkuntzaren azentua, tonua, doinua… barneratzeko ezinbesteko tresna dira, baita hizkuntza estandar formal zein informala etengabe sortu, elikatu eta zabaltzekoa ere. Finean, hizkuntza biziberritzeko eta
euskararen erabilerak aurrera egiteko, herritarrok ikus-entzunezkoen euskarazko eskaintza duin, zabal, erakargarri eta eguneratua eskuragarri behar dugu, eta horretarako behar diren baliabideak eta aurrekontuak bideratu behar dira.

Gainera, euskaraz sortutako edo euskarara itzulitako edukiak lau haizetara zabaltzea erakunde publikoen lana da. Diru publikoz egindako ehundaka bikoizketa oraindik ere ez dira streaming plataformetara iritsi, eta hori Eusko Jaurlaritza eta ETBren aldetik arduragabekeria galanta da. Kataluniako TV3ren ehundaka bikoizketa aspaldi iritsi ziren streaming plataformetara. Eusko Jaurlaritzak arduraz jokatu eta gaian lidergoa hartzeko momentua da, ez soilik herritarrek eskatzen diogulako, baita Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrak hala ezartzen duelako ere.

Euskarak fikzioa behar du, berandu baino lehen. Alda dezagun gidoia euskarazko ekoizpen eta bikoizketen alde!

Euskarazko ekoizpena eta bikoizketa  Euskarazko ekoizpena eta bikoizketa

Hainbat eragilek bat eginik Eusko Jaurlaritza eta EiTBri zuzendutako kanpaina jarri dugu abian, kultura eta ikus-entzunezko politikak errotik aldatzeko eskatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude